Athleticeko jokalariek gaur dute benetako bilbotarrak direla erakusteko aukera paregabea. Gaur dute parada ez direla ez inoren ez ezeren aurrean kikiltzen erakusteko. Txantxak alde batera lagata, orain arte bizitzeko aukerarik izan ez duten esperientzia baten aurrean daude, urtero ez baita Moskun jokatzeko aukera izaten —Athleticek 1970eko hamarkadan jokatu zuen azkenekoz Errusiako hiriburuan—. Beraz, belar artifizialean nahiz zeroz azpiko tenperaturarekin jokatzeak bigarren mailako kontuak izan beharko lukete. Merezi duen esperientzia izan behar du Lokomotiven kontrako lehiak; Athleticeko jokalariek zein taldearekin joan diren 200 jarraitzaileek sekula ahaztuko ez duten esperientzia, alegia. Europan lehiatzeak gisa honetako aukerak ematen ditu, eta horregatik da garrantzitsua denboraldi guztietan onenen artean egotea.
Esperientzia gogoangarria izateak ez du esan gura opor gisa hartu behar den kanporaketa bat denik. Saria da, baina futbol profesionalean lehiatu egin behar da. Irabaztera zelairatu behar da. Eta hori egiten du, hain zuzen ere, Athleticek: zelai guztietan aurkaria mendean hartzera zelairatu. «Europan lan txukuna egin gura dugu. Kanporaketa gehiago gainditu gura ditugu. Ea Kopan bezain urrun ailegatzeko zortea dugun. Prest gaude eta jokatzeko gogo handia daukagu», adierazi zuen atzo Iker Muniainek.
Lokomotiven kontrako kanporaketak berezitasun handiak ditu. Denetan bereziena klima izango da. Orain arte ezagutu ez duten hotzarekin jokatuko dute zuri-gorriek. Lehoiak ez daude ohituta zeroz azpiko tenperaturarekin jokatzera. Errusiako taldeko jokalari gehienek, berriz, badakite zer den hori. Beraz, abantaila txiki bat dute. Baina txikia, hartu beharreko neurriak hartuz gero ez lukeelako jokoan eraginik izan beharko. Hotzari aurre egiteko prest daudela azaldu zuen atzo Andoni Iraolak. «Baldintzak gogorrak izango dira, baina bagenekien zerekin topo egingo genuen, eta ez daukagu aitzakiarik».
Bestalde, Athletic ez dago ohituta belar artifizialean jokatzera. Hala ere, Marcelo Bielsak garrantzia kendu zion atzo zelaiaren egoerari: «Zelai artifizialera ondo egokituko gara, baita tenperatura baxura ere. Ez da aitzakiarik egongo». Gainera, ez da ahaztu behar Luzhniki futbol zelaia ez dela Lokomotivena. CSKAk eta Moskuko Torpedok jokatzen dute han. Beraz, belar naturalean ez jokatzeak ez dio abantailarik emango etxeko taldeari.
Klima eta zelaiaren egoera bi taldeentzat izango dira berdinak. Hori bai, badago Athleticen aldeko kontu bat: aurkariak agian izango duen erritmo falta. Errusian etenda dago liga. Hortaz, joan den azarotik partida ofizialik jokatu gabe dago Lokomotiv —hilabeteko egonaldia egin berri dute Portugalen—. Hiru hilabete inguru. Denbora asko da. Ez baita gauza bera lagunartekoak edo neurketa ofizialak jokatzea. Athleticekoek baino freskoago izan dituzte Lokomotiveko jokalariek burua eta hankak, baina baliteke erritmo falta nabaritzea.
Nekatzeko arriskua
Athletici ez zaio erritmorik faltako, baina baliteke nekea agertzen hastea, fisikoa eta psikologikoa. Bielsak txandakatzeak egin gabe jarraitzen du, eta horrek, beharbada, eragina izango du laster. Athleticek azken neurketetan izan dituen txakalaldiak etor daitekeenaren lehen zertzeladak izan daitezke, aditu batzuen ustez. Hala ere, ez dirudi horrek Bielsa larregi kezkatzen duenik. Horregatik, gaur ere ohikoen alde egingo du. Atzoko prentsaurrekoan berretsi zuen hori. Moskutik bizirik bueltatzea da helburua. Lokomotiv txapelketa indartsu bateko bosgarren sailkatua da. Talde ona da, beraz.
San Mames beste behin betetzea da Athleticen asmoa. Etxean kanporaketa irabazteko aukera izatea. Baina, horretarako, ez dute jarrera kontserbadorerik izango. Garaipenaren bila zelairatuko dira. «Partida zaila izango da, baina horrelako kanporaketak itzuliko partidan erabakitzen dira normalean. Saiatuko gara Bilbora emaitza onarekin itzultzen, baina horretarako ezin dugu hutsik txikiena ere egin». Iraolaren esana da hori.
Lokomotiv kanporatuz gero, Ajax edo Manchester United egongo da zain. Ez da broma. Bi talde horiek ere 19:00etan jokatuko dute gaur. Zeharka, Amsterdam Arena futbol zelaira begira egongo dira Athleticeko zale asko eta asko.
Zero azpitik, bero-bero
Hotzari, zelaiari eta, batez ere, aurkari on bati egin beharko die aurre gaur Athleticek, Moskun, Europako Ligan bizirik jarraitzekoNeguko geldialdia tarteko, Lokomotiven erritmo falta baliatu nahi dute zuri-gorriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu