Konturatu gabe gainean dugu traineru denboraldi berria, eta TKE Ligari dagokionez, zaila da asteburu honetarako pronostiko zehatza egitea, hasieratik gerora asko aldatzen da-eta talde bakoitzaren sasoi puntua. Hala ere, garbi dago denek nahiko dutela goi-goian egon, ibilaldi luze horretan lanerako beharrezkoa den lasaitasuna ematen baitu horrek. Gainera, kontuan hartu behar da ligarako borroka horretan berdin balio dutela denboraldi hasierako puntuek eta bukaerakoek, beraz, liga irabazi edo play off-etik at geratu nahi duenak, aurreneko estropadatik hasi beharko du puntuak pilatzen. Eta, jakina, ahaztu gabe estropada guztietan dagoela bandera jokoan.
Esan dut zaila dela pronostiko zehatz bat egitea, baina iazko denboraldian traineruek emandako maila kontuan hartuta, denboraldian zehar izandako gorabeherekin, eta ekainean jokaturiko zenbait traineru estropadarekin, pentsa daiteke Orio, Hondarribia, Astillero eta Castro izan daitezkeela aurten ere goiko postuetan borrokan izango diren oilarrak.Aipatzekoa da Urdaibairen norabidea. Iaz liga irabazi eta denboraldi bikaina burutu bazuen ere, baja asko eta garrantzi handikoak izan ditu eta nahiko lan izan dute taldea osatzen. Beraz, badirudi aurten oso zaila izango dutela goiko postuetan izatea. Gainera, beheko postuetatik alde egiteko borroka gogorra izango denez, kontu handiz ibili beharko du.Pedreñak fitxaketa handiak egin omen ditu eta Kantabrian jokatu diren azken estropadetan Astillero eta Castrorekin borroka estuan aritu da. Beraz, adi egon beharko da talde horrekin.Galiziarrei buruz ez dugu erreferentzia handirik, baina Galizia aldean esaten dutenez Cabo da Cruzek maila ederra emango duela dirudi.Zalantza asko eta jakin-min handia. Egun gutxi barru jakingo dugu askoz gehiago. Asteburua interesgarria dugu aurretik eta adi egon!TKE ligaren hasiera interesgarria bada, zer esanik ez Federazio Ligarena. Hemen asko dago jokoan asteburu honetan, sailkapen estropada larunbatean eta igandean jokatuko baita. Talde askorentzat denboraldi osorako asmoak eta nahiak daude jokoan, alde handia baitago A edo B mailan aritzean, eta talde guztiek jarriko dute duten guztia.Larunbatean sei sailkatzen direnez lasaitasun ederra hartuko dute sei aurrenekoek. Beste guztiek, berriz, gelditzen diren bi tokien bila jo beharko dute igandean. Hemen ez dago beste aukerarik, talde asko daude helburu berberarekin eta horrek urduritasuna ekarriko du.Pronostikoak egiterakoan ekainean jokatu diren estropadei begiratzea lagungarri izan daiteke eta hemen ikusitakoaren arabera, talde batzuek erakutsi dute gaitasuna sailkapen estropada honetan aurrera egiteko. Esate baterako, Zumaiak, Zierbenak, Zarautzek, San Pedrok eta Ondarroak. Horiek guztiek estropada batean edo bestean maila bikaina eman dute eta faboritoen artean daudela esan daiteke. Hala ere, badira beste zenbait talde borrokarako prest eta ez du inork lasai egoterik.Kantabriarrak ere izango dira sailkapen estropadan. Horiei buruz ez dakigu ezer asko. Ekainean jokaturiko estropada gehienak beraien artekoak izan dira. Hori bai, lehia estuan aritu dira elkarren artean. Dugun erreferentzia bakarra Santanderrek Elantxoben jokatutako estropada da. Ez zen oso maila handian aritu, baina tira! Estropada bakarra ez denez erreferentzia fidagarria, horiek ere kontuan hartu beharko ditugu.
ZIABOGAN. Konturatzerako, denboraldi berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu