Podiumeko hirugarren eskailera bakarrik argituko du gaurko erlojupekoak. Antolatzaileek hori baino gehiago argitzeko asmoz erabaki zuten ibilbide gaiztoa, iazko udazkenean, baina Armstrong tartean dagoela, lantegi zaila hartu zuten. Saint-Etiennen hasi eta bukatuko da erlojupekoa, Erdialdeko Mendikatean. 55.5 kilometro ditu saioak eta ibilbidea gogaikarri samarra da, gorabehera etengabea. Hirugarren mailako mendate bat dago 40. kilometroan, baina nola diren kontuak, ez da hori ibilbideko puntu garaiena. 17. kilometroan 823 metroraino goititzen da ibilbidea.
Itzuli handietako bigarren erlojupekoetan espezialista petoen eta ez direnen arteko jauzia txikitu egiten da. Txirrindulariak hiru astetan hanketan hartu duen zigorraren ondorioa da hori. Indarrak eragiten ditu aldeak eta ez diziplina beraren zailtasunak.Erlojupekoa lehen astean balitz, Jan Ullrichek minutu zakua kenduko lioke Mickael Rasmusseni. Zezenaren pareko indarra du Ullrichek. Platera, katea eta pinoiak apurtuko dituela dirudi, errepidea jango duela. Ikaragarrizko potentziarekin astintzen ditu pedalak. Rasmussenek errepidea gorantz begira jartzen denean bezalatsu. Haren ibilera alaia, arina etengo duen aldaparik ez dago... Alpeetan.
Bi segundo pasatxo kilometroko
...Alpeetan, Pirinioetan komeria franko pasatu dituelako. Beroagatik izan ote den diote, Rabobank taldekoek, baina oilaskoa nahiko jota bukatzen ari da Tourra (goitizen hori du). Ullrichek 132 segundoko atzerapena du, alegia, 2.12koa. Bi segundo pasatxo kendu behar dizkio kilometroko eta lortzeko aukera duen edo ez ziurtatzea, eta argudioak ematea, ez da erraza. Ullrichek lor dezakeela, edo lortu behar lukeela da zentzuzkoena. Itxuraz, Rasmussen baino indartsuago dago, eta askoz hobeto moldatzen da erlojupekoan. Ibilbidea, ordea, ez da Ullrichen alde-aldekoa ere, eta igoerek espero baino onura gehiago eman diezaiokete Rasmusseni. Danimarkarraren aurretik irtengo da Ullrich eta Rasmussenek erreferentzi denak jasoko ditu. Barruan duen guztia ematen lagun diezaioke horrek, tarteko erreferentziak onak badira, baina hondoratu ere bai, txarrak badira.
Pedro Horrilloren, Rasmussenen taldekidearen bitartez jakin genuen, nagusiko hirugarrenak nahita galdu zituela bi minutu Gerardmerrera iritsi zen etapan, Schlucht gainetik hirugarren postuan igaro ostean, ihesaldietan askatasuna lortzeko bide. Askatasuna lortu zuen, baina podiuma galduko du horregatik, agian. Bi minutu ez dira asko. Nondik begiratzen zaion...
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA
Zezena eta oilaskoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu