Aurtengo Tourreko irteera ez da iazkoa bezain ikusgarria izango, eta aurkezpena atzo izan genuen arren, ez daukat horri buruzko gauza aipagarririk kontatzeko. Beraz, zenbakiei buruz hitz egitea pentsatu dut. Oso zenbakizalea naiz, beti gustatu izan zaizkit zenbakiak. Azken batean, bizitza guztia mugatzen da zenbakietara. Horren adierazgarri da nire aurtengo Tourra. 95. ekitaldia izango du lasterketa honek, 21 etapa izango ditu, eta 3.559,5 kilometro egin beharko ditugu guztira. 11 euskal txirrindulari egongo gara tartean. Azken urteekin alderatuta, kopurua txikiagoa da, baina kalitatean ez dugu behera egin. Azken urteotan 20 txirrindulari inguru izaten ginen Tourrean, eta aurten 11 bakarrik etorri gara, baina denak oso-oso maila onekoak.
Nire seigarren Tourra izango da aurtengoa, eta iaz bederatzigarren geratu ostean, zenbaki hori txikitzea da helburua, ahalik eta zenbakirik txikiena lortzea. Horretarako, azarotik uztailera zortzi hilabete daramatzat entrenatzen. Zortzi hilabete horietan 220 entrenamendu izan dira bizikleta gainean, horiek 25.000 kilometro osatzen dituzte, 750 ordu bizikleta gainean, 4.050.000 pedal-kolpe, 5.800.000 bihotz-taupada, eta horien artean 45 lasterketa Tourrera ahalik eta mailarik onenean iristeko.
Horretarako 150 pasta platerkada jan ditut, eta beste 180 zereal kaxa. Zortzi hilabete horietan hamar kilo galdu ditut, aurtengo helburu handi honetara behar bezala iristeko, eta, azken finean, zenbaki horiekin guztiekin, lehen adierazi dudan gauza bera adierazi nahiko nuke orain: pentsa zenbakiek zenbateko garrantzia daukaten bizitzan, eta, nire kasuan, Tourrean!
Helburua horixe da, zenbaki bat lortzea, eta zenbaki hori bata izatea. Egun batean, ahal bada, eta egun batean ezin bada, sailkapen nagusian ahalik eta zenbakirik txikiena lortzea. Jendeak, agian, pentsatuko du zenbakiek ez daukatela aparteko garrantzirik, baina pentsa guretzako zer den!
Gure kasuan ere, Pariserako bide horretan, 21 artikulu izango ditugu datozen egunetan. Hauxe duzue lehenengoa.
Zenbaki festa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu