Zelaira, telebista gida hartuta

Osasunak hilaren 20an ekingo dio ligari; Athleticek, 21ean, eta Realak, 22anJardunaldi bakoitzeko partidak bederatzi ordutegitan banatuko dituzte, eta bat igande eguerdian izango da, 12:00etan

Gaizka Toquero, zelai gainean min hartuta, atzean telebista kamera bat begira duela. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Egunkariko kirol saila irakurtzea baino, futbolzaleak hobe izango du sasoi honetan telebista orrialdeei begiratzea. Bai, behintzat, asteburua hurreratzen denean. Telebista eskubideek banatzen dute diru gehien futbolean, eta eurennahia da aldi berean bi partida ez jokatzea. Eta ia lortu dute. Espainiako Liga bi aste barru hasiko da, eta bederatzi ordutegi egongo dira, hiru egunetan banatuta. Hala, ez da harritzekoa Osasunak abuztuaren 20an, larunbata, 22:00etan jokatzea lehen partida; Athleticek 21ean, igandea, 18:00etan; eta Realak, azkenik, 22an, astelehena, 21:00etan.

Futbol Liga Profesionalak atzo zehaztu zituen lehen bi jardunaldietako partidak, hasiera batean herenegunerako espero bazen ere. Ordutegietan iraultza espero zen, eta egon badaude aldaketak. Berritasun handiena igande eguerdiko partida izango da, 12:00etan jokatuko dena. Osasunak, esaterako, eguerdian jokatuko du bigarren partida. Aurreko sasoian hasi ziren 16:00etan jokatzea probatzen, eta hastear dagoenean eutsi egingo diote. Era berean, astelehen gaueko partidak berean jarraituko du. Hala, jardunaldi bakoitzeko bi partida baino ez dira jokatuko ordu berean, eta egoera hori berdin-berdin izan daiteke larunbatean edo igandean. Bitxia bada ere, futbol ordutegi klasikoena, igandeko 17:00etakoa, desagertu egingo da.

Telebista dago ordutegi saltsaren atzean. Batetik, ordainduriko telebista plataformek ez dutelako nahi partida batek beste bat estal dezan, eta, hala, nahi duenak denak erosteko aukera izan dezala. Bestetik, Espainiako Liga nazioartera zabaltzea da asmoa. Igande goizeko partida eta 16:00etakoa zuzenean eta ordu erakargarri batean ikus daitezke Asian. Futbol taldeak hasiera batean ez zeuden aldaketen alde, bazkideak gehiegi nahas zitzakeelako, baina mozkinak ikusita, ametitu egin dituzte. Beraz, bazkideek ondo gogoan hartu beharko dituzte asteroko ordutegiak, partidak galdu nahi ez badituzte.

Eztabaidagai izango da, era berean, zein taldek jokatuko duten ordu berri horietan. Aurreko sasoian, astelehenetako partida jarri zutenean, Espainiako Ligako talde handiek ez zuten behin ere jokatu, besteak beste Txapeldunen Ligako partidak zituztelako. Athleticek, berriz, askotan jokatu zuen astelehenez, eta atzo Gorka Iraizoz atezainak bere susmoak azaleratu zituen. «Ordutegira moldatu beharko dugu, beti egin izan dugun bezala. Espero dugun bakarra da talde guztiek jokatzea ordu berrietan, eta ez gaitezela batzuk bakarrik izan futbolean aritzeko hain onak ez diren orduetan jokatuko dugunak». San Mameseko lehen partida, bigarren jardunaldikoa, 16:00ean jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.