Donostiako uretan lehia estua izango dela aurreikus daiteke iganderako, Kontxako Banderaren bigarren estropadan. Zierbenak eta Hondarribiak dute bandera preziatua irabazteko aukera handiena, eta pare-parean abiatuko dira biak, segundo baten baino gutxiagoren aldearekin sartu baitziren atzo helmugan. Zierbenak egin zuen denborarik onena (19:26:20), eta 86 ehunen gehiago behar izan zituen Gudalupeko Ama-k (19:27:06).
Urdaibai ere segundo baten baino gutxiagoren aldearekin iritsi zen helmugara, baina azken sailkatua da, epaileen erabakiz. Izan ere, Bou Bizkaia-k arraunak gurutzatu zituen Zierbenarekin, itzulerakoan. Zierbenak bere kalea utzia zuen bosgarrenera joateko, eta, irla parera iritsi zirenean, laugarrenera itzuli zen olatuen errebotea sahiesteko. Kalez aldatzerakoan, Urdaibairekin egin zuen topo. Ordurako, bermeotarrek abisua jasoa zuten epaileengandik baborrera joateko, baina ez zuen agindua bete, eta bi ontzi bizkaitarren arraunek elkar jo zuten. Epaileek, irudiak aztertu ostean, Zierbena abordatzea leporatu zioten Urdaibairi, eta azken postura bidali zuten, azkenaren marka eta beste 15 segundo gehiagoko denborarekin.
Euskal Herriko Arraun Federazioaren arautegiak 35. artikuluan jasotzen duenez, abordatzea bi ontzik talka egiterakoan edo bi ontziren arraunek elkar ukitu eta horien boga eragozten dutenean gertatzen da; betiere, epaileak ez badio irizten ukitua oso arina izan dela eta ezin izan diola emaitzari eragin.
Atzo, estropadan, traba nabarmena izan zen, eta epaileek abordatzea izan zela ebatzi zuten, "arraunen talka" izan zelako. Epaileen aktak azaltzen duenez, Urdaibairi abisu eman zioten Zierbenaren kaletik baborrera joateko, baina hark ez zuen agindua bete. Ondorioz, araudiko 64. artikulua ezarri zitzaion Urdaibairi, eta azkenaren marka gehi beste 15 segundoko denbora egokitu diote.
Hona gizonezkoen zortzi traineruen sailkapena:
1. Zierbena (19:26:20)
2. Hondarribia (19:27:06)
3. Santurtzi (19:41:32)
4. Cabo (19:43:22)
5. Orio (19:47:16)
6. Donostiarra (19:59:18)
7. San Pedrotarra (20:00:64)
8. Urdaibai (20:15:64)
Emakumezkoen lehian, San Juan izan zen nagusi. Sei segundoren tartea atera zion Riveira talde galiziarrari, eta segundo bat gehiago Oriori.
1. San Juan (10:41:66)
2. Riveira (10:47:76)
3. Orio (10:48:86)
4. Arraun (10:55:40)
5. Hibaika (11:01:42)
6. Donostiarra (11:06:66)
7. Kaiku (11:06:76)
8. Tolosaldea (11:15:66)