Zigandaren begikoa

Mikel Vesga da berrikuntza nagusia Athleticen hasierako hamaikakoan. Entrenatzaileak fede itsua izan du beti erdilari gaztearengan. Aurreko denboraldian Sportingen utzita aritu izanak, gainera, mesede egin dio.

Mikel Vesga, Filipe Nascimento Dinamo Bukaresteko erdilariarekin lehian, joan den astean, Europa ligako kanporaketako joaneko partidan. ROBERT GHEMENT / EFE.
Julen Etxeberria.
2017ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Apenas dagoen aldaketarik Athleticen hasierako hamaikakoan, aurreko denboraldiarekin alderatuta. Bi dira aldaketak. Halabeharrezkoa da bata. Yeray Alvarez jokatu ezinik dago, eta Xabi Etxeita ari da haren ordez defentsaren erdian, Aymeric Laporterekin. Beste aldaketa, ordea, Jose Angel Ziganda Kuko-k hala erabakita da. Mikel Vesga (Gasteiz, 1993) ari da euskarrian Beñat Etxebarriarekin, Mikel San Joseren kaltetan.

Inor gutxi harrapatu du ezustean Zigandak Vesgaren alde egin izanak, erdilaria beti izan baita entrenatzailearen oso gustukoa. Jokalariak Zigandak entrenatutako bigarren taldean pilatutako estatistikak dira horren erakuslerik onena. 2014-2015eko sasoian, 38 neurketa jokatu zituen, eta bere lana erabakigarria izan zen Athletic B Espainiako Bigarren Mailara igo zedin. Bigarren Mailan ere ezinbestekoa izan zen. Partida bat ez beste guztiak jokatu zituen; 41, guztira. Horri esker, Ernesto Valverdek sasoi-aurrea egiteko deitu zion. Oso txukun aritu zen, eta entrenatzaileak saritu egin zuen, ligako estreinakoan debuta eginda.

Iristea ez, eustea izan ohi da zailena. Vesga berehala hasi zen desagertzen deialdietatik. Apenas jokatzen zuen. Horregatik, utzita joan zen Sportingera neguko merkatuan. Egoera oso zailean zen Gijongo (Espainia) taldea, mailari eusteko lehian buru-belarri. Presio handia zegoen taldearen inguruan. Ez zirudien tokirik aproposena. Vesga, ordea, ez zen kikildu. Joan Francesc Ferrer Rubi-k iritsi orduko eman zion lema. Aspaldiko partez, entrenatzailearen konfiantza zuen berriz ere, eta horrek mesede galanta egin zion. Aurrerapausoa eman zuen, eta barruan duen guztia ematen hasi zen. Bi norgehiagoka ez beste guztiak jokatu zituen bigarren itzulian; hamazazpi, guztira. Gol bat ere sartu zuen. Sportingek maila galdu zuen, baina Vesgak arrastoa utzi zuen.

Zigandak ez du zalantza izpirik izan: taldean nahi du, eta zelaian, jokatzen. Denboraldi-aurrean jokatutako lagunarteko garrantzitsuenak jokatu ditu, baita orain arte jokatutako partida ofizial bakarra ere; Dinamo Bukaresten aurkakoa, Europa ligan. Maila ona eman du beti, eta guztietan eman du bere dohainen berri: ondo moldatzen da erdiko atzelariekin baloia atzetik aurrera ateratzeko, eta oso ondo egiten ditu Beñaten bizkartzain lanak. Teknika eta taktika ere uztartzen ditu. Oraingoz, aurrea hartu die San Joseri, Ander Iturrasperi, Mikel Ricori eta Unai Lopezi —azken hori utzita ariko da Rayon—. Mesede egin dio ere Mikel Merino iritsi ez izanak. Zigandak aukera eman dio, eta ez du pasatzen utzi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.