ZIZTU BIZIAN. ESPAINIAKO VUELTA. Garaipen bat,bi garaile

Xabier Usabiaga.
2003ko irailaren 10a
00:00
Entzun
IUnai Etxebarriak David Etxebarriari zor dio atzoko garaipena, Davidek lortu izan balu, Unairi zorko ziokeen bezalaxe. Norberak egindako ahaleginaren adinako meritua izan zuen atzo ihesaldian taldekide bat izateak. Eta Unaik izan zezakeen taldekiderik onenarekin egin zuen topo.

Batetik, David azkarra izanik ere, esprinta beti azken aukera izan ohi delako eta aurretik saialdia egitearen erantzukizuna berea zelako. Bestetik, David ez delako edonor. Tropelean beldurra eragiten duen ziklistetako bat da abadiñarra atzokoa bezalako ihesaldietan. Beste edonork ez zukeen Daviden errespeturik sartuko ihesaldian, beste edonork ezingo ziekeen Davidek bezain azkar eta ondo erantzun eraso kolpeei.

Lotuta gelditu ziren, beraz, Euskaltel-Euskadiren estrategia bikainarekin euren iheskideak, irtenbiderik gabe. Unairen atzetik abiatzea Davidi garaipenerako bidea leuntzea zen, porrot segurua. Horregatik, atzo lortutako garaipena biena da.

Fassa Bortolo taldearen ahuleziak ere izan zuen zerikusirik Unairen garaipenik handienean. Etapa Escudo mendatea pasatu eta tropelarekin bat egindakoan amaitzen zelakoan egon ziren Petacchiren taldekideak. Ondorengo ibilbideari eta lanari ez zioten behar bezalako arretarik eskaini. Italiarra tropeleratzeko berebiziko ahalegina egin zuten Fassa Bortolo taldeko txirrindulariek, eta hantxe kiskali ziren, ezertarako gauza ez zirela gelditu ziren ondoren. Saihetseko haizeak ileak doi-doi orrazteko moduan jotzea nahikoa zen atzean gelditzeko. Bost taldekide, bost, heldu zitzaizkion Petacchiri atzeratuta. Egoera hartan ezin zuen azken kilometroetan esprintik prestatu, kontua ez da Aitor Gonzalez eta Dario Frigo itsu-itsu esprinterako lanean jartzea.

Fassa Bortolok ez zuen lanik egin, eta beste esprinterren taldeek ere ez. Petacchik izua eragiten du eta mundu guztiak zekien Telekomek edota Alessiok gizendutako zerriak jale bakarra izango zuela. Etxeko teilatura harrika aritzea ez da komeni, lehen ere nahikoa itogin badago-eta.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.