Athleticek goi mailako jokalari bat galdu du: Javi Martinez. Athleticen mailako talde batek nahitaez nabaritu behar duen hutsunea da. Hala ere, ez dagoenak onurarik ekarriko ez dionez, aurrera begiratzea erabaki zuen Marcelo Bielsak. Eta baita ausart egin ere. Izan ere, sarri esan du entrenatzaileak aurreko denboraldikoa baino talde «hobea» duela. Askorentzat, baieztapen harrigarria izan daiteke, baina Bielsa entrenatzaile zintzoa da. Ez du ezer esaten ingurua pozik uzteko. Pentsatzen duena esaten du, azaldu beharrekoa ondo hausnartu ondoren. Horregatik, sinetsi egin beharko zaio.
Bielsak esandakoa aintzat hartu behar da, baina zelaian ikusten dira talde batek dituen dohainak eta gabeziak. Athleticek, oraingoz, txarretik onetik baino gehiago erakutsi du, baina hasi da apurka-apurka aurkarientzat ezeroso bihurtuko duten maila hartzen. Horretarako, ezinbestekoa izango da hasieratik aritzen diren futbolariez gain aulkian daudenen ekarpena balekoa izatea. Bada, Liga hasi zenetik argi ikusi da Athleticek ez duela ordezko onik euskarrian aritzen direnen lekua betetzeko. Nekea agertzen denean, ez da egoera horri buelta ematen lagun dezakeen futbolaririk.
1. San Jose, lehen aukera
Mestallan, Mikel San Jose izan zen teknikariaren aukera Athleticek zelai erdian zuen zuloa tapatzen ahalegintzeko. Bielsak denboraldion gehien erabili duen aukera da. Nafarrarentzat postu ezaguna da. Gazte mailatan sarri aritu da antolatzaile lanetan. Teknika ona dauka, baina denbora behar izaten du erabakiak hartzeko. Eta zelai erdian azkar eta ondo hartu behar dira erabakiak. Beste era batera antolatuta egongo litzatekeen talde batean izan zezakeen lekua zelai erdian, baina ez dirudi entrenatzaileak eskatzen duena egiteko gai izango denik. Zer esanik ez jarraitutasunik ez badauka. Une zehatz batzuetarako aukera izan daiteke, baina ez benetako apustua. San Jose, izatez, erdiko atzelaria baita, ez erdilaria.
2. Iñigo Perez,hegalera eramana
Atzelari bat euskarri lanetarako erabiltzen du Bielsak, eta erdilari bat, berriz, atzean jokatzeko. Iñigo Perezen berezko postua euskarria baita. Ezker oin ona dauka, eta jokoa antolatzea da bere dohain nagusia. Baina, beharrak eraginda, atzealdeko ezker hegalean ari da. Txukun ari da, eta gustura dago harekin Bielsa. Iñigo Perezek sarri egin behar izan du neurketa batean hegaletik erdirako bidea. Bi arazo izan ditu, baina, euskarrian jokatu duenean: bata, segundo gutxi batzuetan jokaeraz aldatu behar izatea. Ez da erraza jokaldi batetik bestera zelai barruan lan ezberdinak egiten hastea. Beste arazoa, berriz, freskotasun falta izan da. Iñigo Perezen gabezia nagusietako bat arlo fisikoa da. Kosta egiten zaio neurketa amaierara indartsu ailegatzea. Ondorioz, hark ere ez du izan taldeak zituen beharrak betetzeko indarrik. Gainera, herenegun min hartu zuen ezker izterrean.
3.Konfiantzarik ezRuiz de Galarretarengan
Iñigo Ruiz de Galarreta da Lezamako harribitxia. Bielsak haren dohainetan sinesten duela esan du sarri, baina ahoz nabarmendutako konfiantza bere erabakiekin erakustea egokitu zaionean ez da horrelakorik ikusi. Zerbait falta zuen erakusgarri da hori. Galarretak zirudien Herreraren—oraindik ez dago sasoi betean— lana egiteko ordezko aproposena, baina azken asteotan deialdietan ere ez da sartu. Gainera, joan den asteburuan lesio larria izan zuen Athletic Brekin jokatzen ari zela, eta ez du gehiago jokatuko sasoi honetan. Ezker belauneko lotailu gurutzatua dauka hautsita. Kolpe gogorra da, duda barik.
4. Gurpegi eta Toquero, beste aukera bi
Gurpegik eta Gaizka Toquerok oso ezaugarri ezberdinak dituzte, baina baita Athleticen zelai erdian jokatzen duten futbolariek ere. Nafarra futbolari taktikoa da, bere lekua ondo zaintzen duena. Ondorioz, Ander Iturrasperen lekua betetzeko aproposa da. Baina Bielsa tematuta dago hura erdiko atzelari moduan jartzearekin. Beraz, aukera bat gutxiago da zelai erdirako. Toquerori, berriz, sarri egokitu zaio Oscar De Marcosen lana egitea. Ahal duena egin du, baina badirudi aurrera begira Andoni Iraolaren ordezko gisa erabili gura duela Bielsak.
5. Beñat, alternatiba
Zer egiten da etxekoa nahikoa ez denean? Kanpora begiratu. Eta kanpoan badago Lezamatik at izar egin den Athleticeko futbolari ohi bat: Beñat Etxebarria. Balio handiko pieza da merkatuan. Hark badaki orain dela bere unea, eta ez du luzatu kontratua Betisekin. Betisek, berriz, ondo ikusten du hura saltzea klubaren arazo ekonomikoak arintzeko. Hamabi milioi euro inguru balio du Beñatek. Bielsak haren premiarik ez duela esan duen arren, ez al luke klubak ahalegina egin behar? Ez al da fitxaketa estrategikoa? Baina edozein preziotan egin beharreko apustu al da? Kontua da Beñat ona dela, eta Athleticen hobetu egingo lukeela taldearen maila.
Ziur ez dela ezer falta?
Aukeran, Marcelo Bielsak atzealdearen ezker hegala indartuko luke. Azken partidetan, halere, argi ikusi da ez dagoela baleko ordezkorik zelai erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu