Zonakako defentsa

Zigorra

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Erredentzioa. Inork espero ez dituenak gertatzen direlako da polita saskibaloia. Inork ez zuelako espero derbiak herenegun izan zuen bukaera izatea. Are gutxiago, eduki zuen protagonistarekin. San Emeteriok -7ko balorazioa zeramalako Gescrapen aurkako bi partidetan, eta jaurtiketa saio txarra. Txarra baino okerragoa: 22 jaurtiketa egin, eta bi bakarrik sartu. Bikoetan 13 egin, eta denak kale. Amorratuta zebilen Santanderkoa, ezin asmatu, ezin taldeari lagundu. Egiten zuena egiten zuela, dena gaizki, eta azken segundoan, danba! Patuaren keriak. Bitxia hegalekoaren bukaerako erreakzioa, meritu oro ausardiari eta zorteari eman baitzion. Meritu handikoa Baskonia jaiki izana, inork espero ez zuenean. Teletovic, San Emeterio eta Prigioniri goitizena jarri diete dagoeneko Gasteizen: Hirutasun Santua. Bizkaitarrei dagokionez, gorabeheratsu aritu ziren, baina garaipena lortzear izan zirela ezin ahaztu. Gauaren ilunean, 02:00 aldera abiatu zen Baskonia Gasteiz aldera. San Emeterioren musika entzungailuan, abesti ezagun bat: Redemption song, Bob Marleyrena.

Kantxaz kanpoko ondorioak. Kiroltasuna bidaia-lagun ona izaten da. Zaleengan zailagoa da, muturreko jarrerak edukitzeko joera nabaria delako. Batez ere, tartean Bilbo eta Gasteizko taldeak baldin badaude. Bien zale taldeek elkarri gutxieneko errespetua diotela esan liteke, baina salbuespenak egon badaude. Bi aldeetan, eta, zoritxarrez, salbuespen horiek dena kakazten dute. Gutxi batzuen erruz gorrotoa indartzen delako. Kritikatzeko modukoa da komunikabide batzuen jarrera. Taldearen porrota epaileen bizkar jartzen dutelako. Bizkaian gehien irakurtzen den egunkariak «harroputz» deitu dio biharamuneko kronikan Mitjana epaileari, eta epailearen lana baloratzeko idazten duen lore samurrena, berriz, «lotsagarri» hitza da. San Emeterioren hirukoa sartu izan ez balitz, ez litzateke halakorik gertatuko, baina sartu egin zuen, eta errudunak bilatu behar, nonbait. Joan den astean ere epaileek Bizkaiaren aldeko joera erakutsi zuten Euroligan. Bizkaia aldean ez zuten ezer esan. Gasteizen lerro gutxi batzuk. Zigorra merezi zuenari eman zioten: taldeari.

Urte berri, aro berri? Bizkaia 10. postura jaitsi da azken unean galdu ostean. Seigarrena izango zen garaipena lortu izan balu, baina banu, banintz eta balego... Garaipen bakarrera du Kopa, baina jardunaldi bat gutxiago geratzen da, eta gerrikoak gero eta gehiago estutzen du. Unicaja eta Lagun Arorekin ditu hurrengo lehiak, eta bietan garaipena lortzea komeni. Baskoniak ere bere laguntzatxoa eman diezaioke iparraldeko bizilagunari, Fuenlabrada hartuko baitu Gasteizen. Euroliga gabe, partida bakoitza mugarri bat bilakatu da arabarrentzat, eta helburua argia da: Kopa iritsi arte norgehiagoka guztiak irabaztea.

Buruko indarra. Harritzeko moduko hiru partidako zikloa osatu du Lagun Arok. Taldeak erasoan talentu asko zuela jakina zen, baina donostiarrek defentsan lortu duten sendotasuna goraipatzeko modukoa da. Endesa Ligako edozein talde 45 puntutan uztea oso zaila delako. Halakoak gertatzen direnean, bi aukera daude: parekoa oso txarra izatea, edo defentsa aparta izatea. Kanaria Handia Valladoliden 89 puntu sartzetik zetorren, eta erantzuna argia da: Sito Alonsoren taldearen defentsa lana bikaina izan zen. Denboraldi batean gutxitan gertatzen da, talde batek feeling ezin hobea lortzen duela, zaila zena erraz egiten duen une hori. Eta hori egiten duelako, konfiantza irabazten du, eta bere aukeran sinesten. Eta garaipenek kalitateko lan saioak ekartzen dituzte astegunetan. Eta entrenamendu horiek indar handiagoa. Onurak dakartzan katebegi luzea da, eta astearteko partidak esango du Lagun Aro non dagoen, eta noraino irits daitekeen. 6-8 balantzearekin bakarren bat ametsetan hasiko delako, oraingoz amestu behar ez diren kontuekin. Jarri burua urtarrilaren 8an. Lagun Aro lau garaipeneko boladan, eta Miribillara bisita, Kopa jomugan. Ederra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.