Zeledonen lagunik onena

Gasteizko Andre Mari Zuriko Torneoan izen bat nabarmentzen da: Titin III.a. Bederatzi aldiz irabazi du, eta txapeldunorde hirutan izan da. Gaur hamargarrenaren bila abiatuko da.

Titin III.a, garaikurra eskuan duela, Ogeta pilotalekuan, 2008an. J. HERNAEZ / ARP.
jon eskudero
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Pilotaren historian arrastoa uzten ari da Augusto Ibañez, Titin III.a (Tricio, Espainia, 1969). Hitz asko erabil daitezke haren jarduna definitzeko, baina pilotazaleen artean entzutetsuena zera da: meritua. Izan finala, izan jaietako partida, izan jolas orduko neurketa, beti ematen du daukan guztia, eta horregatik da hain maitatua. Logroñon da kutuna, baina Gasteizen ere estimu handia diote. Gasteizko jaiek umorea dakarte, baita pilota torneoa ere. Titin III.ak, bada, biak ezin hobeto uztartu izan ditu. Andre Mari Zuriko Torneoa jokatzen urteak daramatza, eta ikuskizuna emanez, gainera. Beraz, pilotalekuan umorea jartzearen arduraduna Triciokoa da. Argi dago, Zeledonen lagunik onena bera da.

Bederatzi aldiz igo da Triciokoa podiumaren gailurrera profesionaletan daramatzan hemeretzi urteetan. Txapeldunorde, berriz, hirutan izan da. Egia da binaka dela trebea Titin III.a, eta ez banaka, baina zenbaki horiek dituen bakarra bera da. Bederatzi tituluak, gainera, hiru atzelarirekin soilik lortu ditu: Errandonea, Elkoro eta Pascualekin. Atzelarien laguntzarik ez du faltan izan Triciokoak; enpresak beti lagundu izan dio arlo horretan. Baina gasteiztarren txalo gehien bildu duen pilotaria bera da. Apustuei erreparatuta ere, dirua gehiagotan egon da haren alde kontra baino. Oraindik ez da ase, ordea, eta gaurtik hasita, hamargarren garaikurra lortu nahi du. Zubieta izango du lagun, eta Bengoetxea VI.a eta Begino aurkari. Iaz ere jokatu zen partida hori, eta Aspekoak nagusitu ziren (22-18).

1992ko irailaren 3an egin zuen profesional mailako debuta Titin III.ak, 23 urte zituela, eta berehala hasi zen bere mailaren berri ematen. Urtebete igaro baino lehen Gasteizko torneoan lehen aldiz parte hartzeko aukera eman zion enpresak. Hain zuzen ere, torneoa ofizial egin zuten estreinako urtean. Eta hark ez zuen alferrik galdu aukera. Errandonea lagun zuela, egun Aspeko zuzendari komertziala dena, Alustiza eta Maiz hartu zituzten mendean, uste baino errazago (22-13). Bikote horrek apenas galtzen zuen norgehiagokarik, oso sendo agertzen ziren beti, baina Gasteizen ez zien inolako aukerarik eman Titin III.ak. Partida hori irauten ari den aro baten hasiera izan zen.

1993an lehena, eta bi urte geroago irabazi zuen bigarrenez Andre Mari Zuriko Torneoa. Triciokoak eta Elkorok 13an utzi zituzten Alustiza eta Zezeaga. Elgetako atzelariarekin lortu zuen estreinakoa izan zen, baina 2001ean eta 2002an ere irabazi zuten. Bolada horretan aurreko pilotariak erretiratzen hasi ziren, eta egun ari direnek ekin zio- ten lehiari; besteak beste, Olaizola II.ak, Xalak... Titin III.ak, baina, ez zien barkatu. Esaterako, Triciokoak eta Goizuetakoak hiru final jokatu dituzte elkarren kontra Gasteizko torneoan, eta hiruretan zaharrena nagusitu da.

Errandonearekin behin eta Elkororekin hirutan gailendu ondoren, Titin III.a Pascualekin jokatzen hasi zen; bolada luzerako, gainera. Erabat asmatu zuen enpresak erabaki horrekin, bost aldiz altxatu baitzituzten trofeoak. 2004an hasi eta 2008ra arte haien etxeetara joan ziren garaikurrak. 2004an, Olaizola II.a-Patxi Ruizi irabazi zieten (22-7); hurrengo urtean, goizuetarrari eta Zearrari (22-19); eta, 2006an, hamahiru tanto egin zizkieten bakarrik Olaizola I.ak eta Zearrak. 2007 eta 2008ko finalak, bestalde, 21ean irabazi zituzten: Xala-Goñi III.ari bata, eta Lekuinekoari eta Lasari bestea.

Polemikaren bat ere bai

Gauza handiak egindakoa da Titin III.a Ogetan, eta lore ugari jaso ditu pilotazaleengandik, baina guztia dirudien bezain polita ere ez da izan. 2007ko finalean sekulako liskarra gertatu zen. 21na zihoazela, traba egin zion Pascualek Goñi III.ari, eta finala bertan amaitu zen, irabazleen alde. Hori ikustean, haserretu egin ziren Xala eta Zubirikoa, eta Titin III.ak kontra egin zien. Pilotalekuko zati handi batek zera oihukatu zuen: «Horrela, horrela irabazten du Titinek». Momentuko beroaldiaren kontuak izan ziren.

Gustuko lekuan, aldaparik ez. Horrela dio esaerak. Eta zalantzarik ez dago Triciokoarentzat leku aproposa dela Ogeta. Frontis baxukoa izaki, errematerako aukera gehiago ematen du, eta horretan artista da. Izan ere, atzelariei gehiago kostatzen zaie pilota kentzea, eta Titin III.ak ez du barkatzen aurreko koadroetan.

Gaur irabazten badu, Titin III.ak Xala-Albisu izango ditu aurkari finalerdietan, eta Triciokoak ez du erretiroa hartu nahi hamargarren titulua irabazi gabe. Baina garbi dago pilota uzten duenean haren falta sumatuko duela Gasteizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.