Zubia. ACB ligako hiru euskal taldeek hartu dutena. Zubia, oporrak ez esateagatik, hirurek galdu egin dutelako, eta normalean oporretatik etxera bueltatzen den bezala bueltatu direlako: sosik gabe eta triste aurpegiarekin. Toki bakoitzean, ordea, ezberdina da irakurketa, baina non begiratu, eguraldia bezala dago giroa. Izoztuta alde batean, eta bero-bero bestean. Elurra aste batean, hego haize zakarra hurrengoan. Izoztuta daude Katsikaris eta Ivanovicen fedea, berotuta Bilbo eta Gasteizko prentsa eta zaleak. Izoztuta Donostian, garaipena lapurtu zietelako Badalonan. Epaileek legea partekatzen dutela sinetsita, baina amorruaren beroari eutsi ezinik. Ez baitago ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik.
Gertaera arraroak. Lagun Arok hamar punturen aldeari ihes egiten utzi zion bitan Badalonan. Ados. Azken laurdenean hirukoak izan ziren saskiratzeko bide bakar, eta hori loteriaren parekoa da askotan. Ados. Baronen puntuak eta Salgadok Josep Franch gazteari defentsan emandako erraztasunak garesti ordaindu zituen. Ados. Baina hori baino erabakigarriagoa izan zen epaileen lana. Hirugarren laurdenean zortzi falta adierazi zizkioten Lagun Arori, eta bakarra Joventuti. Epaileek falta kopurua orekatzeko joera nabarmena dute beti, eta azken laurdenean Lagun Aroren alde egingo zutela pentsatu zuten askok, baina berriro ere kontra: bost falta Lagun Arori, eta bakar bat ere ez Joventuti. Bi falta adierazi zizkioten Joventuti hogei minutuan, hamabost Lagun Arori! Ez da normala, ezta? Doblasen laugarrena Anna Cardusek bakarrik ikusi zuen. Baroni ez zioten aldeko falta bakar bat adierazi, baina egin zizkioten, eta bat baino gehiago. Ezpainean hiru puntu eman zizkioten. Akaso muturreko bat eman zion Baronek berak bere buruari ezpainean... Kiko de la Maza bizkaitarra zen epaile nagusia. Kasualitatea?
Kateatuta. Hogei punturen aldeagatik galdu zuen Baskoniak Sevillan. Muturreko handi samarra Europako liga indartsueneko liderrarentzat, baina porrot argi horrek ez du hainbesteko harrabotsik eragin. Halako zerbait gerta zitekeela espero zuten askok, Baskonia hondoa jota dabilelako, eta Cajasolen aurkako partida tramite hutsa zelako etzi Gasteizen izango duen partida gogoan. Ostegunean galtzen badu, kontuz, suziriak egongo dira-eta Gasteizen. Sevillan has zitekeen indarberritzea, berriro ere Baskonia izan dena izateko borroka, baina ez zen hasi, eta ostegunean hasten ez bada, agian ez da sasoi honetan hasiko. Bi datu, taldeko hainbat jokalariren nagikeria azaltzeko: erasoko 22 errebote berreskuratu zituen Cajasolek, eta Baskoniak hemezortzi baloi eman zituen. 40 jabetza gehiago ematen dituen taldeak ezin du irabazi. Los Angeles Lakersek munduko talde txarrenaren aurka jokatuta ere ez!
Itzalaldiak. Bizkaia Bilbo Basketeko Fotis Katsikaris entrenatzaileak black outs hitza erabili zuen, bere taldeak dituen kontzentrazio hutsak azaltzeko. Presioak itotzen omen ditu jokalariak, eta asmatu ezinik, garaipenek ihes egiten dute. Katsikarisen aulkia ere dantzan egon liteke martxa honetan. Mumbru kantxaratu zuen azken minutuetan kataluniarrak oso partida eskasa jokatu arren, eta Aaron Jacksoni eman zion aginte makila. Estatubatuarrak kale egin zuen berriro, eta ez da aurreneko aldia, eta Mavroeidis-Sonseca pibot parearen ekarpena aztertzeko tarte handiagoa behar da, orri oso bat edo.
Premia handiko derbia. Bizkaia Bilbo Basketek Baskonia hartuko du igandean Miribillan. Apustua egin eta asmatzen duena, aberats, biak baitabiltza pattal samar. Apustuzaleentzako aholkua: itxaron dezatela ostegun iluntzera arte, Baskonia eta Khimkiren partida bukatu arte. Hango emaitza izango da Bilbokoa ere, ziurrenik.
Zonakako defentsa
Izoztuta eta bero-bero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu