Igande gauean zabaldu dute berria. Europako talderik handienetako hamabik Superliga sortu dute, UEFA Europako Futbol Elkarteen Batasuna bazter utzita, eta zalaparta handia eragin du. Futbolaren industria eta lehiaketen eredua hankaz gora jar litzake liga berri horrek. UEFA gaur da aurkeztekoa Txapeldunen Ligaren eredu berria, partida gehiagorekin eta talderik handienen arteko lehia handiagoarekin, baina hori ez da nahikoa Superligaren sortzaileentzat.
Real Madril, Manchester United, Juventus, Bartzelona eta Liverpool dira sustatzaile nagusiak. Atletico Madril, Arsenal, Tottenham, Manchester City, Chelsea, Inter eta Milan dira gainontzeko kideak. Premier Leagueko sei talde, Espainiako Ligako hiru eta Italiako Seria A ligako beste hiru. Alemaniako eta Frantziako talderik ez dago lehiaketan. Hainbat hedabidek adierazi dutenez, ordea, Bayern Munich, Borussia Dortmund eta Paris Saint-Germain taldeek parte hartzeko asmoa dute.
Florentino Perez Real Madrileko presidentea da Superligaren burua. Ligaren presidenteordeak, berriz, beste bi taldetako presidenteak izango dira: Juventuseko Andrea Agnelli eta Manchester Unitedeko Joel Glazer.
Superliga honelakoa litzateke: hamabi talde sortzaileak ez lirateke inoiz jaitsiko, beste hiru talde gonbidatuko lituzkete taldera, eta urtero bost talde sailkatuko lirateke. Bayern, Dortmund eta PSG ere sortzaileen lekuan leudeke; ez lirateke jaitsiko. Hogei taldeak hamarreko bi taldetan banatuko lituzkete, joan-etorriko partidekin. Talde bakoitzeko hiru lehenak igaroko lirateke joan-etorriko kanporaketa sistema batera, final-laurdenetatik hasita. Taldeetako laugarrenek eta bosgarrenek kanporaketa bat jokatuko lukete final-laurdenetako zortzi taldeak osatzeko. Denera, 197 partida jokatuko lituzkete; Txapeldunen Ligan 125 jokatu izan dituzte gaur egun, nahiz eta UEFAk gaur aurkezteko duen proiektuak 225 aurreikusten dituen.
Hori guztia antolatzeko, korporazio bat sortuko dute: SLCo. Espainian izango du egoitza nagusia, eta han parte hartuko dute klub sortzaileek eta bi enpresa filialek: lehiaketaren kudeaketaz SL SportsCo arduratuko da, Espainian erregistratua; eta telebistako eskubideak SL MediaCok salduko ditu, Herbehereetatik.
Taldeek diru gehiago irabaziko dute egungo sisteman baino. 10.000 milioi euro baino gehiago irabaziko dituztela zabaldu dute. Sortzaileek, oro har, 3.500 milioi euroko ordainketa bat jasoko dute azpiegituretan inbertitzeko eta COVID-19aren izurriak eragindako kalteak berdintzeko.
UEFAren erantzuna: Txapeldunen Ligaren formatu berria
Europako futbola gobernatzen duen erakundeak gaur goizean eta eguerdian egin du bilera, eta Txapeldunaren Liga eraberritzeko proiektua adostu du. 2024an hasiko litzateke, eta 36 taldek jokatuko lukete (orain 32 dira). Talde bakoitzak hamar partida jokatuko ditu beste hainbeste talderen aurka, eta sailkapenean aurreneko zortzietan geratzen direnak final-zortzirenetarako sailkatuko dira. Ligaxkan bederatzigarren eta 24. postuen artean geratzen diren taldeek kanporaketak jokatuko dituzte, joan-etorrikoak, final-zortzirenetan sartzeko lekuaren bila.
