Zerrendaburu izateak ez dio mesede handi-handirik egin Baskoniari. Europako 16 talde onenak biltzen dituen zozketatik multzo gogorrak baino ezin dira atera, eta hori gertatu zaio, hain justu. Top 16ko F Multzoan kokatu du Tau Bartzelonan egindako zozketak, CSKA, Lietuvos Rytas eta Bambergekin batera. Hortaz, Moskuko erraldoia eta ezusteko handienak eman dituzten bi taldeak gainditu beharko ditu Baskoniak, Pragarako bidean hurrengo urratsa egin ahal izateko.
Multzoa berez gogorra bada, zozketak ez dio mesede handiegirik egin egutegiari dagokionez. Baskoniak etxetik kanpo jokatu beharko ditu lehen bi partidak, Bambergen eta CSKAren aurka. Horrek presio handia sortuko du Tauko jokalariengan, lehen bi neurketetan huts eginez gero behetik gora egin beharko baitute, sailkapenaren lehen bi postuetako batean bukatu ahal izateko. Hori lortuz gero, gainera, Panathinaikos, Efes Pilsen edo Benettonen aurka jokatu beharko dute final-laurdeneko kanporaketa, Pragako Lauko Finala baino lehenago.
- CSKA Mosku: Zozketak beste behin elkartu ditu Tau eta CSKA. Azken urteetan hainbatetan neurtu dira elkarren aurka, eta, azken aldian, Moskuko Lauko Finalean Baskonia Ivkovicek entrenatzen zuen taldeari gailendu zitzaion. Iragan denboralditik, ordea, CSKAk hainbat aldaketa izan ditu, eta neurri handi batean Tauren egoera bertsuan aurkitzen da.
Ettore Messinak egitasmo berria bere neurrira egiteko aukera izan zuen, nahiz eta jokalari esanguratsuak galdu denboraldia bukatu zenean. Marcus Brown eskoltarena da kasu aipagarriena. Izen handiko jokalariak fitxatu zituen: Langdom, Vanderpool edo Smodis, besteak beste, baina jarraikortasuna lortu ezinik dago oraindik ere. Maila goreneko saskibaloia egiteko gaitasuna du CSKAk, baina baita partidatik ateratzeko arriskua ere. Papaloukas, Holden eta Andersen izan dira orain arte, aipatutako fitxaketekin batera, taldearen bizkarrezurra, baina Top 16ari aurre egiteko arazo larri bat konpondu beharko du Messinak: David Andersen, Europako pibot erabakigarrienetakoa, sasoi osorako lesionatu da. Tomas Van den Spliegel fitxatu du CSKAk, baina saskipean indarra galdu du. Hala ere, eta arazoak-arazo, CSKAk talde handia izaten jarraitzen du, eta Baskoniak oso aurkari gogorra izango du Pragarako bidean.
- Lietuvos Rytas: Euroligako lehen erdia bukatzean ezustekotzat jo zen Lituaniako taldearen jokoa, baina, dagoeneko, inork ez du pentsatzen Lietuvos Rytasek Top 16an egon behar ez zuenik. ULEB Kopa irabazi zuen joan den denboraldian, eta aurten Lauko Finalean sartzeko hautagaien zerrendan dago. Hasierako partidetan ez zuen espero zitzaion maila erakutsi, baina gero Europako kantxa zailenetan irabazi du: Tel Aviv, Istanbul eta Bartzelona. Lituaniako talde askok ez bezala, oso joko orekatua du, saskipean asko borrokatzen duten pibotekin.
Javtokas eta Nielsen maila bikaina erakusten ari dira saskipean, eta, Lituanian ohikoa den bezala, kanpoko lerroak edozein unetan apurtu dezake partida. Stelmahersek maisuki bideratzen du jokoa, eta Jasaitis gaztea Europako talde handienetako batera joateko moduko denboraldia egiten ari da.
- Bamberg: Tauren multzo berean egon da Euroligako lehen fasean, eta Perasovicek ondo baino hobeto daki talde zaila dela, batez ere haien kantxan. Top 16an sartzen den Alemaniako lehen taldea da Bamberg, eta F Multzoko epailea izan daiteke. Hasiera batean Lauko Finalean sartzeko aukera gutxi du, baina bere kantxan ezusteko bat baino gehiago eman diezaieke beste hiru taldeei. Bauermannek entrenatzen duen taldeak presiorik gabe jokatuko du, goi mailako saskibaloiaz gozatzen jarraitzeko asmoarekin, eta horrek are arriskutsuagoak bihurtzen ditu.
Mallet eta Nelson dira jokalari garrantzitsuenak, nahiz eta beste batzuk min egiteko gaitasuna eduki baduten. Archibong edo Ensmingerren kasuak dira, besteak beste. Jokalari aldaketak egiteko aukera gutxien duen taldea da F Multzoan, eta hori asko nabarituko du Top 16an.
Zerrendaburu izanda ere...
Multzo gogorra du Tauk Pragarako bidean, eta egutegiak ere ez dio mesede handi-handirik egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu