Orain arte aurtengo Eusko Label ligan inork lortu ez zuena lortu du gaur Zierbenak: denboraldian bigarren aldiz lehen postuan sailkatzea. Orain arteko bost estropadek bost garaile izan dituzte —Santurtzi, Hondarribia, Ondarroa, Urdaibai eta Zierbena bera—, eta gaur, ozta-ozta, seigarren garaile bat egotea eragotzi dute bizkaitarrek: segundo eta erdi atera diote Oriori.
Bigarren txandan atera da Zierbena, eta horrek zertxobait mesede egin dio; izan ere, azken txandan haize gehixeago zegoen, eta itsaslasterra ere indartsuagoa zen. Dena den, estropada bikaina egin du Zierbenak, eta horren erakusle dira bigarren txandako aurkariei atera dizkien tarteak: hamalau segundo Donostiarrari, 30 Cabori, eta 38 Lekittarrari.
Ohorezko txandan, berriz, hasieratik zen jakina kale ona zela Oriorena, laugarrena. Bigarrena baino txanda lehiatuagoa izan da, baina San Nikolas-ek urteko estropadarik onena egin du, eta abantailatxoa atera die aurkariei: bost segundo Hondarribiari, zortzi Santurtziri, eta hamasei Bermeori. 19:59,70 denborak, ordea, ez dio balio izan Zierbenari garaipena kentzeko, segundo eta erdi eskasgatik. Oriotarrek, beraz, gizonezkoen denboraldiko lehen aliron-aren zain jarraitu beharko dute, nahiz eta begi bistakoa den ontzia geroz eta hobeto doala (atzo ere bigarren egin zuten).
Sailkapenaren behealdeko lehian, berriz, Tirani bi puntu jan dizkio sailkapenean Zarautzek, eta laura dago orain; bien tartean sartu da Lekittarra; gaur egun txarra izan du. Lehen txanda hasieratik amaierara mendean izan duena Ondarroa izan da, eta zazpigarren amaitu du eguneko sailkapenean.