Galdakaoko Adiskidek eta Doneztebeko Errekak BERRIA Txapelketako zerrendaburu zergatik diren erakutsi zuten iragan asteburuko kanporaketetan. Biek aurrera egin zuten, Iurretako Olaburuko eta Amurrioko seikoteak, hurrenez hurren, kanporatuz. Adiskidek uste baino komeria gehiago izan zituen, Errekak, aldiz, ez zion aukerarik eman aurkariari. Bi taldeak txapelketako izen klasikoak dira, eta final-laurdenetan topo egingo dute, martxoko lehen asteburuan, ziur asko Galdakaon.
Adiskide 2. Olaburu 1
KADETEAK
Elorriaga-Rekagorri 13
Calleja-Otadui 22
GAZTEAK
Atutxa-Sainz 22
Bereinkua-Elordi 17
NAGUSIAK
Elezkano II.a-Kantxo 22
Aurtenetxe-Bilbao 17
Adiskide beti dago faboritoen artean BERRIA Txapelketan. Txapeldun izandakoa da, eta urtero aurkezten du maila oneko seikotea. Normalean, gainera, etxean jokatzen du, ostiral arratsaldez, eta hala egin zuen iragan asteburuan Iurretako Olabururen aurka. Durangaldekoak, halere, hobeto hasi ziren, eurek irabazi baitzuten kadete mailako partida (13-22). Callejak eta Otaduik bikote sendoa osatu zuten, aurkarien hutsak eraginez. Aurrelariak, gainera, min asko egin zuen saketik.
Adiskide kanporaketari buelta ematera behartuta zegoen, eta ondo kostata lortu zuen gazte mailako puntua. Olaburuko Bereinkua eta Elordi —kadetea oraindik— ondo hasi ziren, eta partidaren hasiera orekatua izan zen (11-11). Hortik aurrera, baina, Atutxa galdakoztarren aurrelaria nabarmendu zen. Errematea bilatzen hasi eta berak egin zuen zuloa (18-12). Guztira hamahiru tanto egin zituen, hiru saketik.
Nagusi mailako partidak erabaki zuen zeinek egingo zuen aurrera, eta Danel Elezkano Adiskideko aurrelariak hasiera bikaina izan zuen (10-2). Aurrelariak hamahiru tanto egin zituen guztira. Partida aldapa gora izan arren, Olaburuko bikoteak ez zuen amore eman, eta gerturatzea lortu zuen (14-10 eta 18-15), hein handi batean Bilbao atzelariaren lanarengatik. Azken txanpan, baina, Elezkanotar gazteena agertu zen berriz, eta enpresa profesionalak aspalditik atzetik zergatik dituen erakutsi zuen.
Erreka 3. Amurrio 0
KADETEAK
Bakaikoa-Medina 22
Arregi-Saratxaga 7
GAZTEAK
Elizalde-Lasa 22
Goikolea-Urretxu 8
NAGUSIAK
Bendoiro-Gorriti 22
Guerrero-Iriarte 16
Errekak eta Amurriok igandean jokatu zuten, Hernanin , eta ez zen izan oreka askorik. Erreka iaz finalerdietara iritsi zen eta aurten ondo ekin dio bideari. Amurrioren aurka, behintzat, nagusitasun handiz irabazi zuen. Kadete mailako partidako hasiera erakargarria izan zen (11-7), baina Arregik eta Saratxagak jarraian egin zituzten azken 11 tantoak. Gazte mailan Lasa atzelaria nabarmendu zen (22-8), dagoeneko Asegarceko teknikariekin lanean hasitakoa dena. Dena erabakita zegoela, nagusi mailako partidan bi atzelariek ikuskizun polita eman zuten, baina laukoteko onena Bendoiro nafarra izan zen, hamalau tanto eginez.
Adiskide 2. Olaburu 1Erreka 3. Amurrio 0
Zerbaitegatik dira zerrendaburu
Adiskidek eta Errekak aurrera egin dute BERRIA Txapelketan, eta elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu