Ziabogan kolpea jota

44. minutuan sartu du David Lopezek 1-0ekoa, eta bigarren zati guztian Mallorcak ez du aukera bakar bat ere sortu

unai zubeldia
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Urdaibaiko arraunlariek zaleen omenaldi xumea jaso zuten atzo San Mamesen, partida hasi aurretik, eta Athleticeko jokalariek arraunlarien olatuari jarraitzea erabaki zuten gero. Orain hamar egun kolpe latza eman zion Urdaibaik Kaikuri Kontxako banderan, lehen txanpan eutsi, ziabogara iristear zeudela aurrea hartu, eta bigarren luzean gozatuta. Lehen luzean irabazi zuten bizkaitarrek Kontxako bandera, ziabogan, eta Athleticek ere hala egin zuen atzo. Lehen ordu erdian Mallorcari eutsi -lehen 45 minutuetan apenas sortu zuten aukerarik bi taldeek, baina Michael Laudrupen jokalariak txukunago aritu ziren zelai erdian-, eta lehen zatia amaitzera zihoala gol arraroa sartuta. David Lopezek sartu zuen 1-0ekoa, 44. minutuan, berez erdiraketa zena jaurtiketa dotore bihurtuta. Ziabogan kolpea eman, eta bigarren zatian kontrolpean izan zuten bilbotarrek partida.

Hain kontrolpean, lehen zatiko joko apala ahaztu, Mallorcari baloia kendu, eta gozatu egin baitzuten bilbotarrek azken 45 minutuetan. Atzokoa ez zen goi mailako partida izan. Ezin da ahaztu lehen zatian oso itxura eskasa eman zutela bi taldeek -Llorenteri falta asko adierazi zizkion epaileak baloi luzeetan, eta horrek moteldu egin zuen jokoa-, baina Athleticek zazpi puntu lortu ditu dagoeneko, etxeko lehen partida ere irabazi du, hegaletatik min handia egiten jarraitzen du, eta harrobiak ate-joka jarraitzen du. Seinale onak dira horiek.

Nunesen penalti inozoa

1-0ekoarekin, lasai zelairatu ziren etxekoak bigarren zatian, eta San Joseren huts batean, banakoa lortzeko zorian egon zen Pereira. Baina adi ibili zen Iraizoz. Hortik aurrera Mallorcak ez zuen aukera bakar bat ere sortu. Bakar bat ere ez. Zelai erdian baloiaren jabe izan zen Athletic, eta Muniainek eta Igor Martinezek min handia egin zuten bi hegaletatik. 51. minutuan sortu zuen lehen aukera Igor Martinezek, Llorenterekin egindako bat-biko batean, eta 62. minutuan iritsi zen lasaitasunaren gola, 2-0ekoa. Aurtenetxek hegaletik atera, Llorentek buruz atzeraka eman, eta Nunesek besoarekin eman zion baloiari area barruan. Penalti inozoa, baina argia. San Josek lasaitasun handiarekin jaurti, eta barrura.

Lehen erraz zegoena, are errazago jarri zen orduan. Ezer askorik egin gabe, zelai erdian berehala berreskuratzen zuten baloia bilbotarrek, Igor Martinez eta Llorente 3-0ekoa sartzeko zorian izan ziren. Berekoi jokatu zuen aurrelari errioxarrak 85. minutuan, eskuinean bakar-bakarrik zegoelako De Marcos zelairatu berria. Lehen hiru jardunaldietan gola sartu du Llorentek, eta atzo ere nahi zuen laugarrena. Baina De Marcosek berak lehenengo, eta zaleek gero, errieta handi samarra egin zioten.

Urdaibaik Kontxan egin bezala, ziabogan hasitako lana dotore biribildu zuen atzo Athleticek 92. minutuan. De Marcosek Susaetari eman, hark atzean utzi, Llorentek jaurti, atzelariak urrundu, eta Iñigo Perezek barrura. 3-0, eta hiru puntu gozo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.