Real Madril. Llul (16), Suarez (10), Singler (7), Velickovic (16), Begic (2) —hasierako bostekoa—; Sergio Rodriguez (3), Tomic (6), Pocius, Reyes (4) eta Carroll (9).
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, San Emeterio (10), Nemanja Bjelica (16), Milko Bjelica (1), Lampe (3) —hasierako bostekoa—; Ribas (4), Teletovic (16), Heurtel eta Oleson (14).
Markagailua. 13-20, 31-31 (atsedenaldian); 54-47 eta 73-64.
Epaileak. Hierrezuelo, Garcia Ortiz eta Martinez Diez. Baskoniako San Emeterio kanporatu zuten (39. min.).
Bestelakoak. 8.262 ikusle Vistalegre pabiloian.
Beste finalerdia. Bartzelona-Valentzia (gaur, 12:00etan, Teledeporte). 1-0 da aurretik Bartzelona.
Gasteizera kontent bueltatzeko moduan daude, banakoa lortuta, baina bestelakoa da sentsazioa. Real Madrili arnasa eman ziola esaten du ondorio horrek, ez zutela aurkaria ito, ahal izan zutenean, eta horri esker, hazi egin zirela etxekoak, euren aukera baliatu eta finalerdia orekatzeko. Baskoniak lehen laurden txukuna jokatu zuen, eta 13-20 aurreratu. Hainbestean iraun zuen bigarren hamar minutukoan, baina sobera nabaritu zuen Prigioni atsedena hartzen ari zela, Madrilgoek 18-11ko partziala lortu baitzuten. Bereziki esanguratsua Heurtelen balorazioa sei minututan: -3.
Bigarren laurdenean nabarmen aldatu zen panorama. Otsoa bezain oldarkor ekin zion Lasoren taldeak, eta pixkanaka belaunikatzen hasi ziren gasteiztarrak. Batzuetan Velickovicen bizkarreko joko eraginkorra eta hirukoak, beste batean Llullen kontraeraso azkar bat, hurrena erasoko errebote bat eta bi edo hiru aukera eraso berean... Hirugarren laurdenean sei-zortzi puntuko zuloa ireki zuen Real Madrilek, eta uzta hori babesten asmatu zuen.
Bere defentsa estutuz. Trakets samar aritu ziren jaurtiketetan arabarrak, batez ere hirukoetan (%28), baina tematu egin zen arlo horretan. Bigarren erdi osoan ia neurri berean jaurti baitzituen bikoak eta hirukoak, eta hori seinale txarra da, hirukoetan portzentaje ona lortu ezean. Itsutu egin gasteiztarrak Real Madrilek bere zona itxi zuenean, eta lehen partidan hain errendimendu ona eman zion pazientzia galdu zuen.
Real Madrilek, aldiz, erraz jokatu zuen. 42 puntu saskiratu zituen bigarren zatian, bere ohiko erritmoan, eta Baskonia belaunikatu egin zen. Belaunikatu, ed kutsatu. Real Madrilek azkar jokatzeko amua bota zion, eta zepoan erori zen Baskonia. Real Madril oso trebea delako joko horretan, eta Baskonia ez hainbeste. Gako bat nabarmentze aldera, erreboteen kopurua aipatu behar. Nagusi izan zen erabat. Baskonia baino hamar gehiago berreskuratu zituen, eta erasoan ere kopuru bera irabazi: 10 jabetza gehiago.
Beste xehetasun garrantzitsu bat: epaileena. Agian ez ziren erabakigarriak izan, baina askoz gehiago zigortu zuten Baskonia. 26 falta arabarrentzat, eta 13 baino ez Real Madrilentzat. Litekeena da jokalariek faltak bilatzen jakin ez izana, baina oso normala ere ez da talde batek, kanpokoak, 40 minututan puntu bateko bost jaurtiketa egitea, eta etxekoek 22. Diferentzia handia da. Handiegia!
Saskipeko erreferentziarik ez
Denek loratu zuten Maciej Lampek ostegunean egin zuen partida bikaina, eta atzo ifrentzua egokitu zen. Poloniarrak ez zuen lehen partidako zulorik eduki entrenamenduetako jaurtiketak egiteko, eta aukera onak izan zituenean ere, ez zen fin ibili: zazpi jaurtiketa egin, bakarra sartu, eta bi puntuko balorazio eskasa.
Baskoniak espero baino gehiago nabaritu zuen Nocioniren hutsunea, errotazio bat galdu zuelako saskipean. Lampe ezinean ari zela, bi faltekin zegoen Milko Bjelica, eta indarra galdu zuen Begic, Tomic eta Felipe Reyesen aurrean. Orduan hasi ziren partida irabazten. Erreboteak hartuz.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak. Real Madril 73. Caja Laboral Baskonia 64
Zepoan erori dira
Nagusi izan da Real Madril erreboteetan, eta defentsan ere gehiago estutu du; epaileek ere lagundu egin dioteTxukun aritu da Baskonia lehen zatian, baina Lamperen lan txarra ordaindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu