PILOTA. LAU T'ERDIKO TXAPELKETAKO FINALA

Zeru urdina binakakorako

Finalak hartzeko moduko frontoien zerrenda handitu egingo da 2011n. Bilbokoaren lanak otsail hasierarako buka daitezke, eta ezkerpareta zein trinketa urdinak izango dira. Iruñeko Nafarroako Erresumak, berriz, ia beste urtebete beharko du

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Binakako txapelketako finala Bilboko Bizkaia pilotaleku berrian jokatu ahal izango da. Kirolgintzanek, pilotalekuaren eraikuntza kudeatzeko sorturiko foru elkarteak, «2011ko hasiera» jarri zuen epea lanak bukatzeko duela urtebete, eta beteko da.BERRIAk jakin ahal izan duenez, eraikitze lanak urtarril bukaerarako amaitzea posible dela jakinarazi diote Bizkaiko Aldundiari. Beraz, aurten binakako finala apirilaren 4an jokatu zela kontuan izanda, eta atzerapen txikia egonda ere, datorren urtean Miribillan jokatu ahal izango da. Kantxaren kolorea erabakita dago, eta ezkerpareta zein trinketa urdinak izango dira. Finaletarako ia espresuki eraikitzen ari den beste pilotalekuak, berriz, Iruñeko Nafarroako Erresumak, ia beste urtebete beharko du lehen pilotakadak hartzeko. Manomanistako finalerako prest egon zitekeela zabaldu bazen ere, 2011ko azken lau hilabetekoan amaituko dituzte lanak.

Bizkaia pilotalekuko ibilbide luzeak bi hilabete pasatxo barru izango du akabera, hori da behintzat aldundiak abenduan jaso duen aurreikuspena. Pilota enpresek ere antzeko epeak darabiltzate. Lanak 2007an hasi zituzten, baina lurretan aurkituriko hondakin kutsagarriek eta lanak bere gain hartu zituen enpresaren jardun eteteak epeak luzatu eta kostuak garestitu dituzte. Lanak Fonorte eraikuntza enpresak hasi zituen, baina aldundiak kontratua eten, eta ia urtebetez geldirik egon ziren. 2010eko otsailean Adolfo Sobrino, Cycasa eta Asaser enpresei eman zieten lanak bukatzeko ardura, 2011ko otsailaren 28a epea jarrita. 2007an 24 hilabeterako epea eta 16,3 milioi euroko aurrekontua zuten lanek, baina orain 47 hilabeteko epea eta 24 milioiko aurrekontua dute. Beste auzi bat inaugurazio ekitaldia egingo duten ala ez izango da, udal hauteskundeak gertu daude eta hauteskunde epaitegiak zorrotz zaintzen ditu boz egunaren aurreko erakunde publikoen jarduerak.

Nafarroako Erresuma pilotalekuko lanak ere atzeratuko dira. Iragan maiatzean 2011ko final batzuk bertan joka zitezkeela adierazi zuten arduradunek, baina lanak luzatu egingo dira. Javier Esparza Nafarroako Kirol Institutu- ko zuzendariaren arabera, «2011ko bukaerarako» egongo da prest pilotaleku berria. «Kontratu eta prezio batzuk daude, eta apirilerako buka zitezkeen lanak. Baina ez dago presarik, gauzak ondo egingo ditugu. Duela urtebete hasi ginela kontuan hartu behar da, eta irudipena da lanak erritmo onean doazela». Era berean, zuzendariak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak Los Arcosko zirkuitua, Nafarroako Erresuma pabiloia eta antzeko azpiegitura handiak kudeatzeko sortuko duen enpresa publikoak hartuko du pilotalekuaren ardura. Labriten erabilera, berriz, Nafarroako Pilota Federazioak kudeatzen du.

Bizkaia pilotalekuan 2.800 ikusleentzako 38 metroko ezkerpareta bat egongo da, eta 425 eserlekuko trinketa. Eraikitze lanak bukatzean, eserleku kopururik handiena duen Euskal Herriko ezkerpareta izango da. Bi pilotalekuen kolorearekin eztabaida egon zen, eta bakoitza kolore batekoa izan zitekeela zabaldu zen. Azkenean, baina, biak urdinak izango dira, hala erabaki dute aldundian. Muskizkoa izan zen lehen ezkerpareta urdina, eta askok jarraitu diote bide horri. Bilbokoa izango da final bat hartzeko moduko lehen ezkerpareta urdina, eta baita kolore bereko lehen trinketa ere. Paretak egiteko, Debako harrobi batetik eramaniko harriak erabiliko dituzte, eta errebotea beirazkoa eta finkoa izango da. Pilotalekuekin batera, eraikin berean Bizkaiko zenbait kirol federaziorentzako bulegoak ere egin dituzte, eta baita 184 autorentzako aparkaleku bat ere.

Nafarroako Erresuma pilotalekuaren kasua desberdina da, izen bereko pabiloiaren eraikin berean baitago. Pilotalekua izango da pabiloi erraldoiaren alboan egongo den frontis eta pista auxiliar ezkerparetadun bat. Lau harmaila handi izango ditu, eta guztira 3.021 eserleku. Kantxako harmailan mila ikuslerentzako tokia egongo da, eta lehen solairuan beste 1.000 eserleku egongo dira; horrek sarrera merke gehiago izatea lagunduko du. Neurriei dagokienez, 38 metrokoa izango da, erreboteko pareta ez da finkoa izango, eta txapapean telebista kamera bat sartzeko zuloa egingo dute. Kolorea erabakitzeko dago, hori azken xehetasuna da, eta eragile desberdinekin eztabaidatuko dute. Dena den, pilotalekuaren berezitasun handiena galipotezko zorua estali eta bertan beste kirol jarduera batzuk egiteko aukera da. Esparzaren iritziz, hori zen lehentasunetako bat: «Ez genuen nahi urtean bi final hartu eta 363 urtez erabili gabe geldituko zen azpiegitura bat. Pilotalekua izan daiteke, baina baita Amaya Sport San Antoniok edo Trinmar Nafarroak egunero entrenatzeko pista bat ere».

Final enkantea

Horiek hala, urtebete barru finalak hartzeko eztabaida edo enkanteak has daitezke, eginiko diru inbertsio horiek justifikatu ahal izateko. «Ez da gure asmoa lehia horretan sartzea, zentzudunak izan behar dugu», azaldu du Esparzak. «Egitasmoa bideratu genuenean, Nafarroak zituen beharrak aztertu genituen, eta finalak hartzeko moduko pilotaleku baten gabezia ikusi genuen. Finalak egun handiak dira, jai egunak, eta halakoak gurean hartzeko aukera nahi genuen». Era berean, Esparzak garbi utzi du pilotaleku berriak ez duela Labrit zokoratuko. «Enpresek ikusiko dute, baina funtzio ezberdina dute. Labritek oso ondo funtzionatzen du, eta jaialdi arruntetan beti itxura ona du. Pilotaleku berriak ez du Labriteko jaialdi kopurua apalduko».

Lehia saihestu nahi izatea logikoa da, baina Nafarroako Gobernuak pilotalekuaren egitasmoa azaltzeko sorturiko webguneak «pilota profesional finalak hartzeko moduko pilotaleku» gisa deskribatzen du. Udalen aldetik bestelako diru laguntza edo abantailarik ezean, enpresek eserleku kopuruari begiratzen diote, eta agian sarreren prezioaren inguruko eztabaida ere sor dezake, ezin baita ahaztu aurtengo lehen bi finaletan Gasteizko Ogeta frontoia -2.000 ikuslerentzako tokia dauka- ez zela bete. Horiek hala, eta finalak hartzeko aukera gehiago izanda, beste aldagai batzuk garrantzia izango dute; babesleak, kasu. Egun bi aurrezki kutxa dira txapelketa nagusien babesleak: BBK, lau t'erdikoan eta buruz burukoan, eta Kutxa, binakakoan. Aurki ikusiko da finala nonbaiten joka dadin baldintza dezaketen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.