Isidro Nozali ez zaio nahi ordurako amaituko Vuelta, ogirik gabeko eguna baino luzeago ari zaio egiten. Gijondik irten zenetik goitik behera egin du bere sasoiak, indarrak akitu egin zaizkio. Bilakaera naturala da. Ustekabean etorritako erantzukizunak higadura are handiagoa eragin dio gainera. Lidertzak bere izaera lasaia lapurtu dio, ez dago eroso, argi gehiegi sumatzen du bere inguruan, begirada sobera gainean, itxaropen larregi berarengan. Ez zegoen zeregin horietarako prestatua, eta ikasgai gehiegi izan du denbora gutxian ikasteko. Akatsak egin ditu, baina azterketa ondo gaindituko du. Garaipena berea da.
Urduritasunak engainatu du birritan Nozal. Aurrena, Sierra Nevadan, bigarrenik, Navacerradan. Igoera bietan aurretik atzerako ibilera izan du, berea ez zen karrera korritu nahi izan du, komeni ez zitzaion jokoan sartu. Igor Galdeanok indar gutxiago izan du, baina eskarmentu gehiago eta pareko emaitza lortu du etapa bietan. Horrek adierazten du Nozalen akatsa. Ziklismoa gaitasuna neurtzen duen kirola izanik, gutxiago dena menderatzea da logikoena.
Atzo, une batez, harenak egin zuela pentsatu nuen. Herasi segi beharrarekin ito eta arnasik gabe gelditu zen. Taldekideei segitzeko gauza ez zen, eta arazo fisikoak baino gehiago psikologikoak ekar ziekiokeen galbidea. Burutazio ezkorrak kontrolatzen ez bazituen Herasek eta Kelmek piztutako suak erreko zuen. Marcos Serranok zerbait xuxurlatu zion belarrira orduan, laguntza fisikoa baino psikologikoa behar zuela usteko zuen hark ere. Flakiak jotzen ez duen bitartean gorputzak antzeko mailari luze euts liezaioke, baina konfiantza galtzen denean, ahalmen oro alferrik izaten da.
Nozalek atzo eman zuen irudia ez da zaleak itzuli handi bateko lider bat irudikatzen duenean ikusten duena. Bere aurretik 20 lagun ikusteak sinesgarritasuna kenduko dio, baina ezin dugu ahaztu lehenbiziko postua ez duela opariz jasoa, izerdiz lortua baizik. Vueltak, azken batean, merezi duen garailea izango du, dohatsua baino gehiago saiatua. Eta ni asko poztuko naiz haren garaipenaz.>
ZIZTU BIZIAN. ESPAINIAKO VUELTA. Liderrarennegarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu