Sevillrena eta Osasunaren artean lehia ikaragarria izan da azken denboraldietan. 2001-02ko sasoiko azken jardunaldian hasi zen dena. Gaur arratsaldeko lehiara bigarren postuan iritsiko da Sevilla; Osasuna, aldiz, sailkapeneko azkena da. Hala ere, derbietan esan ohi den legez, sailkapeneko egoerak ez du zerikusirik izango. Azken finean derbi itxurako partida bilakatu baita azken denboraldietan Sevilla eta Osasunaren arteko norgehiagoka.
2002ko maiatzean hasi zen ezinikusia. Osasunak Sadarren jokatzen zuen Alavesen aurka denboraldiko azken norgehiagoka. 0-1 nagusitu ziren gasteiztarrak, Karmonaren gol bati esker, eta UEFArako sailkatu zen Alaves, Sevillari aurrea hartuta. Sevillan esan zuten Osasunak ezer ez zuela egin partida irabazteko. Bi taldeon arteko gorrotoa hastear zen orduan.
Hurrengo denboraldian, Espainiako Kopako final-laurdenetan, partida beroak izan ziren. Batik bat Nafarroako Erresuman jokatu zen itzulerakoa: 2003ko urtarrilaren 29a zen, eta Iruñea elurrez estalita esnatu zen. Partida itsusia eta gogorra izan zen. Sevillako partida 1-1 amaitu zen, eta Iruñekoan ere emaitza berarekin amaitu zen arauzko denbora. Luzapenean 3-2 nagusitu zen Osasuna, ordea. Partida sutan amaitu zuten Sevillakoek, gol erabakigarria Gorka Briti egindako zalantzazko penalti baten ostean lortu baitzuen Iñaki Muñozek.
2003-04ko denboraldian marka guztiak hautsi zituen Liga norgehiagokak. Denboraldiko azken partida zen, Sevillan, eta etxekoek irabazi beharra zeukaten UEFArako sailkatzeko. Partida gogorra izan zen, eta jokoan ezer ez izan arren, kementsu aritu ziren nafarrak. Baptistak sartutako gol bati esker 1-0 irabazi zuen Sevillak, eta UEFArako txartela lortu arren, ez zeuden pozik. Sutan amaitu zuten lehia, eta ikusgarria izan zen Alfredo, Bakayoko eta Chengue Morales Pablo Alfarorekin eta Javi Navarrorekin mutur joka ikustea. Ondorio txarrak izan zituen partida hark Osasunarentzat: partida askotako zigorrak izan zituzten Javier Aguirrek eta liskarretan aritutako jokalariak.
2004-05ko denboraldian ere Osasunak Kopatik at utzi zuen Sevilla, eta Sevillakoek Osasuna gorrotatzen jarraitzen zuten. Are eta gehiago 2005-2006ko denboraldian Txapeldunen Ligarako txartela kendu zienean Osasunak. Javier Aguirreren taldeak laugarren postuan amaitu zuen Liga;Sevillak bosgarren, puntu kopuru berberarekin.
Dena dela, 2006-2007ko denboraldian mendekua hartu zuten espainiarrek UEFA Kopan. Finalerdien joanekoa Osasunak irabazi zuen Iruñean 1-0, baina Sanchez Pizjuanen estu hartu zituzten nafarrak, eta Sevilla sailkatu zen.
Camachoren iragana
Horri guztiari iragan sasoian, 2008ko urtarrilean, Sevillak Ligan lortu zuen garaipen polemikoa gehituz gero, bi taldeen eta euren zaleen arteko ikusiezina ulertzea ez da zaila . Luzapenean penalti arraro bat adierazi zuen epaileak, eta horri esker irabazi zuen Sevillak. Zigandak eta Goikoetxeak Sevillako ordezkari Cristobal Soriarekin burua galdu zuten partida amaieran, eta liskar ikaragarriak izan ziren aldageletarako bidean.
Aste honetan Osasuna Sevillaren «bigarren etsai nagusia» dela esaten ere ausartu dira Sevillako zenbait hedabidetan, eta Betis hor egonda, bada zerbait.
Bai, behintzat, entrenatzailea aldatzen ez duten bitartean. Izan ere, Osasunak lagun gutxi baditu Sevillan, Jose Antonio Camachori ere antzeko zerbait gertatzen zaio. 1996-1997ko denboraldian Sevillako entrenatzailea zen, eta Sevilla Bigarren Mailara jaitsi zela ez dute ahazten. Camachok ez zuen denboraldia amaitu ere egin. 1997ko otsailean dimisioa aurkeztu zuen, bost minutu falta zirela 2-0 irabazten irabatzen ari ziren partida bat 2-3 galdu ostean. Reala izan zen Camachoren agurraren arduraduna, azken bost minutuetan Graciak, Mutiuk eta De Pedrok egindako gol banari esker. Prosinecki, Almeyda edo Bebeto jokalariak zituen Sevillak, baina joko krisi ikaragarria zuen.
Hamabi urte geroago itzuliko da Camacho Sanchez Pizjuanera, eta ezagunak aurkituko ditu -Sevillako entrenatzaile Manolo Jimenez eta kirol zuzendari Monchi bere aginduetara izan zituen, esaterako-, baina lagunak, ez asko. Sevillako zaleek ez diote inoiz harrera gozorik egingo, eta Osasunako entrenatzailea izanik, are eta gutxiago. Horrek ez du Camacho batere kezkatzen: «Ez nau batere kezkatzen egingo didaten harrerak; hemeretzi partidatan soilik zuzendu nuen Sevilla, eta ahal nuen guztia egin nuen, ez gehiago eta ezta gutxiago ere», esan zuen atzo.
Gaur iluntzeko partidak bi taldeen arteko partiden mitoa gizentzen jarraitzeko ezaugarri guztiak ditu. Sevillaren eta Osasunaren arteko partida garrantzitsu guztiak urtarrilean edo maiatzean jokatu izan dira azken urteetan. Gaurkoa ere bai. Eta ia gehienetan Euskal Herriko epaileren bat izan da tartean; gaur ere bai.
Iragan sasoian Iturralde Gonzalez izan zen liskarren eragileetako bat . Partida hasi aurretik kanpaina ikaragarria egin zuten Sevillan, euren taldeari askotan kalte egin ziotela gogoratuz, baita Osasunaren aurkako partidaren batean ere, eta urduri aritu zen bizkaitarra, erabaki polemikoak hartuz. Penaltiaz gain, Josetxo eta Javi Garcia egotzi zituen.
2003-04ko denboraldiko azken partidan, Perez Lasa gipuzkoarra zen epailea. Eta Sevillako zaleak amorratu egin zituen bere erabakiekin, nahiz eta azkenean partida irabazi.
Gaur iluntzeko lehian Delgado Ferreiro bizkaitarra izango da epailea. Ez du lan erraza izango. Oso partida beroak eta gogorrak izaten baitira Sevillaren eta Osasunaren artekoak.
Zelairik deserosoena
Iragan sasoiko liskarrak ez daude ahaztuta, eta partida beroa iragar daiteke gaur ere Sevillako Sanchez Pizjuanen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu