Asier Illarramendi. Realeko jokalaria

«Zer hobetu handia dugu; hasi besterik ez gara egin»

Realeko entrenatzaile eta zaleek itxaropen handia zuten Asier Illarramendirengan, eta larunbatean Gijonen egin zuen lan bikainak modako jokalari bilakatu du.

Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Antolatzailea, neurtzailea, langilea, futbolaria… lore asko eta askotarikoak jaso ditu Asier Illarramendik azken 48 ordutan Molinonen egindako lan osoagatik. Futbolaren egiantzekotasuna ezagutzen hasi da: mutur batetik bestera dagoen tarte estua. Lehenago ere erakutsia zuelako zer eman zezakeen. Cornellan, Riazorren eta Madrigalen esaterako, joan den denboraldian. Baina, horietan txuri-urdinak etxera galtzaile bueltatu zirenez, ez zen hainbeste nabarmendu. «Niri buruz esandakoei ez diet jaramonik egiten», esan dio BERRIAri telefonoz bestalde. Madrilgo hotel batetik ari da erantzuten, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin bilduta dagoelako. Horra ere, Zubietara egunero moduan, Iñigo Martinezekin joan da. Astebete barru itzuliko dira, Bartzelonaren kontrako partida prestatzen hasteko.

Garaipenak, gauza guztien gainetik, konfiantza eta lasaitasuna emango dizue. Asko da.

Bai. Ongi hastea garrantzitsua zen guretzat. Zer esanik ez etxetik kanpo izan denean. Oso gustura gaude.

Joan zen denboraldian egin zenuen debuta Lehen Mailan, Madrigalen. Galdu egin zenuten, baita ondoren ere, Espanyol eta Deportivoren etxean, zelaian izan zinen beste bi partidetan. Gijongo hiru puntuek, hortaz, zer esanahi dute zuretzat?

Realarekin aritze hutsa gauza handia da niretzat. Hala ere, banuen irabazteko gogoa, bai. Gainera, Liga hasi berritan izan da; garrantzitsua.

Aurreko sasoian ez zenuten irabazi bigarren itzulian etxetik at jokatutako neurketetan. Aste osoan asko hitz egin al zenuten horri buruz?

Zerbait aipatu genuen, baina aparteko garrantzirik eman gabe. Etxean beti daukazu afizioaren bultzada; horrek asko laguntzen du, eta kontrarioa ez da eroso sentitzen. Irabaztea lortu genuen, eta ez zaizkio buelta gehiago eman behar.

Gauza asko berriak direla kontuan hartuta, hiru puntu horiek balio erantsirik ba al dute?

Kanpoan irabaztea beti da baliotsua, baina zer hobetu handia daukagu. Hasi besterik ez gara egin.

Zuri buruzko komentarioez itota?

Zerbait irakurri dut. Ez diet inolako kasurik egiten. Badakit gaur ona dena bihar ez dela hainbesterako izango. Horrek ezin du zure eguneroko lanean eragin. Ezin zaitu baldintzatu, berdin-berdin jarraitu beharra baitago. Irabaztera aterako gara beti, eta horri besterik ez diogu eutsiko.

Zelai erdiak aitortzen dio normalean zentzua eraso eta defentsako lanari. Oreka ematerako garaian lan jakinen bat egin duzue?

Montanierrek baloiaren jabe izan gaitezen eskatzen digu. Ukitzea, mugitzea, dominatzea. Zelai erdian hiru jokalarirekin jokatuz nagusitu egiten zara askotan. Oreka izatea funtsezkoa da. Horretan gabiltza.

Eraginkortasunik gabe, ordea, baloi jabetzak ez du ezertarako balio.

Hala da. Batez ere, etxetik kanpo gol aukerak sortzea ez da batere lan samurra. Izan genituenak sartu genituen Gijonen, eta horregatik pozik gaude. Ea bide horretatik jarraitzen dugun eta baloia hanketan dugunean hobetzen dugun.

Joko sistema horrekin, baloirik gabeko lana ez al da garrantzitsuagoa?

Denoi gustatzen zaigu jokatzea, baina bestelako lanak egitea ezinbestekoa da. Korrika egin behar da lehenbailehen berreskuratzeko

Zuk bota zenituen faltak eta kornerrak. Hala izango da aurrerantzean?

Entrenatzailearen kontua da hori. Zelaian nortzuk gaudenaren arabera. Konfiantzaren arabera ere izaten da.

Sportingen erasoko jokoa arazo handiegirik gabe oztopatu zenuten. Hori ona da. Dena den, estrategiak eman zizuen buruko mina. Zaharrak berri alor horretan.

Geldikako jokaldiren batean gola jasotzeak izugarri sumintzen gaituen kontua da. Min egin ziguten, bai. Tentsio handiagoz defenditu genuelako ez ziguten sartu bigarrena.

Bi aste barru Bartzelona hartuko duzue Anoetan. Ba al da neurketa erakargarriagorik?

Munduko talderik onena izateak ez digu arduratu behar. Geureari eutsi behar diogu. Ea zer gertatzen den.

Barruko jokoan aritzen diren Xavi Hernandez, Andres Iniesta eta enparauak errefentziatzat dauzkazu?

Erreferentziatzat baino gehiago, gozamena da Xavi eta Iniestaren gisako jokalariak ikustea. Oso erraz jokatzen dute, eta hori benetan zaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.