Zirt edo zart egin behar du Baskoniak

Gasteizko taldeak nahitaez irabazi behar dio gaur Pamesari, finalerdietatik kanpo geratu nahi ez badu

UNAI GARTZIA GASTEIZ
2008ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hil edo bizikoa. Norgehiagoka bakarrean, sasoi osoa jokoan jarriko dute gaur Buesa Arenan Tau Baskoniak eta Pamesa Valentziak. Etxeko berotasunak ematen duen konfiantza probatu eta gero, gaur geratuko da zehaztuta aurrera egiten duen taldearen izena. Kanporaketan parekotasuna da nagusi, baina zenbakiak etxekoen aldekoak dira, Pamesak ez baitu inoiz Gasteizen irabazi ligarako kanporaketetan. Historiak eta etxean jokatzeak Tau jotzen dute faboritotzat, baina taldearen irregulartasunak eta Pamesaren kanpoko joko arriskutsuak hainbat zalantza aireratzen ditu.

Beste final bat du aurrez aurre Baskoniak. Igandean, Valentzian (Herrialde Katalanak), ez zuen zenbait unetan eskuan izandako partida bereganatzen asmatu. Neven Spahijaren jokalariek 100 puntu jaso zituzten, batez beste 79,5 sartzen duen talde baten aurrean. Zenbaki horiekin ezinezkoa da norgehiagoka bat irabaztea, are gutxiago ligarako kanporaketetan. Gasteizko taldeak lehen partidan egindako defentsa lana errepikatu beharko du azken partidan gertatutakoa berriz ikusi ez dadin. Lehenengo partidan, etxekoek behar bezala eutsi zieten Pamesako jokalaririk arriskutsuenei, Williamsi eta Douglasi. Valentzian, ordea, Pamesaren izar biak jaun eta jabe izan ziren kantxan. Bien artean 54 puntu sartu zituzten (29 antolatzaileak eta 25 hegalekoak). AEBetako bikotea gaur gertutik zaintzea, beraz, erabakigarria izango da.

Valentzian Williamsek eta Douglasek puntuak pilatze aldera egindako lan bikaina Prigioniren gainekoarekin biribildu zuten. Argentinako joko-antolatzailea nagusi izan zen lehenengo zatian. Baina atsedenaldia bukatu eta gero, aipatutako bi jokalariek aztoratu arte estutu zuten. Arnasestuka eta epaileekin kezkatuta, Prigionik partidaren lema galdu zuen. Baskonia umezurtz geratzen hasi zen, Rakocevicek eta Vidalek taldea ezin izan baitzuten zuzendu. Gaur ere zuzendaritzak pisu handia izango du, azken minututan batez ere. Izan ere, Planinicek jokatzeko aukerarik gabe jarraitzen du. Prigioni, hortaz, beste ahalegin fisiko bat egin beharrean izango da, ez baitu atsedenik izango.



SASKIPEKO JOKOAN ESKAS. Planinic ez da kanporaketan kantxan egon ez den jokalari bakarra. Beste jokalari batzuek ez dute ezer ere erakutsi, fisikoki pista zapaldu duten arren. Adibiderik argienak saskipeko jokalariak dira. Singleton, McDonald eta Teletovic kanporaketa eskasa ari dira egiten. Singletonek nahiko lan txukuna egin zuen lehen partidan, baina Fontetako pabiloiaren lapikoaren berotasunean urte arte desegin zen. Dagoeneko bi hilabete pasatu dira osatu zenetik, eta orain arte ez du eman espero zena. McDonalden kasua ere kezkatzeko modukoa da. New Orleansekoak balorazio negatiboarekin amaitu ditu Pamesaren kontrako bi partidak(-4 lehenengoan, eta -3 bigarrenean). Saskipeko borroka Splitterren eskuetan utzi du oso-osorik, eta brasildarra ondo ari den arren, taldeari bizitasuna kentzen dio. Azkenik, Teletovicek ere ez du eman espero zena denboraldian. Bosniarra desagerturik dago erasoan (bost puntu eskas sartu zituen lehenengo partidan eta hiru puntu bigarrenean), baina defentsan ere bigunegi ari da Milojevici gehiegizko askatasuna ematen. Saskipeko hiru jokalariek gora egitea nahitaezkoa izango da gaur partida irabazi ahal izateko. Pamesaren indarrik handiena kanpoan dago, baina bere pibotek barruan eragindako mugimendu eta espazioengatik gertatzen da hori. Tau Baskoniako pibotek, beraz, nabarmen hobetu beharko dute beren emana, defentsan behinik behin.

Katsikarisek igandean garaipena eman zion eskema errepikatu nahiko du gaur, Gasteizen. Erasoko zama kanpoko jokoan bizkarreratu nahiko du. Hegaleko jokalariengan, gainera, Prigioni itoarte estutzeko ardura ezarriko du, arerioaren zuzendaritza ezerezean utzi nahian. Barruko jokalariak, berriz, Tau Baskoniako pibotak lehen minututik falta pertsonalak egin ditzatzen saiatuko dira. Arrazoi horregatik kantxaratzen du hasierako bostekoan Stanco Barac pibota. Kroaziako erraldoiaren helburu nagusia Splitter partidatik ateratzea da-McDonaldekin, orain artean behintzat, ez dute halako arazorik izan-. Mickeal ere Pamesako entrenatzailearen amarruen jomuga izango da berriz ere. Tau Baskoniako estatubatuarrak erakutsi du indar fisikoarekin kanporaketa erabakitzeko aukera duela. Gaur lan horri jarraipena ematen saiatuko da.



TAU BASKONIA-PAMESA

Tau Baskonia: Prigioni, Jasaitis, Teletovic, Splitter, Mickeal -hasierako bostekoa-; Garcia, Rakocevic, Vidal, Fernandez,Singleton eta McDonald.

Pamesa: Williams, Douglas, Claver,Milojecic, Barac-hasierako bostekoa-; Oliver, Miralles, House Garces, Urtasun eta Timinskas.

Lekua: Buesa Arena (9.500 ikusle).

Ordua: 20:30ean (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.