Zaldiak ihesean irten dira gerturatu zaienean. Lauahazka burrunba harrigarria da; ibar guztian aditu da harrabotsa. «Zakurrengatik da», azaldu du, bere burua zuritu nahian. Lucas eta Argi dira, border collie arrazakoa bata, eta txikia eta marroia bestea; eta alboan izan ditu goiz osoko osteratxoan Aritz Beginok (Autza, Nafarroa, 1980). Eguneroko errutina du, aitarekin tartekatuta: zaldiei jana eman, gerturatu, laztandu eta agur esan. Etxe atzean ditu batzuk, leihotik ikusten ditu, larre txiki batean. «Gutizia dira, lana baino ez dute ematen, baina…», hitzik gabe gelditu da, miresmen deklarazio ozena.
Zaldi artean hazia da Begino, eta zaldi artean jarraitzen du. Aitak herriko behortegi ezagunean egin zuen lan —besteak beste, Bengoetxea III.a buruz buruko txapeldun izandakoarekin batera—, eta orain bien artean hazten dituzte. ADNak irrintzi egiten dio, erdi gizaki, erdi zaldi; zentauro bat. 11 zaldi ditu, zortzi moxal eta sei ehiza zakur. Moxal jaioberri bat da bere kutuna egun. Beste larre batean du, aparte; lotuta dago, eta pilotariaren aita jaio zen baserri zaharra du estalpe. «Bi hilabete ditu, eta ama hil zitzaion duela hamar egun. Pena izugarria eman zidan», gogorarazi du txiki beldurtia laztantzen duen bitartean. «Duela hamar egun ez zegoen gerturatuko zitzaionik, eta begira orain. Animalia oso argiak dira; badakite zeinek duen intentzio txarra eta zeinek ez».
Zentauroaren larreak Autzan daude, paradisuak Ultzama ibarrean duen sukurtsalean. Greziako mitologiak Tesaliako mendateetan kokatzen zituen; honek, baina, Pirinioen gerizpera egin zuen ihes. Mendilerroa, ikusi bainoago, sumatu egiten da, haize freskoan. «Hemen, normalean, Donostian baino zazpi gradu gutxiago egoten dira. Neguak oso gogorrak izaten dira». Lurrean, alfonbra berdeak pinporta zuri eta horiak ditu: bitxiloreak eta txikoria belarra dira, udaberriaren salatariak. «Berrogeita hamar erreneurri ditugu [40.000 metro koadro]; batzuk gureak eta beste batzuk errentan. Hortik paseatzen dut, ia egunero».
Bere garaian Iruñera bizitzera joatea pentsatu zuen; hiriak tentatu zuen, baina ez nahikoa. «Eta ez banintzen egokituko? Non izango naiz ni hemen baino zoriontsuago? Dena dut hemen, sendia, lagunak [herritik pasatzen diren ia kamioi gidari guztiek jo diote klaxona] animaliak…». Gurasoen etxe alboan bizi da, eta arreba du bizilagun. Adiskide gehienak ere eskualdean ditu. Iruñea, gainera, ez dago hain urrun, zinemara joateko, adibidez, bere pasioetako bat, eta, parrandarako, Elizondo du gustuko. «Autobusez joateko aukera dugu, gainera. Urtean bi parranda egiten ditut, ez pentsa. Larunbatean ateratzen banaiz, asteleheneko entrenamenduan oraindik nabaritzen dut biharamuna».
Zaldi guztiek, baina, ez dute irrintzi egiten. Badaude zarata handiagoa egiten dutenak. Gasolina eta olioz elikaturikoak, eta Beginok horiek ere gustuko ditu. «Nerabezaroan mekanika lanbide heziketa hasi nuen; lehen ikasturtearen ondoren utzi nuen, eta orain gustura egingo nuke bigarrena, gehiago jakitearren. Liburuetarako ez nintzen oso ona, baina motorrak gustuko ditut. Tailer batean lanean egon nintzen, uda bat eta negu bat, baina utzi nuen, pilotari heltzeko. Pilota futbola balitz bezala…».
Arra asetzeko lehengusu bati laguntzen dio tailerrean; «lagunei lan txikiak egiten dizkiegu, piezaren bat edo beste aldatu». Haren palmaresean, baina, bi harribitxi ditu, goitik behera berriztaturiko eta itxura bikaina duten bi traktore eta erremolke bat. Estalpe batean egiten dute dirdira, moxal gaztearengandik hurbil. «Bat 1956koa da; aurkitu genuenean uharrak janda zegoen, eta orain primeran dabil». Bi auto ere baditu, lur orotarikoa eta zaldi askoko —nola ez— kirol auto bat. Auto hori, baina, ez du erabiltzen. «Gutizia bat izan zen, gazte garaietakoa…, eta, egia esan, ez dut erabiltzen. Ez zen inbertsio ona izan; damutu zait; lur orotarikoa erabiltzen dut. Aldizkarietan, fidagarrietan bigarrena dela diote».
Pilotalekurik gabeko herria
Pilotalekurik gabeko Euskal Herriko herri bakarretako batean jaio zen Begino. Duela gutxi eraiki dute Autzan, eta oso laburra, gainera. Genetika eskuzabala izan zen harekin; zaldi trazak dira, eta Larraintzarko eskolako pilotalekuan eman zituen lehen pilotakadak. «Ez zegoen hara joateko autobusik. Auskalo zenbat aldiz eraman nauten gurasoek autoz!». Aitak afizio handia zuen; Julian Lajosen laguna da, eta makina bat bidaia egin zituzten batera. Begino berehala nabarmendu zen Irurtzungo pilota eskolan, Fermin Eskuderoren aginduetara. Burlatako Iriarte eta Ruiz ziren haren aurkariak orduan. «Asegarcek DV txapelketa batean ikusi ninduela uste dut, 16-17 urterekin, eta haiekin entrenatzen hasi nintzen, Mendiluzerekin batera».
Eskuin kolpe hartan etorkizun oparoa ikusi zuen enpresak, eta Salva Bergara jarri zion mentore. Pilotari nagusiagoen arreta ere piztu zuen, orduan ez zen ohikoa hain gazterik sartzea enpresan, eta Arretxek eta Belokik buruz buruko entrenamenduetarako sparring hartu zuten 17 urte baino ez zituela. «Ruben [Beloki] autoz etortzen zen nire bila, eta elkarrekin joaten ginen. Gero, hemen bazkaltzen genuen, ostatuan; pentsa, ni Belokirekin bazkaltzen! Idolo bat izatekotan, bera». Halere, Bergarak pasatu zuen Beginorekin denbora gehien, ezkerra lantzen eta ofizioa irakasten.
«Nik ez nekien pilotari izateko balio nuen. Ezetz uste nuen; denak oso onak ziren. Balerdiren oroitzapen ona dut, asko jokatu genuen elkarren aurka hasieran. Etxean asko animatzen ninduten, baina nik ez nuen ikusten. Urte batzuk pasatu arte ez dut lan bat bezala ikusi». Bere buruarekiko gazte zalantzadun hark 2001ean egin zuen debuta, eta urte batzuk kosta zitzaizkion partida nagusietan finkatu eta txapelketetan sartzea. Hasieran askok uste baino gehiago, 28 urterekin jokatu baitzuen aurrenekoz binakakoa. «Ez nuen presiorik sumatzen, egia esan. Ez ninduten estutu. Pilotan gora iristea ez da erraza; bidea luzea da, eta nik banekien denbora beharko nuela».
Eskuin kolpeak egin zuen ezagun Begino. Ikuskizuna ematen zuen atzelariak. Ez du ezkutatu gaztetan gustuko zuen pilota ona zuenean ikusleen ikusmin oihua, baina horretan ere lasaitu da. «Intentzioa eta baztertzea indarra baino garrantzitsuagoak dira». Zamarik astunena, berriz, buruan izan du: kirioak. Urduria baita oso belardietatik urruntzen denean. «Denetarik probatu dut lasaitzeko; ate asko jo ditut, eta ezer ez. Azkenean, urteek lasaitu nautela uste dut. Hori bai, partida txar pare bat jokatuz gero, konfiantzak ere ihes egiten dit».
