Zer ikusi nahi den edo nondik begiratzen zaion, analisia zeharo ezberdina izan daiteke, baina 2006ko Vuelta aurtengoa baino gogorragoa da. Kontrakoa dioenak ez ditu Espainiako mendiak ezagutzen. Ez da Angliru igoko. Egia. Ez da Pirinioetako aldaparik igoko. Egia, baina beharrik ere ez. Zertarako Pirinioetan barrena ibili, tropela hausten ez duten mendate etzanak hautatzen badira? Irailean, Arcalisen eta Cerlerreko eski estazioan bukatu ziren Pirinioetako bi etapak. Oilarrak elkarrekin helmugaratu ziren, eta egon ziren diferentziak segundo gutxi batzutan neurtu ziren.2006ko Vueltako bost etapa bukatuko dira mendi gainetan eta bukaera denak dira gaizto samarrak. Covatillak %8ko batez bestekoa du, Morrederoko azken lau kilometroak %9koa. Cobertorian bukatuko den etapa Vueltak aspaldi eduki duen gogorrenetakoa eta erakargarrienetakoa da. Mendate berriak eta zailak igoko direlako. Calar Altoko behatoki astronomikoa eta La Panderako bukaerak ere gogorrak dira, eta Vueltako hirugarren astean igoko dira. Denak aurtengo Vueltan igo diren Valdelinares, Arcalis, Cerler edo Pajares bera baino gogorragoak.Jakina da hiru itzuli handien artean Giroak izan ohi duela ibilbide erakargarriena. Alpeak dituelako, batez ere, eta mendikate hartan ehunka aldapa gaizto bila daitezkeelako. Espainia ere oso menditsua da, baina Giroak ez duen muga dauka: iraila. Txirrindulariak erregai gutxirekin iristen dira, denboraldia bukatzear dagoelako, eta ezin da ibilbide gogor-gogorra jarri. Giroan, maiatzean, txirrindulariak nahiko fresko daude oraindik, egurra emateko gogoarekin. Irailean, Espainiako Vueltan ez.Gogoan edukitzeko moduko beste bi etapa menditsu daude. Torrelavegan abiatu eta Burgosera iristen den saioan Escudo aldapa igoko da. Oso gogorra da, baina helmugatik urrun dago. Granadan bukatuko den etapa, bestea. Purche gaina igotzen da, eta Escudo bezala, oso gogorra da. Helmugatik 20 kilometrora dago.
Cobertorian bukatzen den etapa, denetan gogorrena
Vueltako bederatzigarren etapa da gogorrena, eta erakargarriena ere bai, mendate ezezagunak igoko direlako. Galizian hasiko da, baina Kantabriar mendikatea zeharkatuko du mendebaldetik ekialdera, atsedenik batere ez duen bide gorabeheratsuan. Connio, Rañadoiro eta Cobertoria lehen mailakoak dira (azken mendatean dago helmuga), Rañadoiro hirugarren mailakoa eta helmuga aurreko San Lorenzo, maila berezikoa.
San Lorenzo da 2006ko Vueltako mendatea. 1.350 metro ditu eta 10,6 kilometro da luze. Batez bestekoa %8,4koa da, baina sei kilometro oso ditu %10etik gorako desnibelarekin, eta hori oso mendate serioa da. %11,3ko eta %11,1eko bi kilometro dira zailenak. Jaitsiera ere zitala da oso, Olanoren hitzetan. Cobertorian Vueltako historiako une ikusgarrienetakoak bizi izan dira. Aldaparen zenbakiak, hauexek: bederatzi kilometro eta %7,5eko batez bestekoa. Etapak 206 kilometro ditu.Mendiak erabakiko du Vuelta, ondo bidean, baina erlojupekoek ere izanen dute zer esana. 61 kilometro izango dira bakarka, eta zazpi taldeka. Lehenengo etapan, Malagan izango da hori, abuztuaren 26an. Malagatik Espainia iparraldera egingo du Vueltak eta Torrelavegan goia jo ondoren (Kantabria), berriz ere Almeriaraino jaitsi, azken astean Madril alderantz igotzeko berriz. Irailaren 17an izango da hori, bederatzi hilabete barru, 150 kilometroko etapa lauarekin.
Vuelta zenbakitan
3.129
2006. urteko Vueltak izango dituen kilometroak.
Beste ezaugarriak:
Noiz hasi: abuztuaren 26an (Malaga).Noiz bukatu: irailaren 17an (Madril).
- 21 etapa.
- Bi atseden egun (irailak 4 eta irailak 11, biak astelehenez).
- Taldekako erlojupeko bat.
- Bi erlojupeko (14. etapan, Cuencan, 33 km eta 20. etapan, Rivas Vaciamadrilen, 28 km).
- 11 etapa lau.
- 7 mendikoak.
- 5 bukaera gainetan.
- Maila bereziko lau mendate.
- Lehen mailako 10 mendate.
- Bigarren mailako 4 mendate.
PARTE HARTZEA
UCIko lehen 14 taldeek eta Kontinentaleko seik, postua
Orain egun gutxi batzuk gertatu zen Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa eta itzuli handien antolatzaileen arteko haustura. Haustura horrek eragin zuzena du Vuelta korrituko duten, edo korri dezaketen taldeen osaketan, baina oraingoz Euskal Herriko txirrindulari taldeentzat aldaketa onuragarria izango dela dirudi.
Jakina da Kaiku Vueltatik kanpo geratu dela aurten, Unipublic erakunde antolatzaileak bi talde bakarrik gonbida zitzakeelako. 22 taldekoa da muga eta 20k Pro-Tour Ligako taldeak izan behar zuten. Egun, erabat aldatu da hori, itzuli handiak Pro-Tour Ligatik kanpo daudenez, eurek erabakiko dutelako zein taldek korri dezaketen Vuelta. Unipublicen arabera, UCIko zerrendako lehen 14 taldeek, eta Kontinental mailako beste 6 taldek edukiko lukete postu ziurra. Egoera horrekin, Kaikuk postu ziurra izango luke 2006. urteko Vueltan.