Zezenari izkin egin nahi dio

Realak Leipzigen aurka jokatuko du gaur Europa ligako doikuntza kanporaketako joaneko partida, Alemanian. Januzajek min du, eta ez da ariko; Aihen deialdian da, eta Ander Martin ere sartu dute

Realeko atezain Alex Remiro baloia geratzen, alboan Joseba Zaldua taldekidea eta PSVko Mauro Ferreira dituela. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Realak Europa ligako final-zortzirenetan egon nahi du, baina horretarako doikuntza kanporaketa gainditu behar du lehendabizi. Multzoen fasean bigarren postuan geratutako taldeek Txapeldunen Ligatik jausitakoen aurka jokatzen duten kanporaketa da. Txuri-urdinek gaur jokatuko dute joaneko neurketa, eta zezen bat izango du aurrean: RB Leipzig.

Zezena, horixe baita alemaniarren ikurra, armarrian dutena, klubak dena zor dion animalia. Ez alferrik, Red Bull —zezen gorria, ingelesez— enpresak 2009an hutsetik abiatutakoa baita Leipzigekoa. Ordutik goraldi etengabean izan da, baina Realak zezenari izkin egin nahi dio, Europako bidean segitzeko.

Sasoi honetan, hirugarren izan da Txapeldunen Ligako A multzoan, eta hala moduzko hasiera batek kanporatu du lehiatik. Baita parez pare izan dituen aurkariek ere: «Txapeldunen Ligako taldea da, eta kasualitatez ariko da Europa ligan. Hemen baldin badago, aurrean Manchester City eta PSG izan dituelako da», esan zuen atzo Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak. Manchester City mendean hartu zuten alemaniarrek (2-1).

Orain, gainera, bolada are hobeagoan dago RB Leipzig. Zuzendaritza batzordeak Jesse March prestatzailea kargugabetu zuen abenduan, Domenico Tedescoren fabore, eta teknikari italiarrak suspertu egin du taldea. Bundesligan laugarren postuan dago, eta irabazi egin ditu azken bost partidetatik lau. Beste partidan estu hartu zuen Bayern Munich (3-2).

Kontuak horrela, kontrario zaila egokituzaie txuri-urdinei, baina Imanolek badu kanporaketa gainditzeko esperantza, eta, horretarako,gakotzat jo du itzulerako partidara zenbait aukerarekin heltzea: «Zalantzarik gabe, helburua hori da, baina hori lortzeko, gauza bat dut argi: han irabaztera atera behar dugu; bestela, zaila izango da zerbait ona lortzea. Zenbait aukerarekin itzultzea da helburua».

Joanekoan gertatzen denak zuzenean eragin baitezake kanporaketan. Realak badaki hori; aurreko sasoian, Manchester United izan zuen kontrario doikuntza fasean, eta lehen partidako astinduak aukerarik gabe utzi zituen donostiarrak. Oraingoan, lezioa ikasita daudela esan du Alexander Isak aurrelariak: «Urtebete igaro da, eta esperientzia handiagoa bildu dugu Europan. Prestatuago gaudela iruditzen zait. Orain aurreko partidan ere irabazi egin genuen, eta emaitza ona lortzea espero dut. Zaila izango da, ordea».

Jokalari gehienak, prest

Realak multzoaren zatirik handienarekin lur hartu du Alemanian. Partida aurreko azken lan saioa Zubietan eginda, atzo iluntzeaniritsi zen Leipzigera. Adnan Januzaj eta Martin Zubimendi etxean geratu dira; belgikarrak zuntz haustura du eskuin izterrean, eta donostiarra zigortuta dago. Kontrara, Aihen Muñoz osatu da igandean izandako karranpetatik, eta deialdian da. Baita Ander Martin ere; bigarren taldeko jokalaria.

Guztira, 23 jokalariko zerrenda osatu du Imanolek, eta teknikari oriotarrak azaldu du haiek guztiak «prest» daudela gaur aritzeko: «Januzaj kenduta, beste guztiak oso ondo daude. Aihenek karranpak izan zituen, baina hurrengo egunerako prest zegoen».

Beraz, Realak berme handiko multzoarekin ekingo dio RB Leipzigen aurkako kanporaketari, eta, gainera, 500 zaleren baino gehiagoren bultzada izango du harmailetan. Hori guztia baliatu nahi du zezenari izkin egin, eta doikuntza kanporaketari hasiera ona emateko. Lortzen badu, Europa ligan segi ahal izateko lanen erdia egingo dute txuri-urdinek.

LEIPZIG-REALA
Leipzig. Gulacsi; Klostermann, Orban, Gvardiol; Henrichs, Laimer, Haidara, Angeliño; Dani Olmo; Andre Silva, eta Nkunku.
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen; Merino, Zubeldia, Silva; Oiartzabal, Portu, eta Alexander Isak.
Epailea. Cuneyt Cakir (Turkia).
Lekua. Red Bull Arena (25.000).
Ordua. 21:00 (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.