Hamargarren aldiz korrituko du Munduko Txapelketako proba bat Joane Somarribak. 1990. urtean, 18 urterekin, korritu zuen lehen aldiz. Hamar parte-hartze horietako balantzeak, txarra izan gabe, ez du zerikusirik Somarribak Munduko Txapelketatik kanpoko probetanlortu duen palmaresarekin. Jeannie Longo frantziarrarekin batera, txirrindulari bizkaitarra izan da azken urteetako karrerista onena.
Ez ditu alferrik irabazi Frantziako hiru Tour eta Italiako bi Giro. Munduko Txapelketan iazkoan (Zolder, Belgika) lortu zituen emaitza onenak. Brontzea lortu zuen errepidekoan, eta emaitza bera edo hobea lortzeko zorian egon zen erlojupekoan. Somarriba laugarren izan zen. Hiru ehunenengatik galdu zuen brontzea eta 98 ehunenengatik zilarra, Karin Thurig eta Nicole Brandli suitzarren mesedetan, hurrenez hurren.
Zilarra eta urrea bakarrik falta zaizkio Sopelakoari nahikoa lodia den palmaresa are gehiago loditzeko. Gaur du lehen aukera helburu hori betetzeko. Ondo bidean, Somarribak aukera gehien duen diziplina da erlojupekoa, errepidekoan aurkariak gehiago eta hobeak direlako.
20,8 kilometro ditu emakumeen erlojupekoak. Ibilbidea ikuskatu zuten atzo Joane Somarribak eta Dori Ruano espainiarrak, Espainiako selekzioko kideak biak. Pozik mintzatu ziren biak eta Ruanok Somarribak «burua horretan dauka erabat», esan zuen. Euskaldunak «zirkuitua Lisboakoaren antzekoa zela esan zidaten, baina ez da hala. Igoera gogor bat dauka hasieran, jaitsiera txiki bat eta gorabehera askoko 10 kilometro zail». Proba azken igoeran erabakiko dela uste du Somarribak, «justu joango garelako denak eta litekeena delako haizeak aurka jotzea». Helmugara bitarteko jaitsiera arriskutsua dela esan du Somarribak, «ez zaie pedalei eragin behar eta aldats gora hustea izango da gakoetako bat».
Ibilbideari gainbegiratua egin ostean, bihurria dela esan daiteke. Lehen 1.500 metroek gorantza egiten dute, desnibela txikia bada ere. Ibilbideko lehen mendate txikia igotzen da jarraian. 1,7 kilometro da luze eta desnibela, 82 metrokoa. Gaina harrapatuta atsedenik ezin hartuta jarraitu beharko dute lanean txirrindulariek, bideak gora eta behera egiten baitu etengabe. 222 metroko kota da ibilbideko garaiena, baina 10 kilometroan 198 metrora jaitsi, 205 metrora igo, 195 metrora jaitsi... gorabeherak daude beti. 14. kilometroan bi kilometroko jaitsiera dago eta jaitsiera bukatuta, dominak erabakiko dituen igoerari ekingo diote txirrindulariek. Ez da lehenengoa baino gogorragoa, bi kilometro eta erdian 110 metroko desnibela gainditzen baita. Bigarren aldapa delako egingo du min gehiago, gainetik bi kilometro eskas geratzen baitira helmugarako, beherantza.
Aurreko Munduko Txapelketetan, erlojupekoetako probetako emaitzei erreparatzea lagungarria izan liteke oso dominak lortzeko hautagaien zerrenda osatzeko. Zabirova da aukera gehien dituena, errusiarra baita jarduneko munduko txapelduna. Nicole Brandlik zintzilikatu du zilarrezko domina azken bi urteetan eta gaur azken koska igotzeko asmoa edukiko du suitzarrak. Ljunskog, Longo, Arndt, Rasa Polikeviciute, Dori Ruano eta Edita Pucinskaite ere maila handiko txirrindulariak dira.
Alemaniako Knopfle eta Fothenentzat lehen bi urreak
Alemaniako bi txirrindularik lortu zituzten urrezko lehen bi dominak. Emakumeetan, jubeniletan, Bianca Knopflek irabazi zuen urrea, bi holandarrei, Loes Markerinki eta Iris Slappendeli, aurrea hartuta. 23 urtez azpiko gizonen mailan, Marcus Fothen alemaniarra nagusitu zen. Zilarra Scheuneman holandarrarentzat izan zen eta brontzea Bespalov errusiarrarentzat.
MUNDUKO TXIRRINDULARITZA TXAPELKETA
Zilarra eta urrea bakarrik falta ditu
Zoulfia Zabirova, Judith Arndt, Nicole Brandli, Sussanne Ljunskog eta Dori Ruano dira, besteak beste, Somarribaren aurkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu