Javi Salgado. Lagun Aro GBC taldeko jokalaria

«Zergatik Donostia? Kluba serioa da, eta etxetik oso gertu nago»

Taldeak joan den sasoiko gabeziak ondo osatu dituelako lortu omen du balantze ona. Ez dio gorrotorik Bilbo Basketi. «Nire bizitzako taldea da». Zuhurtasuna eskatu du kirol erronken inguruan.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Javi Salgado arnasa hartu ezinik dabil (Bilbo, 1980). Denboraldiko lehen derbiko protagonista handia da, Bilbon bederatzi urte jokatu ostean, eta komunikabide denek nahi dute haren iritzia bildu. Egoera horren jakitun, BERRIAk duela hamar egun egin zuen hitzordua Santutxuko joko antolatzailearekin, derbiaren inguruko lehen hausnarketan.

Zer moduz Donostian, non bizi zara?

Kontxako Pasealekuan bizi naiz, Perlaren ondo-ondoan. Denbora gutxi daramat Donostian, baina hiriko txoko politenetako bat dela esango nuke.

Asko joaten zara Bilbora?

Egun librea baldin badugu, bai, hara joaten naiz, eta familiarekin eta lagunekin egoteko baliatzen dut aukera. Emaztea ere hara eta hona ibiltzen da lanarekin [kontu ikuskaria da], eta Donostiatik gertu dagoenean elkarrekin bizi gara.

Zer moduz pasatu dituzu lehen bi hilabeteak?

Ondo, gorabehera handirik gabe. Asteak igaro ahala hobeto sentitzen naiz, jende gehiago ezagutzen ari naizelako, hiria, taldea… Horri egin dugun hasiera ona gehitzen badiozu, ez daukat kexatzeko batere arrazoirik. Lan talde oso baten lan onak kemena ematen dio norberari.

Urte asko dira hiri berean, Bilbon. Nekeza egin al zaizu hiri aldaketa?

Bai, baina edozeini bezala. Aintzat hartu Bilbon dena ezagutzen dudala, ohitu egin nintzela. Donostian ere azkar ohituko naiz. Oso erosoa da, ez da handia, osteratxoak egiteko toki asko ditu, eta aukera asko ematen ditu etxetik kanpo bazkaltzeko edo afaltzeko. Parte Zaharra etxetik bost minutura daukat. Zinemara joatea ere oso gustuko dut, eta aukera handia daukat. Aisiaz gozatzeko denbora gehiegi ere ez dugu, egunean bi lan saio eginda, baina daukaguna aprobetxatzen saiatzen gara.

Donostiara etortzeko eskaintza jaso ostean besterik ez zenuela begiratu ere egin esan duzu. Hala da?

Bai. Nire asmoa kirol ibilbidea Bilbon bukatzea zen, baina hori ezinezkoa izan denez, non hobeto etxetik ordubete eskasera baino? Lagun Aroko jokalari asko ezagutzen ditut: Andy Panko, Ritxi Uriz, Doblas bera… Gutxi-asko, haiekin hitz egiten duzu haien aurka jokatzen duzunean, eta denek esaten zidaten talde zintzoa dela, konpromisoak betetzen dituena. Klub serioa, sor litezkeen arazoak konpontzeko prestasuna duena. Zergatik Donostia? Kluba serioa da, eta etxetik oso gertu nago.

Entrenatzailea ezaguna izatea ere garrantzitsua izan da, ezta?

Bai, erabat. Euskadiko selekzioarekin jokatu izan dudanean Pablo Laso izan da hautatzailea, eta berak saskibaloia ulertzeko duen modua ezagutzen dut. Berarekin hitz egin nuen udan, eta berehala eman nuen baiezkoa.

Ezustean harrapatu al zintuen Lagun Aroren deiak?

Bilbon jarraitzeko aukera zapuztu eta Donostiara etortzekoa batera sortu ziren ia-ia. Poztu egin nintzen, ACB ligan jarraitzekotan jakin banekien-eta etxetik gertu egoteko aukera onena zela, eta bete egin da, zorionez.

Bizkaia Bilbo Basketeko Fotis Katsikarisi zure agurraren inguruko iritzia galdetu, eta berak zera esan zuen BERRIAn: «Nik ez dut Salgado taldetik kanporatu, berak erabaki du taldea uztea». Zer diozu horren inguruan?

[Segundo batzuetako isiltasuna]. Kontu honetan bakoitzak bere iritzia dauka. Katsikarisek berea, eta nik neurea. Egia da berak ez ninduela taldetik kanporatu, baina atea parez pare ireki zidaten, joan nendin. Taldeko hirugarren joko antolatzailea izango nintzela esan zidan, apenas edukiko nuela jokatzeko aukera, eta hobe nuela beste nonbaiten saiatu. Hori ez da jokalari bat taldetik kanporatzea, baina ez zaio asko falta.

Mingarria izan al da zuretzat zure hiria, zure bizitzako taldea modu horretan utzi izana? Gorrotorik ba al duzu?

Ez. Zertarako? Bederatzi urte egin ditut taldean, zortzi eta erdi Txus Bidorretarekin. Taldea eta ni batera hazi gara: bi igoera, Espainiako bi Kopa, Eurokopako Lauko Final bi… Hori ezin da ahaztu, agurra ezustekoan eta nik espero ez nuen moduan gertatu bada ere. Nik Bilbon jarraitu nahi nuen, baina ez da posible izan erabakiak hartzen dituztenek erabaki jakin batzuk hartu dituztelako. Saskibaloian eta kirol profesionalean sarri gertatzen dira horrelakoak, eta gauzak datozen bezala hartu beste erremediorik ez duzu. Hori bai, ni Bilbokoa naiz, eta gaur-gaurkoz, nire bigarren taldea da. Illunbeko partida bukatu ostean, onena opa diot taldeari.

Norbaiti zerbait frogatu, erakutsi behar diozula pentsatzen al duzu?

Ez, ez, inolaz ere ez. Zazpigarren urtea dut ACB ligan, eta ez dut ezer frogatu behar inoren aurrean. Lan asko egin dut iritsi naizen lekura iristeko.

Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da Lagun Aro. Zein dira lan on horren gakoak, zure ustez?

Taldearen osaketa irizpide onarekin egin zuten udan. Joan den sasoian taldeak zituen gabeziak aztertu, eta lan bikaina egin dute horiek estaltzeko. Joan den denboraldiko Lagun Arok gabezia handia zeukan hiruko jaurtiketetan, orain Jimmy Baronekin desagertu egin da gabezia hori. Saskipean ere mugatu samar ikusten nuen taldea, baina orain Konek minutu onak jokatzen ditu, eta Tsikitixvilik ere asko lagun dezake errebotean. Hori alde batetik, eta, bestetik, taldean daukagun giro ona da. Topiko bat da, baina giro bikaina dugu, eta horrek asko errazten du eguneroko lana. Elkartasuna, umiltasuna eta lana dira gure ardatzak, eta horri esker, hobetzen ari gara etenik gabe.

Elkartasun horri esker, jaurtiketa aukera onena duen taldekidea bilatzeak emaitza onak eman dizkizue.

Hamar puntu edo gehiago sar ditzakeen jokalari sorta handia dugu, eta horrek konfiantza ematen du. Baronek bezala, Pankok, Doblasek, Mirallesek, Tsikitixvilik edo nik neuk erantzukizuna har dezakegu, eta arazoak sortu aurkariei.

Zer moduz ikusten duzu zeure burua?

Ondo, gustura ari naiz. Ni joko antolatzailea naiz, eta taldearentzat onena dena bilatzen dut beti. Jokaldia ondo irteten ez bada, nik bukatzen dut, baina lehentasuna taldekideak elikatzea da.

Bilbo Basketen jarduna jarraitzen ari al zara?

Ez dut partidarik ikusi. Telebistako laburpenak eta komunikabideetan esaten dena.

Zerk arduratzen zaitu bereziki?

Banic laguna ondo ari da, sekretu txiki batzuk kontatuko dizkiet Doblasi eta Mirallesi, minik egin ez diezagun.

Nor da faboritoa derbian?

Zer esatea nahi duzu ba nik? Lagun Aro, etxean jokatzen dugulako, eta irabaziz gero, etxean galdu gabe jarraituko dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.