Itzalean geratu da Thomas De Gent Lottoko txirrindulariaren garaipena Frantziako Tourreko 12. etapan. Eguneko ihesaldia helmugaraino eramanda, garaipen handia lortu du Mont Ventoux gainean, baina begirada guztiak atzerago izan dira. Eta ez da harritzekoa. Zirkua nagusitu da faboritoen artean. Zirkua, zaleen eta antolakuntzaren erruz.
Azken kilometroetan maldan gora hainbat mugimendu izan dira, eta azkenean hiru txirrindulari geratu dira buruan: Chris Froome liderra (Sky), Richie Porte (BMC) eta Bauke Mollema (Trek). Aise zihoazen hirurak, eta aldea irekitzen ari ziren atzetik zituzten txirrindulariekiko. Besteak beste, latz sufritzen ari zen Nairo Quintana (Movistar). Ordea, sekula ikusi ez dena gertatu da. Zaleen blokeo bat dela medio, motor bat ez atzera ez aurrera geratu da, eta haren kontra jo du Portek, eta Porteren kontra Froomek eta Mollemak. Hirurak lurrera erori dira.
Berehala altxatu da Mollema, eta Porte ere abiatu da geroago, baina Froomeri bizikletak ez dio halakorik egiten utzi. Bada, lasterka abiatu da, eta metro batzuk egin ditu era horretan. Gero beste bi bizikleta eman dizkiote eta lortu du helmugaratzea, baina Quintana eta enparauen atzetik sartu da gainean. Denbora galdu du, beraz.
Haserrea nabarmena izan da helmugan, eta antolakuntzak ez du erabaki erraza izan, baina azkenean iritsi dira adostasunera. Porteri eta Froomeri Mollemaren denbora eman diote. Mollema berak lortu baitu lurretik altxatu eta hein handi batean ondo helmugaratzea. Nahasmena itzela izan da, arrastoa utziko du gertatutakoak, baina Tourrak orain arte bezala jarraituko du gutxienez.
Sailkapen nagusian Froome da liderra, 47 segundora du Yates bigarrena, 54ra Mollema hirugarrena eta 1.01era Quintana laugarrena. Bihar erlojupekoaren txanda izango da.