Bosgarren Hiribidetik

Zilarra urrea urtzen ari da

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Urrea eta purpura behera... Dirua daukatenek etxeak ez, urrea eta zilarra erosi omen dute suelto azken urtean. Inbertsio emankorrenak direla diote adituek, baina deigarria da zilarraren salneurriak izandako igoera. Urrea baino askoz gehiago igo delako. %74 zilarra, eta %27 urrea. NBAn ere gainbeheran daude urrearen akzioak. Elastikoetan urrea eta purpura erakusten duen taldea, Los Angeles Lakers, hankamotz dabilelako. Atzo Memphisen aurka galdu zuten etxean Kaliforniakoek, eta abenduko azken astean ere hiru partida galdu zituzten jarraian. Bereziki aipatzekoa izan zen Miamik Staples Center kantxan emandako kolpea, barregarri utzi baitzuten Lakers. Kobe Bryant lehertu egin zen, eta ozen esan zuen: «Taldekideei ostikada bat emango diet ipurdian. Ez dakit zer demontre egiten ari diren». Bryantek ez du bere jardunaren inguruko iritzirik eman, baina ez dabil taldekideak baino askoz hobeto.

...eta zilarra goraka. Zilarrezko mailan San Antonio Spurs eta Miami taldeak sartzen baditugu. Alegia, hautagai izan arren, sasoi hasieran faborito ia bakarra —Los Angeles Lakers— baino koska bat beherago zeuden taldeak. San Antonioko ezproiek dute NBAko marka onena (29-4), eta aditu batzuek diote Chicagoren errekor ikusgarria hobetzeko moduan daudela: 72-10, 1995-1996ko denboraldian. Texaskoak Tim Duncanen zenbaki ikusgarririk gabe ari dira egurrean, haren oinordekotza prestatzen ari diren seinale, De Juan Blair gihartsuarekin, eta Tiago Splitterrekin, pixkanaka. Gary Neal, George Hill eta Matt Bonner ere asko laguntzen ari dira, eta Manu Ginobili eta Tony Parker betiko legez ari dira: geldiezin. Miamirekin ere kontuz. Gaizki hasi ziren, eta LeBron James Eric Spoelstra teknikariarekin ere haserretu zen. Baina goraka doaz, eta hiru izarren lana biribiltzen duten langile finak lortzen ari dira partidaz partida.

NBA Hornets. Krisia munduko txoko guztietara iritsi da, baita NBAra ere. New Orleans Hornets taldeko jabeek porrot egin zutela jakinarazi zuten egun batetik bestera, eta kolokan jarri taldearen etorkizuna. Hainbesteraino, non NBAk berak hartu behar izan duen bere gain taldearen bideragarritasun ekonomikoa. 300 milioi dolar balio duen enpresa batetaz ari gara, eta asko izan dira NBAk hartutako erabakia kritikatu duten jokalariak, David Stern komisionatuak jokalariak kritikatu dituelako sarri diru gehiegi irabazten dutelako. NBA frankizia saltzen saiatzen ari da, baina ez du eroslerik lortzen. Las Vegas, Anaheim, Seattle, Kansas City... hiri horiek nahi omen dute NBAko talde bat eduki, baina nork ordaindu 300 milioi dolar? Krisi ekonomikoak berehala izan du eragina kirol arloan, eta Hornets Mendebaldeko talde onenetan zazpigarrena da gaur. Hilabete atzera bigarrena zen, eta gauzak ondo, ez dute titulua lortzeko kanporaketarik jokatuko. Besteak beste, bihar non jokatuko duen ez dakien jokalari batek ezin duelako burua jokoan bakarrik eduki.

Anaia pobrea. Guztiok daukagu gustuko talde kutunen bat, betiko taldeaz aparte. Lagun Aroko zale batzuek Baskonia dute gustuko; Euskal Herriko zale askok Madrilgo Estudiantes; eta NBAn, Los Angeles Clippers bereganatzen ari da izendapen hori. Los Angeleskoak izanda ere ez direlako euren bizilagun aberatsak bezain harroak. Staples Center pinpirinak jende xehe eta langilea ere biltzen duelako Los Angelesko anaia pobrea ikusteko. Blake Griffin rookie-a da erakarpen horren eragile garrantzitsuena, baina baita jabe ahobero baten esan itsusiak ere. Don Sterlingek Baron Davis taldeko kapitainari potolo zegoela eta hainbeste hanburger ez jateko esan zion jendaurrean. Zaleek Davisen alde egin dute; Davisek bere zenbakiak hobetu ditu, eta taldea gorantz hasi da. Kanporaketak urrun dituzte, baina ez hain urrun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.