Athleticek Bartzelona estutzeko xedez ekin dio Camp Noun jokatu duen partidari, baina esku hutsik itzuli da Bilbora. Zuri-gorriek ondo lotu dituzte kataluniarrak lehen zatian, eta atea hutsean mantendu dute 70. minutura arte. Ivan Rakiticek orduan egindako gol batek, ordea, bisitarien harresia eraitsi eta etxean utzi ditu hiru puntuak.
Oro har, Athletic ez da gaizki aritu. Gaizka Garitanok talde berritu bat zelairatu du Bartzelonan. Derioko prestatzaileak sei aldaketa egin ditu joan zen igandeko hamaikakotik, eta haren erabakiak ezustean harrapatu ditu etxekoak. Neurketaren hasieran ondo kokatuta egon dira, eta lehendabiziko ordu erdian itxura ona eskaini dute bizkaitarrek; atzean sendo arituta, lortu dute aurkariaren areara gerturatzea, baina atearen aurrean asmatu ez, eta garesti ordaindu dute hori. Erasoan gatza falta izan zaio, eta ligaren itzuleraren ondotik lehendabiziko partida galdu du hala.
Lehen zatian serio aritu da Athletic, baina bigarrenean hazi egin da Bartzelona. Hala, Quique Setien prestatzaileak egindako aldaketek jokoa bizitzea ahalbidetu diete kataluniarrei, eta minutu batzuk lehenago zelairatutako Rakiticek sartu du norgehiagokako gol bakarra. Lionel Messik area barruan lehiatutako baloi bat erdilari kroaziarrari iritsi zaio, eta hark ondo eraman du, errematea nahieran egin eta sarera jaurtitzeko. Oztoporik gabe sartu du gola.
Behin Athleticen hormako zirrikitua aurkituta, Bartzelona erosoago aritu da, baina, halere, ez da izan haren partidarik distiratsuena, inondik ere. Aulkitik ateratako Ansu Fatik bigarrena egiteko aukera izan du azken minutuan, baina ginearraren jaurtiketa zutoinera joan da.
Athleticek baleko itxura eman du Barça ahalguztidunaren aurrean, baina, Camp Noun irabazteko, zerbait gehiago behar da. Kontrarioaren aurrean barkatzen duenak jai izaten du, eta halaxe itzuli da Athletic Kataluniako hiriburutik: egin zezakeenaren gosez, eta egin ez duenaren damuz.