Superliga sortzearen kolpeari aurre eginez, UEFAk ohar gogor bat atera zuen atzo bertan, liga eta federazio nagusiek babestua. Haren arabera, proiektua «ez da solidarioa», «zinikoa» baizik. «Talde horiek ezingo dute beste lehiaketetan parte hartu, ez herrialdeetakoetan, ez Europakoetan, ez eta mundu mailakoetan ere, eta jokalariak selekzioekin jokatzeko aukera gal lezakete», ohartarazi du. Alexander Ceferin UEFAko buruak gaur hitz egin du gaiaz, eta atzoko oharraren bidetik jo du: "Europako lehiaketetan jokatzeko aukerak kirol merituen araberakoa izan behar du, orain arte bezala. Talde guztiek jokatu behar dute denen kontra". Eta berretsi egin du mehatxua jokalariei zuzendua, ezingo dutela selekzioekin jokatu, baldin eta Superligan jokatzen badute.
Beste muturrean, berriz, iritzia beste bat da: «Futbolari lagunduko diogu, munduan dagokion lekua izan dezan», adierazi zuen Florentino Perezek. «Futbola da 4.000 milioi jarraitzaile baino gehiago dituen kirol global bakarra munduan, eta talde handien ardura da zaleen nahiak betetzea».
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Superligaren aurka daudela adierazi dute berehala. Johnsonek salatu du «futbolaren kontrakoa» dela, eta haren aurkako neurriak hartzeko eskatu du. Macronek ospatu egin du Frantziako talderik ez dagoela sortzaileen artean, eta babesa erakutsi dio UEFAri.
Gaiaren inguruko erreakzioek ez dute etenik. Espainiako Futbol Liga profesionalak agiri gogorra kaleratu du. Bertan dio Superligaren sorrera «elitista eta apurtzailea» dela.«Lehia ireki baten eta kirol merituen kontra doa. Egun zaleek amets egin dezakete beraien kluba, edozein izan da bere dimentsioa, bere ligan lan ona egitea eta Europako onenen artean lehiatzea. Eta guk hori defendatzen dugu. Proposamen hau zaleen amets horren kontra doa, gutxi batzuei baino ez baitie ematen aukera hori».
Proposamen «egoista» bat da, haren ustez. «Helburu bakarra du: klub aberatsenak aberatsago egitea. Eta oso ondorio kaltegarria izango du futbolaren ekosistemarentzat». Hala, futbol liga profesionalak argi du:«Ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu, futbolaren osotasuna eta etorkizuna ziurtatzeko».
Klubak ere hasi dira azalpenak ematen. Gonbidatu nahi zituzten hiru taldeetako bat Borussia Dortmund zen. Baina jada azaldu du ez duela begi onez ikusten txapelketa: taldeko zuzendari exekutibo Hans Joaachim Watzek honela mintzatu da: «Gu aurreikusita dagoen Txapeldunen Ligaren erreformaren aldekoak gara».
Spartak Mosku klubak ironiaz erantzun du sare sozialetan: Superligako kluben zaleei esan die taldea aldatu nahi badute hor dutela Spartak.
Dear AC Milan, Arsenal , Atlético, Chelsea, Barcelona, Internazionale, Juventus, Liverpool, Manchester City, Manchester United, Real Madrid and Tottenham fans,
— FC Spartak Moscow (@fcsm_eng) April 18, 2021
If you need a new club to support, we're always here for you.
Kind regards,
FC Spartak Moscow.
Bartzelonak ere oharra atera du, eta nabarmendu du Superligaren helburua munduko kluben arteko txapelketarik «onena» izateko sortu dela. Talde sortzaileen artean dago kataluniarrak. «Espero dugu ahalik eta azkarrena bildu ahal izatea UEFA eta FIFArekin, Superligarentzat, eta futbolarentzat oro har ahalik eta konponbiderik onena lortzeko».
Ohar bat ateratzetik harago joan da Manchester United. Ingalaterrako taldea ere Superligaren sortzaileetako bat da, eta erabakiko du Europako Kluben elkartea uztea.
Lehen Maila ari diren Euskal Herriko klubek (Alaves, Athletic, Eibar, Reala eta Osasuna) izan dira iritzia eman dutenak, eta hirurek liga berriaren aurka egin dute. Bitxia da arabarrena, izan ere klubaren jabe den Baskonia-Alaves taldeak babestu egiten du saskibaloiko Euroliga, ia erabat itxia den saskibaloi liga (bertan ari da lehiatzen Baskonia). Kontua kontu, futbolaren kasuan Alavesek uste du Superligak handitu egiten dituela taldeen arteko ezberdintasunak. Halaber, iritzi dio urteetan egindako lana bertan behera botatzen duela: "Lehiaketa berdintzeko egindako eginahal guztiak aurretik eraman ditu". Luis Sabalza Osasunako presidenteak iaz ere hitz egin zuen Superligaren aurka, bazkide konpromisarioen batzarrean, eta gaur klubak hitz haiek gogorarazi ditu berriz: "Ez da egitasmo anbiziotsua, proiektu berekoia da. Klub horiek orain gurea baino hamar aldiz handiagoa dute aurrekontua, eta ematen du gehiago nahi dutela". Eibarrek bat egin du Ligak atera duen oharrarekin.
Ingalaterrako Superligako taldeen zaleak, kontra
Ingalaterrako sei talde daude Superligaren sorreran, eta lau talderen zaleek iritzia eman dute: kontrakoa guztiek ere. Tottenham izan zen lehena Europako titulu bat irabazten Ingalaterrako taldeen artean, eta haren zaleak batzen dituen elkarte ofizialak kontra egin dio klubaren zuzendaritzak Superliga babesteko hartu duen erabakiari: "Traizioa egin dio zuzendaritzak klubari, haren historiari, eta futbola hain berezi egiten duen magiari. Klubaren izen ona eta etorkizuna arriskuan jartzen ari dira beren zekenkeriagatik".
Manchester Uniteden zaleak ere sutan dira: "Superliga futbolaren mamiaren eta klubaren izen onaren aurka doa. Zaleei ez digute ezer galdetu, eta are mingarriagoa da horrelako erabaki bat pandemia baten erdian hartzea. Txapeldunen Ligatik ateratzea txapeldun egin gaituen lehiaketari traizio egitea da". Chelsearen zaleek ere diruari begiratu diote klubaren erabakia kritikatzeko: "Beren patrikak bete baino ez dute nahi". Salatu dutenez, zuzendaritzarekin hainbat bilera izan dituzte azkenaldian, eta ez diete ezer aipatu gai horren inguruan. "Barkaezina da. Nahikoa da", esan dute. Arsenalen zaleek ere hitz egin dute, gogor hitz egin ere: "Futbolak izan behar lukeenaren heriotza dakar Superligak. Ahal dugun guztia egingo dugu lehiaketa berri horren aurka".
Ander Herrera ere aurka
Jokalariak isil antzean daude, baina bat ekedo bestek eman du iritzia: Ander Herrerak, esaterako. PSGn ari da orain, bere garaian Athleticen bezala, eta Twitter bidez plazaratu du zer pentsatzen duen: "Futbol herrikoiaz maitemindu nintzen, nire bihotzeko taldea handienen aurka lehiatzen ikustearen ametsarekin. Superligak aurrera egiten badu, amets horiek amaituko dira. Txapeldunen Liga hobetu batean sinesten dut, baina ez aberatsengan jendeak sortutakoa lapurtu nahi duen horretan ".
Manchester Unitedeko Bruno Fernandesek ere eman du bere iritzia Instagram sare sozialean, eta ez da Superligaren aldekoa: "Ametsak ezin dira erosi", idatzi du beste jokalari batek Superligaren aurka jarri duen argazki baten iruzkinean.