Futbola

Zirt edo zart egiteko eguna

Athleticek Metropolitano estadioan jokatuko du gaur, Atletico Madrilen aurka, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan. Irabaziz gero, laugarren postuan berdinduko du Espainiako taldearekin.

Nico Williams, Atletico Madrili Espainiako Kopan sartutako gola ospatzen, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nico Williams, Atletico Madrili Espainiako Kopan sartutako gola ospatzen, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Espainiako Kopa irabazi eta gero, Athleticek ziurtatua du Europa liga jokatuko duela datorren denboraldian. Baina denboraldia are biribilagoa izatea nahi du talde zuri-gorriak, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu. Horretarako lehia betean jarraitzeko, partida garrantzitsua du gaur Ernesto Valverderen taldeak, Atletico Madrilen zelaian. (21:00, Movistar). Denboraldi osoan zehar ligako laugarren postua eskuratzeko lehian ibili dira bi taldeak. Hiru puntuk bereizten dituzte: 61 ditu lehenak, 58 bigarrenak. Azken bi jardunaldietan eman duten maila hobetu beharko dute Ernesto Valverderen jokalariek, Atletico Madril sailkapenean berdintzeko. Espainiako Kopako txapeldunak direla demostratzeko egun bikaina. Zirt edo zart.

Nahiz eta golen aldea bere izango luke—San Mamesen 2 eta 0 irabazi zuen Valverderen taldeak— berdinketak gutxi balioko lioke Athletici, txapelketa azken txanpan sartu baita, eta ostera hiru puntuko aldea murriztu beharko lioke Atletico Madrili. Bi taldeen egutegia ez dirudi oso gaiztoa. Athleticen kasuan, Osasuna, Celta eta Sevilla dira aurkari aipagarrienak. Diego Pablo Simeoneren taldearentzat, berriz, partidarik zailenak Celtaren beraren eta Realaren aurkakoak izan daitezke; lehena, ez jaisteko borrokan baitabil, eta, bigarrena Europa ligan sartzeko lehian.

Ligan nahiko kaxkar daude bi taldeak azkenaldian. Gabarraren ajea gainditu ezinik dabil oraindik Athletic, azken hiru partidetan bi puntu lortu baititu soilik. Atletico Madril ere ez dabil fin, ligako azken bost partidetatik bi irabazi baititu soilik, eta beste hirurak galdu; gainera, Borussia Dortmundek Txapeldunen Ligatik kanporatu zuen, itzulerako partida oso txar baten ostean.

Joan den jardunaldian, Valverderen taldeak bana berdindu zuen ostiral gauez Granadaren kontra, eta laugarren postu hori gero eta urrutiago ikusi zuten Athleticen zaleek. Igande gauean, ordea, gauzak bestelakoak ziren. Atletico Madrilek Alaves bikain batekin egin zuen topo Mendizorrotzan, eta 2-0 galdu zuen, Madrilera esku hutsik itzuliz. Horrek Athleticen eta haren zaleen ametsa berpiztu zuen.

Hain sari potoloa jokoan egonda, partida ikusgarria izatea espero da Metropolitanokoa. Elkarren aurka jokatzen duten laugarren aldia izango da sasoi honetan, eta emaitzek erakutsi dute Athleticek aukera handiak dituela irabazteko. Ligako partidan 2-0 irabazi zuen Athleticek San Mamesen, eta Espainiako Kopako finalerdietan bi partidak irabazi zituen Valverdek zuzentzen duen taldeak: joanekoa 0-1 Metropolitanon, eta itzulerakoa 3-0, San Mamesen. Goi mailako futbolean, baina, aurrekariak ez dira hain garrantzitsuak. Memoria gutxi du futbolak, eta hori Athleticeko jokalariek badakite. Europako talderik onenetako bat izango dute aurrean, eta berriz beren onena eman beharko dute hiru puntuak urratzeko.

Gaurko partidari begira, ohiko hamaikakoan pare bat aldaketa egin beharko ditu gutxienez Valverdek. Izan ere, Yuri azkenean ez da osatu, Granadaren aurkako partidan orkatilan jasotako kolpetik. Bestalde, Oscar de Marcosek zigorra bete beharko du txartel pilaketengatik. Yeray ere ez da osatu. Iñaki eta Nico Williamsek, Dani Garciak, Iñigo Lekuek, Alex Berenguerrek eta Raul Garciak, berriz, kontuz jokatu beharko dute, lau txartel hori baitituzte. Atletico Madrilek bi jokalari faltako ditu lesioengatik: Gabriel Paulista eta Memphis Depay. Defentsan, gainera, beste zulo bat izango du, Stefan Savicekik bosgarren txartel horia atera baitzioten Mendizorrotzan. Valverdek honela aztertu zuen, atzo, partida. «Ez dakit neurketa erabakigarria den, baina, bai, garrantzitsua. Batez ere guretzat, hiru puntu gutxiago ditugulako. Tentsio handiko neurketa izango da, eta sufritzen jakin beharko dugu».

Atletico Madril-Athletic

Atletico Madril: Oblak; Marcos Llorente, Gimenez, Witsel, Azpilikueta, Samu Lino; Koke, De Paul, Barrios; Griezmann eta Correa.

Athletic: Simon; Lekua, VIvian, Paredes, Imanol; Ruiz de Galarreta, Prardos; Sancet, Nico Williams, Iñaki Williams eta Guruzeta.

Epailea: Martinez Munuera.

Lekua: Metropolitano estadioa (70.460 ikusle).

Ordua: 21:00 (Dazn).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.