ZIZTU BIZIAN. EUSKAL BIZIKLETA. Kolpeak

Xabier Usabiaga.
2004ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Euskal txirrindularitza ubelduta dago, aspaldian jaso dituen kolperik latzenak eta kupidagabeenak jaso zituen atzo. Susmopean egongo dira aurrerantzean baimendutako hematokrito portzentaia ustekabean gainditu zuten hiru ziklistak. Errudun direla frogatu gabe ere, kendu ezingo duten orbana geldituko zaie palmaresean. Eta ondorioak are okerragoak izan daitezke. Euskaltel-Euskadiren kasuan Tourra egon liteke jokoan. 1999an arazo berdinagatik utzi zuten at Francesco Casagranderen Vini Caldirola. Suitzako itzulian Serguei Gontxarrek baimendutako hematokrito portzentaia gainditzea nahikoa izan zen Tourreko antolatzaileen zitalkeria talde guztiak sofritzeko. Orduan, baina, 98ko Festina afera puri purian zegoen eta Tourrak neurriz kanpo jokatu zuen. Oraingoan, ez du halakorik egin bide, gehienez ere txirrindulariari jarriko diote debekua.

Baqueren kasuan, beharrezko dituen babesleak uxatzeko nahikoa izan daiteke atzo harrotutako hautsa.Beste kolpe mingarria Joseba Belokik hartu zuen. Itxaropen errainu bat ekarri zuten haren hitzek herenegun («Euskal Bizikleta irabazi nahi dut»), baina printza artifiziala zen. Aurreko urteetan lotura zuzena ezarri zuen Euskal Bizikleta eta Tourreko podiumaren artean. 2001ean bigarren sailkatu zen hemen eta hirugarren Tourrean: 2002an zortzigarren hemen (Arraten irabazi zuen) eta bigarren Tourrean; iaz bigarren hemen (Arraten gailendu zen) eta Tourrean ere, eroriak erori, sasoian zen. Aurten pattal dabil. Denboraldi hasieran, iazko Tourreko eroriaren orbainak sortu zizkion buruhausteak. Orain, berriz, alergiak ernatu zaizkio. Arazoek ez dute amaierarik, eta Tourra gainean da.

Kolpe gozagarriak ere izan ziren ordea, zorionez. Euskaltel-Euskadi, Liberty eta Saunier Duvalen arteko lehia zoragarria izan zen Ubalen eta karreraren nondik norakoa erabakita gelditu zen, nire ustez. Saunierrek lidertzari eutsi nahiko dio eta euts diezaioke, Perdiguero azkarra da eta. Libertyk, Haimar Zubeldiak erlojupekoan lor dezakeen abantailaren beldur, hautsi egin nahiko du eta erasoari ekin diezaioke. Baina, Euskaltel-Euskadik erasoak lotzeko adina gaitasun eduki badauka, eta eurentzat, Haimarrentzat, izan daiteke itzulia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.