Zorabio barik, aurrera

Athletici aurrerapausoa emateko unea iritsi zaio, eta bide horretan, hiru puntu lortzeko aukera aproposa du bihar

Fernando Llorente, Athleticek aurreko jardunaldian Racingen aurka sarturiko goletako bat ospatzen. L. JAUREGIALTZO / ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Athletic Europako postuetara salto egiteko«ondo kokatuta» dagoela esan du asteon Andoni Iraolak. Baina sarritan ez da erraza izaten pauso hori ematea. Gertu egon arren, talde askorentzat ezinezkoa izaten da. Salto handiegia da. Athleticentzat ere ez da pauso erraza. Azken denboraldiotan sailkapeneko sei onenengandik gertu egon da talde zuri-gorria, baina ezin izan du Europarako postuetan bukatu. Horregatik da norgehiagoka garrantzitsua Herculesen kontrakoa. «Aukera ona daukagu Europako postuetan sartzeko, baina gisa honetako aukerak kontrako eztarritik joan zaizkigu beste batzuetan», adierazi zuen atzo Fernando Llorentek.

Okerrik ezean, hasieratik arituko da Llorente Herculesen kontra. Albiste ona da Caparrosentzat. Etxean, aurkariak atzean sartzen direnean, ezinbestekoa baita aurrelari errioxarraren ekarpena arriskua sortzeko. Baina ez da sasoi betean egongo. «Aste guztian lan gogorra egin dut osatzeko. Jokatzeko moduan egotea espero dut. Baina nik egunero entrenatzeko premia daukat itxura ona emateko, eta azken aste hauetan ez dut aukerarik izan». Beraz, ezingo zaio eskatu denboraldi osoan bezain ondo jokatzeko. Bide batez, bere etorkizunaren gaineko zurrumurruekin eta Athleticekin duen konpromisoaren gaineko kontuekin «nazka-nazka» eginda dagoela nabarmendu zuen, eta dagoeneko «talde handi batean» badagoela

Llorentek jokatuko du, eta haren alboan Toquero ere parte hartzeko moduan egotea espero da. Izan ere, bere postu-kidearen antzera, aurrelari gasteiztarrak ere atzo egin zuen lehen lan saioa taldearekin. Ez zuen amaitu, gainera. Jokatzerik ez badu, Igor Martinezen eta Diaz de Zerio itzuli berriaren artean aukeratu beharko du entrenatzaile zuri-gorriak hasieratik aritzeko.

Erasoko jokalariekin makina bat kontu izan du asteon Caparrosek, baina atzelariek ere eman diote buruko min bat baino gehiago. Izan ere, Ociok uste baino min handiagoa dauka Racingen kontra mindu zitzaion oinean, eta ezin izango du jokatu. San Josek, berriz, hobeto dauka bizkarra, eta hamaikakora bueltatuko da, partida bateko zigorra bete ondoren. Malagan gertatu zen legez, Ekiza izango da haren bikotekidea atzeko lerroaren erdialdean. Gainerakoak ohikoak izango dira.

Hercules, kanpoan ahul

Herculesek, gaur egun, zerikusi gutxi du ligako lehen partidan Athleticen aurka galdu zuen talde harekin. Lehen Mailarako bueltan, taldea itxuraldatzeko eta indartzeko fitxatutako futbolarien laguntza barik aritu zen Alacanteko taldea zuri-gorrien aurka. Itxura eskasa eman zuen, eta asko egin barik irabazi zuen Athleticek. Trezeguet eta Valdez lanean hasi zirenetik, berriz, beste itxura bat eman du Estebanek zuzentzen duen taldeak. Hala ere, bi aurrelari bikainen ekarpena ez da nahikoa izan etxetik kanpo itxura ona emateko.

Athleticen antzera, ezinean aritu da Hercules Rico Perezetik urrun jokatu duen bakoitzean. Futbolmundua zur eta lur utzi zuen Camp Nouko garaipen harrigarria lortu zuenetik, puntu bakarra eskuratu baitu kanpoan jokaturiko hurrengo zortzi partidetan. Aurkariaren bolada txarra luzatzeko ohikoa egiten ahaleginduko da Athletic: erritmo biziz jokatu eta gola azkar sartzen. Esatea da erraza, baina talde gutxik lortzen dute hala egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.