Binakako finalera iritsi izana ez du liberaziotzat jo, «poz handia izan da, baina ez liberazioa». Bidean, kidearen lana goraipatu du. «Aimarrek oso ondo eraman nau. Beti animatu nau, 'zuk jokatzen duzunarekin!, nola ez dugu aurrera egingo' eta halakoak esan dizkit. Hark du meritua; lesiotik irten eta lau hilabetera, finalean dago, eta hori jendeak ez du baloratu». Txapelketan gorabehera asko izan dituzte, eta, haren gertukoek diotenez, Beginok ez du ondo pasatu. Arazo fisikoak ezkutatu dituzte; bi aldiz galdu dute 22-21, eta kritika asko jaso dituzte. Gehiegi. «Jendeak gauza asko esan ditu nola geunden jakin gabe; ez da erraza izan. Halakoek min ematen didate. Bide oso gogorra izan da».
Sergio gogoan
Txapelketa hasi aurretik zoritxarrak zauritu zuen. Sergio, 33 urteko lagun oso mina, lan istripu batean hil zen. Lur jota utzi zuen ezbeharrak, eta, finalera pasatu zenean, hura etorri zitzaion gogora. Astelenako kantxan bost segundo egin zituen geldirik, hieratiko, memoriarekin bakarrizketan. «Harekin oroitu nintzen; benetan, negarrari eustea kostatu egin zitzaidan». Badauka nori eskaini txapela, iristen bada. «Bai, noski. Etxekoentzat eta harentzat izango da, baina oso urrun dago oraindik».
Finala dagoeneko sari bat da. Eta prestaketa bide luze baten fruitua. Argal dago Begino, zimeldua, eta gorpuzkerari buelta eman dio. Giharra zena zuntz bilakatu da, eta karga arindu du, besteak beste bere burua postrerik gabe gaztigatuta. «Gozozalea nintzen, itsua, baina asko zaindu dut jana, ia obsesionatzeraino». Lan fisikoan, Iñigo Monreal olinpiar atleta ohia du prestatzaile, eta hark egin dio gogor hankak arindu ditzan, laurak. «Ariketak betikoak izan dira, eta askoz arinago sumatzen dut neure burua. Gero ere mendiko bizikletari gustua hartu diot. Agian kolpe pixka bat galdu dut, baina hobeto bukatzen ditut partidak».
Larreetan paseatuz erreko ditu finalera arteko egunak. Ezinegonak jota urratzen ditu egutegiko orrialdeak, jokatzeko irrikan baitago. Igandean berak gidatuko du autoa Bilboraino, atzean badoa zorabiatu egiten da eta. Aitarekin joango da, eta, agian, pilotari buruz hitz egingo dute. «Ez dugu gaia saihesten; suertatzen denari buruz hitz egingo du, edo irratiak dioenari buruz».
Final bezperarako, bi zeregin ditu. Batetik, Real Madrilen eta Bartzelonaren arteko futbol partida ikustea, Bartzelonazale sutsua baita. «Baina ez oraingoa, betidanik. Elastikoa eta baloia dut sinadurekin. Zazpi aldiz egon naiz Camp Noun, eta 2009an Lyonera joan nintzen, Txapeldunen Ligan». Bestetik, takoak egitea Celine Dion entzuten. «Halako musika gustatzen zait; ona da. Jendea harritu egiten da hori esaten dudanean; ez dakit zergatik».
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
Zentauroaren larreetan
Aritz Beginok Autzan du bere paradisua, jaioterrian, eta zoriontsua da bertan. Igandeko binakako finalaren esperoan, bere zaldiez, mekanika zaletasunaz eta bizitzari buruz mintzatu da adeitsu herrian. Atzera begira ere jarri da; ibilbide profesionalaren hasiera gogoratu du, eta txapelketako erregulartasun falta azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu