Lagun Aro GBC 90. Unicaja 67

Zergatik ez beti horrela?

Lagun Arok atzean utzi du hilabete eta erdiko lehortea, eta Salgadoren gidaritzapean irabazi dio Unicajari

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lagun Aro GBC. Salgado (18), Lorbek (13), Panko (21), Miralles (6), Doblas (2) —hasierako bostekoa—; Uriz (6), Baron (17), Kone (6) eta Sanchez.

Unicaja. McIntyre, Almazan, Fitch (9), Freeland (26), Archibald (5) —hasierako bostekoa—; Rodriguez (2), Jimenez (2), Tripkovic (5), Blakney (4), Garbajosa (4), Sinanovic (7) eta Blanco (3).

Markagailua. 19-16, 46-38 (atsedenaldian); 73-50 eta 90-67.

Epaileak. Mitjana, Sanchez Montserrat eta Castillo. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 4.998 ikusle Ilunbeko pabiloian.

Lagun Arok partida bat irabazi du. Berri garrantzitsua da hori, otsailaren 27an irabazi baitzuen azkenekoz Lasoren taldeak. Garaipen argia lortu zuen, gainera, eta izen handiko taldearen aurka: Unicaja. Noizbait iritsi behar zuelako, etxeko jokalariek atzo erakutsi zuten grina, buru argitasuna eta bizitasuna orain arte non egon diren galdetu genezake, ez baita inondik agertu aspaldi. Garaipena garrantzitsua da, Menorcak eta Granadak ere garaipena lortu zutelako, eta euren jaitsiera garesti saltzeko prest daudela erakutsi zutelako.

Partida itsusi hasi zen donostiarrentzat: 0-5 Unicaja aurretik, eta lehen oihuak harmailetan. Hortik aurrera, ordea, txukun aritu ziren gipuzkoarrak, eta 19-16 aurreratu lehen laurden bukatuta. Unicaja Freeland eta Sinanovicen bitartez saiatu zen partidan mantentzen (25 puntu bien artean), baina atsedenaldira iritsi aurretik 46-38 aurreratu zen Lagun Aro, Domen Lorbekek hiruko on bat saskiratuta.

Espero zenari buelta emanda, ondo ari zen Lagun Aro, eta bistan geratu zen hirugarren laurden hasierak desorekatuko zuela balantza. Eta Donostian geratu zen garaipena. Unicajak bi puntu bakarrik saskiratu zituen bost minutuan, eta Lagun Arok, 14. Hiruko portzentaje bikainarekin (% 61 hirugarren laurden bukaeran). Javi Salgadok partida ona jokatu zuen aspaldiko partez (18 puntu eta zortzi asistentzia), eta Andy Pankoren laguntza bikaina: 21 puntu eta11 errebote.

Lagun Arok hogei punturen aldea ere izan zuen laugarren laurdenean (75-53), eta, behingoagatik, jardunaldi lasaia izan zuten Donostiako zaleek. Bazen gozatzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.