Pilotazaleek euren oinordekoei kontatuko dieten istorio horretako atal bat izango da gaurko partida. Berrogei urte barru Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo jokatzen ikusi zituztela kontatuko dute, eta etorriko diren izar berriak baino askoz hobeak zirela esango dute harro. A zer-nolakoak ziren Irujoren kolpea eta adorea, eta errepikaezina Olaizolaren buru hotz eta zehaztasuna. «San Joan egunez jokatu zuten final hura, Bilbon. Elkarren aurkako manomanistako laugarrena zela uste dut; badakizu, memoria ez da garai batekoa...». Bada, atal hori izango da gaur erabakiko dena (16:45, ETB1), Irujori buruz buruko bosgarren txapela edo Olaizolari hirugarrena emango diona.
Pilota garaikidearen bi izar nagusiak elkartuko dira gaur, eta ikusmina harrigarria da. Eguzkia bera ere urte osoan baino goizago aterako da, partida ikusteko irrikan. Solstizioaren berotan, pilota XXI. mendeko kirol profesionalen premietara eraman dute bi jenioek neurtuko dituzte indarrak. Hiru aldiz izan dute txapel preziatuena jokoan euren artean, eta berriz ere topo egingo dute finalean. «Zer moduz, lagun zaharra?» izango da ezinbestean aldagelan elkar agurtzen dutenean egin beharreko galdera protokolarioa. Izan ere, elkar oso ondo ezagutzen dute. Bien eragina, dena den, elkarren aurkako partidez haratago doa, 2003tik aurrera jokaturiko manomanistako hamar finaletatik bederatzitan Irujo edo Olaizola II.a egon delako.
Buruz buru jokatzen duen partida bakoitzean Irujo da faborito; halere, gaur apustuak parean irtengo dira. Izan ere, oreka sentsazioa erraietaraino sartu zaio pilotazaleari. Ez da harritzekoa. Belauneko lotailuetako ebakuntza egin ziotenetik, maila bikainean jokatzen ari da Olaizola II.a, eta inor gutxik ahaztu du finalerdietan Bengoetxea VI.aren aurka emaniko erakustaldia. Hori nahikoa ez, eta elkarren aurka buruz buru jokaturiko azken partida, iazko txapelketako final-laurdenetakoa, Goizuetakoak irabazi zuen (22-18). Nahikoa argudio badira orekaren teoria indartzeko.
Juan Martinez de Irujoren finalerako bidea desberdina izan da, Abel Barriolak eta Mikel Idoatek estu hartu zutelako. Iberokoak, halere, bi partidak aurrera atera zituen, eta sasoi bikainean dagoela erakutsi. Txapelketa taxuz eta tentuz prestatzeko denbora izan zuen, eta eskuak ondo izanda historian inor gutxik adina jokatzen du buruz buru. Kantxan bakarka aritzea da bere moldea, hala gozatzen du gehien, eta datu adierazgarria da haren seigarren finala izatea, manomanistan bedera- tzi aldiz bakarrik parte hartu baitu.
Erritmo biziko partida izango dela iragar daiteke, halakoak izan direlako elkarren aurkako azkenak. Airez jokatu beharraren poderioz, hutsak egongo dira, pilotak lurra ukitzea debekatuta balego bezala. Baina ikuskizuna piloteo frenetiko horretan egongo da. Joko klasikoaren zaleak, agian, ez du gozatuko, baina hori da kirol profesional guztien bilakaera: gero eta bizkorrago jokatzea; eta bide batez, pilotarena. Joko horretara hobekien moldatu diren bi pilotariak iritsi dira Bilbora: Olaizola II.a eta Irujo.
Buruz buruko txapelketan bost aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta horietatik hiru Irujok irabazi ditu. Urrun gelditu da Irujok 2004ko finalerdietan 22-1 irabazi zuenekoa, eta urrun dago 2005eko finalean Olaizolak aurkako 15-6koari buelata eman zionekoa—gero 22-18 irabazi zuen—. Garai haietatik Olaizolak izan du bilakaerarik harrigarriena, bere burua birziklatzen asmatu duelako. Joko klasikotik garaikiderako pausoa eman du, eta errematerako bere abilezia txertatu du bere bertuteen bilduman.
Sake-errematerik ez da faltako. Biak ala biak abilak dira tantoa bukatzen, eta aukera dutenean biek erabiliko dute. Sakearekin min handia egiten da buruz buru, eta lehen pilotakada duenak baliatzen asmatzen badu, tanto asko egin ditzake jarraian. Hori eragozteko errestoan boleaz sartzea da botikarik onena, eta ziur asko zenbatzeko modukoa izango da bien artean airez jasoko duten sake kopurua. Gai berean, pilota mota oso ezberdinak aukeratu zituzten. Irujok aurkariak baino biziagoak. Dena den, Olaizolaren iritziz, egun pilota guztiak dira biziak.
54 urteko hutsunearen ondoren Bilboko Bizkaia pilotalekuan jarraian jokatuko den bigarren buruz buruko finala izango da, eta txapelketetako bosgarrena jarraian. Kantxako sarrerak 150 euro klasikoetara itzuli arren, harmailak bete egingo dira eta giro bikaina espero da. Oharra bertaratuko direnentzat: jaialdia 16:45ean hasiko da, ohi baino goizago, eta jaialdiko lehen partida hemezortzi tantora jokatuko da. Beraz, azken unera arte alboko tabernetan gelditzen direnek tentuz ibili beharko dute, 17:30etik atzerako handirik gabe hasiko baita finala. Aldaketa txapelen protokoloa goizago amaitu eta hirugarren partidan pilotalekua hustu ez dadin egin dute, eta bide batez Nitro kateak iluntze partean emango duen errepikapena errazteko.
Gauza bakarra falta da jada, egungo pilotazaleek etorriko direnei noizbait kontatuko dieten istorioaren atalaren bukaeran besoak zeinek altxatu zituen jakitea eta zeinek egin zuen lo gutxiago gau hartan argitzea. Dena den, bien maila eta sasoia ikusita, eta 33 eta 31 urteen bidean egon arren, ez dirudi azken atala izango denik. San Joan egunez Bilbon jokaturiko final hura Irujoren eta Olaizola II.aren arteko egun handietako bat gehiago izango da. Orekaren ustea bezain zabaldua baitago gaurkoa ziurrenik ez dela bien arteko azken buruz buruko finala izango.
@Inkesta: zeinek irabaziko du buruz buruko finala? Olaizola II.ak edo Irujok?Atzora arteko emaitzak: Olaizola II.ak, %53; Irujok, %47. www.berria.info/inkestak/
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala
Zer berri, lagun zaharra?
Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok elkarren aurkako buruz buruko laugarren finala jokatuko dute gaur Bilbon; azken emaitzak aztertuta, ez dago faborito argirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu