TXIRRINDULARITZA

«Zer jan gutxi dago Paris-Nizan; jatun onak, ordea, asko»

Andoni Urbistondo.
OIARTZUN
2005eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gorputza finduta azaldu da hitzordura pasaitarra. Gorputza fin eta mingaina zorrotz.

Laugarren urtea hasi duzu Ag2r taldean, eta bilakaera gorabeheratsua izan da oso. Txukun 2003an, nahiko eskas 2002 eta 2004an. Aurten, zer?

Aurten, galdu dudan oreka berreskuratzen saiatu. Ezaugarriren bat izan badut, hori erregulartasuna da, eta erregulartasun hori berriro lortzea da lehentasuna, behin hori lortuta errazagoa egingo zaidalako gora egitea. Eta, gora egin ostean, emaitzak lortzen saiatzea.

16 lehiaketa egun dituzu dagoeneko. Erregulartasunik lortu al duzu sasoi hasiera honetan?

Baietz uste dut. Australian erritmo ona hartu nuen, emaitzarik gabe. Bessegesko Izarrean ere gustura jardun nuen, eta Frantzian, Espoirseko Kriteriumean, orain aste pare bat, are hobeto.

Erregulartasuna lortzeko edabe magikorik ba al dago, ba al duzu? @:Edonork eguneroko bizitza normalean dituen arazoek ere eragina dute txirrindulariongan. Arazo fisikoak, batzuetan, beste arazoak, beste batzuetan... Aurten osasunez ondo nago, inoiz baino argalago nago, ahalegin handiagoa egin dezakedala sumatzen dut, eta sentsazio horiekin erregulartasuna irabaz dezakedala pentsatzen dut.

Erregulartasunaz mintzo zara etengabe. Emaitzei buruz zer?

Beno, batek bestea dakar, normalean. Erregulartasunarekin lortuko ditut emaitzak, erregulartasunik gabe, nekez. Oinarri sendoa behar dut, eta ari naiz lortzen. Gero gerokoak. Espoirseko Kriteriuma maila apaleko lasterketa da, baina laugarren postuan sailkatu nintzen nagusian, bada zerbait.

31 urte dituzu. Denboraldi erabakigarria al da zuretzat aurtengoa?

Bada, bai, baina egoera horrek ez nau arduratzen bereziki. Ag2r taldean, urtebeteko kontratua adostu dugu bi aldeek beti.

Ag2r taldeak ez du emaitza exijentziarik eskatzeko joerarik. Aintzat hartzeko egoera da hori, ezta?

Bai, agian badakitelako garaipenak lortzea oso zaila dela. Garaipenak ez lortzeak langabezia suposatuko balu, pentsa zenbat txirrindulari egongo ginatekeen langabezian.

Zuk zeuk taldeburutzat al duzu zeure burua?

Ag2r taldean aritu nintzen lehen urtean, agian bai, asmo horrekin joan nintzelako. Orain korritzen ditudan lasterketa denetan eskatzen didate maila txukuna, eta hasieran, ez.

Zaila al da urte txar bat igaro eta berriro grinarekin ekitea?

Ez da erraza, ez. Hasiera-hasieratik argi geratu zen mononukleosia neukala. Nik egoskor samar jokatu nuen eta Australiara joan nintzen, agian joan behar ez nuenean. Gero korrontez kontra aritu nintzen.

Zer asmo Paris-Nizan?

Maiatz ekain aldera ibiltzen naiz ongien, eguraldi beroagoarekin, eta aurten ere antzera izatea nahi nuke. Ez nago onenean, baina nahiko ondo. Emaitza ona litzateke mendate gogorrak 25 onenekin pasatzea, nagusian lehen hamarren artera hurbiltzea. Zer jan gutxi dago Paris-Nizan, eta tropelean jatun onak.

Antolakuntzak emandako gonbidapenari esker korrituko duzue. Presiorik bai horregatik?

Ezta gutxiagorik ere. Beste talde asko Pro-Tour Ligako taldeak dira, agintari batzuek horrela erabaki dutelako. Pro-Tour Ligako talde direla erakutsi dutelako dira Ligako taldeak, edo euren tokia erosi dutelako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.