Eta orain zer? Errezatu, erregutu, mirari bat eskatu... Jokoaren beraren baitan ez dauden kontuak dira horiek, galdera honako hau delako. Posible al da CSKA garaitzea jokoa hobetuta? Moskuko taldearen lehen garaipenean zer izan zen erabakigarriagoa, haien meritua edo bizkaitarren opari sorta? Opari horiek egin gabe aukerarik ba al du Bizkaiak? Zaila. Ulertze aldera, jarri balantzan Bilboko taldeko jokalari onena, eta CSKAk tamainako hamar jartzen ditu beste ontzian. CSKA zirujau onenaren zehaztasunarekin lan egiten duen makina perfektua da, eta perfekzio horretan zirrikiturik ez da ikusten. Herenegun erakutsi zuen, final-laurdenetako lehen partidan Gescrapi astindua emanda (98-71). Horretan saiatuko da gaur ere, bigarren partidan (17:15, ETB1). Bilbotarrek, aldiz, gutxienez hori saihestu nahiko dute.
1. Taktika
Ezin da jakin Fotis Katsikarisek erritmo alaiko partida planteatu zuen, edo jokalariek hala jokatzea deliberatu zuten, baina agerikoa da 80-90 puntuko partidan jai dagoela, CSKA erritmo horretan eroso sentitzen delako, zazpi segundoko erasoetan. Erritmo biziarekin jai dagoen neurrian, CSKAren jarduna murriztu al daiteke 65-70 puntura? Egin daiteke, baina horretara ohitua dagoen talde indartsuren batek egin dezake; Bartzelonak, adibidez. Baloi askotan galtzen du Gescrapek, eta horri etekin ikaragarria ateratzen dio CSKAk. Botika erraza da: hogeitan galdu ez, 11 aldiz galdu, asko jota, baina hori lortzea ez dago Bizkaiaren esku bakarrik, CSKAren defentsaren baitan ere bai.
2. Saskiratze errazak
Datuak beldurra ematen du. %73 asmatu zuen CSKAk bikoetan. 34 jaurtiketa egin zituzten errusiarrek, eta 25 asmatu. Horietatik 25 asistentziak izan ziren, saskiratze errazak, taldekide batek ia-ia eginda emandako saskiratzeak. 11 aldiz txikitu zuen saskia CSKAk lehen partidan. 22 puntu erraz eta mingarri. Kontraerasoak ere ez ziren gutxi izan. Garbi-garbiak, zortzi. Nola gutxitu eraginkortasun hori? Falta taktikoak eginez. Bost ditu taldeak laurden bakoitzeko, eta ahal diren gehienak kontraeraso errazak saihesteko erabili behar dira.
3. 'Pick&roll'-a
Giltzarritzat jo zuen Rafa Pueyo Gescrapeko entrenatzaile laguntzaileak, eta hala izan zen, Bizkaiaren kalterako. Teodosicek parean duen edonor pazientziatik ateratzeko gaitasuna du. Herenegun, bi minutuan hiru hiruko lortu zituen, eta asmatzen duenean, ez da samurra tente irautea. Partida hautsi baino lehen, ordea, CSKA eraginkor aritu zen blokeo eta jarraipenean, batez ere D'Or Fischer sasoiz kanpo dagoelako, eta Gescrapeko joko antolatzaileari eman zizkion laguntzak luzeegiak izan zirelako. Saskipera bueltatzen zenerako, posizioa guztiz irabazita zeukan CSKAko pibotak. Antzekoa esan liteke Mavroeidisez. Bi pibot garaienak min hartuta egon dira aspaldi ez dela, eta ezinean ari dira CSKAko piboten aurka.
4. CSKAren segadak
Jaurtiketa irekiak egiten saiatu behar du Bizkaiak, eta horiek sartu. Jackson, Mumbru eta Vasileiadis barneraldiak egiten saiatu ziren sarri, baina antzuak izan ziren gehienak, saskipean CSKAri kalte egitea oso zaila delako. Handietan handienak dira, eta haienak dira beso luzeenak. Mumbruk bitan hartu zion aurrea Kirilenkori bizkarreko jokoarekin, baina berotu egin zen kataluniarra, eta jokaldi bera CSKAren kontraerasoetan bukatu zen, errusiarrek saskiratzea oztopatu ostean. Kontua ez da jokaldi guztiak hirukoekin bukatzea, Banic, D'Or Fischer, Raul Lopez edo Vasileiadisekin jaurtiketa irekiak egiten saiatzea baizik. Haiek dira onenak jaurtiketa irekietan, eta haiekin jokatu behar da.
5. Duintasuna
Ezin da hain jarrera epela izan, hainbeste erraztasun eman defentsan. Onak direla? Bai, baina aurkariari eraso gehienetan etekina lortzen uzten badiozu, akabo, hazi egiten da. CSKA jokaldi sinpleenarekin abantailak lortzen ohituta dago. Blokeo batekin egiten du min, jokaldia hasi eta berehala. Defentsan ari den taldeari kokapena galarazten dio, blokeotik libre irteten den jokalariari bidea ixteko joera izaten baitute defentsan ari diren jokalariek. Bizkaiak aukeraren bat egin behar du abantaila horiek ezeztatzen ez baditu. Jaurtitzen utzi edo saskia babestu. CSKA beti saiatzen da saskiratze errazena lortzen, saskipetik gertuen dagoena, eta asko erabiltzen du azken pasea libre dagoen jokalariari emateko. Bizkaiak CSKAren erasoak luzatu behar ditu, 15-20 segundora, errusiarrek buruz burukoetan erabaki dezaten. Horretan ere oso onak dira, baina ez daude ohituak.
Katsikarisek esan du jokalariak duinagoa aritzea espero zuela, baina jokalariak motibatzeko amarru antzeko bat izan liteke. Bizkaia duintasunaren mugan aritu zela esango dute batzuek, baina gaur-gaurkoz, agian, 20-25 puntukoa da bi taldeen arteko aldea.
Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak: CSKA Mosku-Gescrap Bizkaia
Zirrikiturik ez da ikusten
Garaiezina zirudien CSKAk lehen partidaren atarian, eta orain zailagoa da Gescrap Bizkaia Moskutik banakoarekin bueltatzeaBilbotarrek asteazkenean baino estuago hartu nahi dute gaur etxeko taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu