Ez zen erraza, baina Baionak garaipen garrantzitsu batekin ekin dio Top14 ligari. Esaten dute igotzea zaila dela, baina mantentzea, are eta zailagoa. Baionak, ordea, Europako talde onenetako baten aurka hasi du Top14 liga, eta itxura oso ona eman du Jean Dauger zelaian bildu diren 18.000 zaleen aurrean.
Heineken Kopa hiru aldiz irabazi du Toulonek azken urteetan, baina atzo partida hasi eta berehala jarri dira baionesak aurretik. Kalitate handia duen taldea da Toulon, eta ez zen atzean geratu; lehen zatian hamabosna berdinduta amaitu zuten.
Bigarren zatiaren hasieran ere indartsu jokatu zuen Avironek, eta Arganesek (bigarrena zuen) eta Mionribotek entsegu bana egin zituzten. Toulongo jokalariak urduri, eta harmailak, pozaren pozez. Egin zuen beste entsegu bat Toulonek ere, baina bost tantora geratu ziren, eta zuri-urdinek merezitako garaipena eskuratu zuten Top14rako itzulera handian.