Zitalkeria baliatuta, lehen garaipena

Gerransek irabazi du Milan-San Remo klasikoa, Cancellarari eta Nibaliri esprintean aurrea hartuta

jon eskudero
Donostia
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Guztiak balio du kirolean, eta are gehiago txirrindularitzan. Baita zakurkeriak ere. Bestela galde diezaiotela Fabian Cancellarari (RadioShack). Irabazteko sekulako merezimenduak egin zituen atzo Milan San-Remo klasikoan, urteko lehenengoan, baina Simon Gerransek (GreenEDGE)aurrea hartu zion azken metroetan, eta profesional mailan estreinakoz irabazi zuen klasiko handi bat. Cancellararen gurpilean denbora asko egin zuen garaileak, erreleborik eman gabe, eta ez zen damutu helmugan. Udaberriaren atarian, gustura altxatu zituen bi besoak.

Lasterketa gogorra izan zen (298 kilometrokoa), eta abiadura handian korritua. Batez beste, orduko ia 43 kilometroko abiaduran ibili ziren txirrindulariak. Hasieran, erorikoak nagusitu ziren. Artean, Mark Cavendish (HTC) joan zen lurrera, garaipena lortzeko faborito nagusietako bat. Titulurako lehiatik at geratu zen ingelesa, eta beste batzuk hori baliatzen ahalegindu ziren. Eragin handirik gabe, ordea.

Eroriko hori gertatu baino lehen, ordea, bederatzi laguneko ihesaldia osatu zen, artean Juanjo Oroz Euskaltel-Euskadiko txirrindularia zela. Zazpi minutuko errenta eduki zuten tropelarekiko, baina elkar ongi ulertu ez, eta ezerezean geratu zen guztien asmoa.

Tropela banatu gabe sartu zen kilometro erabakigarrietan. Alegia, Cipressa eta Poggio mendateetan. Lehenengoan Patxi Vilak (Utensilnord Named) jo zuen erasoa. Eraso ona, baina ez zuen lortu atzean inor uztea. Txirrindulari denek elkarrekin ekin zioten Poggiori. Bada, Cancellarak ez zuen asko itxaron, eta helmugarako sei kilometro faltan ihes egitea erabaki zuen.

Piperra eta gatza. Biak eduki zituen ingelesaren erasoak. Bizi irten zen oso tropeletik, eta soilik Gerrans eta Vincenzo Nibali izan ziren horri eusteko gai. Cancellara hesteak bota beharrean aritu zen pedalei eragiten, eta larrutik ordaindu zuen, Gerransek irabazi baitzion. Nibali (Liquigas) hirugarren postuan sailkatu zen.

Aspaldi ez bezala, ihesaldiaz gozatu zuen San-Remoko helmugak. Hiru iheslarien arteko esprintean nagusi izan zen Gerrans. Hiru itzuli handiak irabazita bazeuzkan lehen australiarrak, bakoitza behin; orain, badaki zer den klasiko bat irabaztea. Australiako txirrindularitza puri-purian dago.

Bestalde, Kataluniako Itzulia hasiko da bihar, izen handiko hainbat ziklista bertan direla: Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Sandy Casar (FDJ), Alejandro Valverde (Movistar), Denis Mentxov (Katuxa), Damiano Cunego (Lampre)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.