Talde txapeldunek denbora behar dute, eta Miami ez da izango salbuespena. Inork ez du ukatzen izar distiratsuak dituztela, baina asko dira hori arrakastarako formula baliagarria ote den edo ez auzitan jartzen ausartzen direnak. Partida bakarrarekin ondorioak ateratzea ere gehitxo izan liteke, baina aurrez aurre Boston eduki izanak merezi du hausnarketa txiki bat. Banan-banan, Bostonek Miamik baino talde okerragoa daukalako, baina taldea, blokea, hobea. Gehienek ondo elkar ezagutzen dutelako eta kimika on hori lortzeko denbora behar delako. Urteak, agian.
88-80 markagailuak adierazten duena baino erosoago menderatu zuen Bostonek Miami, lehen bi laurdenetan 12-15 punturen zuloa ireki baitzuen. Ray Allenen hirukoak erabakigarriak izan ziren une horretan, baina Miami esnatu egin zen azken bi laurdenetan. Bospasei puntura hurreratu zen sarri, eta partida bukatzeko 1.10 minutu falta zela, hiru puntura ere bai: 83-80. Allenek, ordea, hiruko erabakigarria saskiratu zuen hurrengo jokaldian, eta LeBron Jamesen 31 puntuak alferrikakoak izan ziren.
Blake eta Brown, izarrak
Los Angeles Lakersek ere espero baino komeria handiagoak izan zituen Houston mendean hartzeko. Joan den denboraldiko txapelaren ospakizunekin hasi zen partida, eta horrek Kaliforniakoen kemena apaldu zuen. Houstonek 10-12 punturen zuloa ireki zuen Kevin Martin eta Aaron Brooksen eskutik. Lakersen Pau Gasol nahierara ari zen Yaoren aurka, baina Steve Blake eta Shannon Brown joko antolatzaileek azken 15 minutuetan sartutako zazpi hirukoek desorekatu zuten balantza.
Brownen laugarren hirukoak 99-91koa jarri zuen markagailuan lau minutu falta zirela, baina jaiki egin zen Houston, Scolaren kemenari esker. Argentinarrak zortzi puntu eta zazpi errebote lortu zituen azken laurdenean, eta partida berdintzeko aukera ere izan zuen azken jokaldian. Ez zuen asmatu. Jardunaldiko azken partidan Portlandek Phoenixi irabazi zion etxean, 106-92.
Zer hobetu asko duela agerian utzi du Miamik, Bostongo estreinakoan
Jamesen 31 puntuak alferrikakoak izan dira; Lakersek ere kostata menderatu du Houston: 112-110
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu