Arrauna

Zierbena eta Arraun Lagunak nagusi, Donostian

Juan Zunzunegiren taldeak atzetik aurrerako lan ikusgarri baten ostean, sasoiko lehen bandera irabazi du Donostian, Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian. Euskotren ligan, berriz, Lugañene trainerua aise nagusitu da, eta denboraldiko bigarren bandera irabazita, lidertza sendotu du Arraun Lagunak-ek. 

jarraia200334.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 10a
18:35
Entzun

Ofizioa eta eskarmentua. Bertute horiek dira Zierbenaren makulu nagusiak. Juan Zunzunegiren taldeak neguan erakutsi zuen traineru borrokalaria izango zela udako denboraldian. Bada, gaur berretsi duten euren nagusitasuna, Donostian irabazita, Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian. Sekulako estropada egin du Zierbenak, batez ere, bigarren luzetik aurrera, eta behin estropada buruan ezarrita, Santurtzi eta Donostiarra ez dira gai izan Zunzunegirenak harrapatzeko. Aitor Lazcano eta haren kuadrillak kronometro guztiak txiki dituzte, baita Hondarribiak bigarren txandan ezarritakoa ere. Bestalde, sailkapen nagusian Zierbenak bi puntu jan dizkio Santurtzi egungo liderrari.

Zoriak hala erabakita, Santurtzi lehendabiziko kaletik aritu da; Donostiarren bigarrenetik, Zierbena hirugarrenetik; eta Urdaibai laugarrenetik. Ohorezko txandako lau oilarrek bazekiten kontuan hartu beharrekoa zela Hondarribiak egindako denbora. Hala, hasieratik lehertzera atera dira. Hasi, behintzat, bide onetik ez dira hasi Zierbenakoak. Irteera eman eta lehen minutuan bi segundoko atzerapena izan dute, baina lehen berotu aldian, galdutakoa berehala berreskuratu dute, beste hiru oilarren pare jartzeraino. Santurtzik hartu du estropada burua, nahiz eta beste ontziak pare bat tosta atzetik zituen. 17:40ean marea behean izanda, itsaslaster gehiago zuten ohorezko txandakoek, eta hori ekidite aldera, estropada eremuko bi ertzetako kaletik zihoazen Santurtzik eta Urdaibaik erdiko kaleetara joateko norabidea hartu dute.

Donostiarrak egin du lehen ziabogako denborarik onena. Segundo bat geroago iritsi da Santurtzi, eta bi geroago Zierbena eta Urdaibai. Josu Andoni Barturen Bou Bizkaia ontziko patroiari trainerua joan egin zaio. Ez dute behar bezala jiratu, eta bermeotarrek larrutik ordaindu dute une hartatik amaiera arte. Aurrean, berriz, Donostiarra poparean ederki ari zen gozatzen. Arkaitz Diaz lemazainak ez zuen indarrik egin behar, ontzia ongi gogortuta baitzihoan. Dena den, Santurtzi segundo batera zeukan, eta Zierbena laura. Estropadako lan erdietan, Santurtzi iritsi da barruko ziabogara lehena. Donostiarra eta Zierbena ere ez ziren urrun. Hain zuzen, Lazcano Zierbenako patroiak ziaboga azkarra eman du, eta Torrekua ontziaren aurretik atera da. Donostiarra atzean ikusteak hauspoa eman die Zunzunegiren arraunlariei, eta arraunketa galdu gabe, Santurtziren pare jartzea lortu dute. Baita aurretik jarri ere. Hain zuzen, bi ontziak une horretan Hondarribiaren denboretan ziren.

Hirugarren luzean, haizeak pittin bat gora egin du, eta arraunlariek nabaritu dute hori. Diaz, esaterako, Torrekuaren txopan makur-makur eginda joan da, haizea saiheste aldera. Bien bitartean, Zierbena aurrera zihoan, apurka-apurka, aurrera, ubera pasaz. Azken ziabogan, Zierbenak Santurtzi eta Donostiarrarekiko hiru segundoko segundoko tartea zuen bere alde. Urdaibai, berriz, hamasei segundoko galera zuen.

Azken luze erabakigarrian, Gorka Aranberri Santurtziko patroiak istriborreko norabidea hartu du erabat, hots, laugarren eta bosgarren kaleetara zihoan, sakonera gutxiago egonda, zeuden olatu apur horiek hartzeko. Lazcanok, ordea, bere kaleari eutsi dio, eta ez da arriskatu. Hain zuzen, Zierbenakoari ongi atera zaio jokaldia, aldea handituz joan baita Santurtzi eta Donostiarrarekiko. Baita Hondarribiarekiko ere. Halere, ez zegoen ezer erabakita, eta Lazcanok dena emateko eskatu die arraunlariei. Haiek patroiaren aginduari kasu egin eta erritmoa sarritu dute. Garaipenak ez die ihes egin, eta Hondarribia baino bi segundo lehenago helmugaratu dira. Denboraldiko lehen garaipena lortuta, bihar hauspotuta ariko dira etxeko estropadan, Zierbenan. Zunzunegiren taldearekin batera, Hondarribia, Santurtzi eta Orio ariko dira ohorezko txandan.

Sailkapena

1. Zierbena 19.50,94

2. Hondarribia 2,44ra

3. Santurtzi 5,30era

4. Orio 7,56ra

5. Donostiarra 9,80ra

6. Urdaibai 21,64ra

7. Cabo 25,78ra

8. Ares 31,88ra

9. Ondarroa 36,54ra

10. Tiran 43,02ra

11. Isuntza 56ra

12. Zarautz 1.09,22ra

Arraun Lagunak, aise

Bigarrena non eta etxean. Arraun Lagunak aise nagusitu da Donostian, Euskotren ligako bigarren jardunaldian. Estropada biribila egin dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek, hasieratik amaiera arte, eta, hala, denboraldiko bigarren bandera irabazi dute. Lorpen horrekin, gainera, Donostiako taldeak sailkapenean lidertza are gehiago sendotu eta Oriori beste puntu bat atera dio. Hain zuzen, San Nikolas ontzia izan da bigarren, sei segundora; Hondarribia hirugarren 10era; eta Donostiarra laugarren, 12ra.

Iragarrita zegoen haizeak iparretik joko zuela. Baina, aurreikuspenak batzuetan ez dira bete-betean asmatzen; mendebaleko ukitua zuen, eta 17:40ean marea goian izanda, apenas zegoen korronterik. Kontxan estropada jokatzeak eragiten duen tentsioari kaleen zozketak sortzen duen urduritasuna gehitu behar da, eta sentipen hori nabari zen arraunlari zen entrenatzaileen artean. Zoriak hala erabakita, Arraun Lagunak irabazleari lehen kalea egokitu zaio, eta bigarrena Hondarribiari. Hirugarren kaletik Donostiarrak egin du arraun, eta laugarrenetik Orio aritu da. Semaforoa berde jarri orduko, Arraun Lagunak-eko arraunlariek eman dituzte lehen palada indartsuenak, eta hasieratik estropada burua hartu dute. Oriok soilik eutsi dio Arraun Lagunak-en joaldiari. Hondarribia eta Donostiarra apur bat atzeratu dira.

Lehen hiru minutuetan, aurreneko kale inguruan hondo gutxi egon ohi da, eta olatuen errepunpen ondorioz, eremu hori besteek baino zikinxeago egoten da. Arraun Lagunak-ek, ordea, berean jarraitu du, pala uretan ongi pasatuz eta ohi baino gorago libratuta. Behin itsaso zabalean sartu direnean, trapailarik egon ez arren, lau traineruak zanbuluka zenbiltzan. Minutu horietan, arraunketa ez galtzea da gakoa, eta Lugañene ontzian zihoazen arraunlariek lanean serio jardun dira, harik eta ziabogara iritsi diren arte. Bost minutu eta 28 segundoan egin du Arraun Lagunak-ek kanporanzko luzea. Orio lau segundo geroago iritsi da, eta zertxobait irekiagoa egin du Nadeth Agirre patroiak. Propio egin du, ontziari abiadura ez galtzeko asmoz. Sei segundo geroago Donostiarra heldu da, eta zazpira Hondarribia.

Ontzia jiratu eta berehala, Arraun Lagunak-ek eta Oriok olatu bana hartu eta hanka egin diete Hondarribia eta Donostiarrari. Hala, Arraun Lagunak-ek bidea libre zuen bigarren kalera joateko. Hain zuzen, Andrea Astudillo patroiak istriborrera jo, eta asmatu egin du. Donostiarrek Oriori ontzi bateko aldea atera die, tartea, eta, apurka-apurka handitzen joan dira; momentu batean, zazpi segundora zabaldu dute tartea. Atzean, berriz, Hondarribia eta Donostiarra Oriorengana hurbildu dira. Lehia handia izan dute hiru ontziek amaiera arte.

Arraun Lagunak-ekoak arraunean gozo-gozo ari ziren, minutuko 37 paladako erritmoan, eta poparean nagusitasunez ontzia airean eraman dute. Amaieran, etxean ez dute hutsik egin, eta Arraun Lagunak-ek, Euskotren ligan ari denetik, lehendabizikoz irabazi du Donostiako bandera. Horrenbestez, sailkapenean, Juan Mari Etxaberen taldeak lidertza sendotu du. Bi puntura du orain Orio. Hondarribiak, bestalde, Donostiarrari puntu bat jan dio, bira hurbildu zaio.

Bihar, Zierbenan izango da Euskotren ligako laugarren jardunaldia (11:40, ETB1).

Sailkapena

Arraun Lagunak 10.59,22

Orio 11.06,12

Hondarribia 11.10,16

Donostiarra 11.11,70

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.