Zozketak erabaki du. Frantziako Tremblay izanen da Amaya Sport San Antonioren aurkari, Europako Errekopako finalerdietan. Bertze kanporaketa Gummersbachek (Alemania) eta Vardar Skopjek (Mazedonia) jokatuko dute. Joaneko partidak hilaren 23an edo 24an izanen dira, eta itzulikoak, berriz, hilaren 30ean edo maiatzaren 1ean. Nafarrek etxean jokatuko dute lehendabiziko partida.
San Antonioko kideek kontent hartu dute zozketaren emaitza, finalerdietan ez baitzuten ari nahi Gummersbachen aurka. Zoria alde izan dute. Alemaniako taldea izan zen aurreko denboraldian iruindarren borrero Europako Errekopako finalerdietan. Ez da harritzekoa, beraz, San Antoniok harekin berriz gurutzatzeko gogorik ez izatea. Bertzalde, egin beharreko bidaiari dagokionez, aurkaririk erosoena da frantziarra, eta hori ere kontuan hartzeko elementua da, batez ere orain, denboraldi osoko nekea pilatzen hasten denean.
Tremblay ez da ibilbide oso luzeko taldea, baina sortu zenetik, 1972. urtean, gora egin du urtetik urtera. 2004-2005ko denboraldian lortu zuen maila nagusira igotzea, eta, aurreko sasoian, jada, hirugarren sailkatu zen bere herriko ligan. Denboraldi honetan, hala ere, ez dabil hagitz fin. Zazpigarren da sailkapenean, Chambery liderrarengandik hamazazpi puntura. Hamazazpi partida jokatu ditu Ligan, orain arte, eta haietako zazpi irabazi, bertze zazpi galdu, eta hiru berdindu egin ditu.
Europan bigarrenez ari da Tremblay sasoi honetan. Aurrekoan, Europako Errekopan ere aritu zen, eta final-laurdenetara iritsi zen. Kanporaketa horretan Asobal ligako Granollersek utzi zuen lehiaketatik kanpo. Finalerdietara pasatu izana, beraz, marka bada Tremblayrentzat. Bidean, Aalsmerr (Herbehereak), Balatonfueredi (Hungaria) eta Drott Halmstad (Suedia) kanporatu dituzte frantziarrek.
Talde beteranoa osatzen dute Stephane Imbrattak zuzentzen dituen jokalariek: 30,6 urtekoa baita banaz bertzeko adina. Hasierako zazpikoa jokalari hauek osatzen dute: Sebastien Mias atean; lehen lerroan, Romain Guillard ezker albokoa, Sebastien Mongin erdikoa eta Arnaud Bingo eskuin albokoa; eta bigarren lerroan, berriz, Teddy Poulin ezker hegalekoa, Benoit Peyrabout pibota eta Ibrahima Sall eskuin hegalekoa.
Zozketaren berri izan eta gero, kontent agertu zen San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxea. Kontuz ibiltzeko beharra azpimarratu du, hala ere, eta kanporaketa «irekia» ikusten duela gaineratu du. Etxeko partidan kanporaketa bideratuta uztea izanen da iruindarren helburu nagusia, entrenatzaileak nabarmendu duenez. Tremblay da finalera ailegatzeko gainditu beharreko azken koxka, eta nafarrak, zalantzarik gabe, gogor saiatuko dira txapelketatik at uzten.
Gaur, Espainiako Kopan
Europako Errekopa, hala ere, ez da San Antonioren aste honetako lehentasuna. Gaur Espainiako Kopako final-laurdenetako partida jokatuko dute iruindarrek, 21:00etan, Vigon (Galizia), Ciudad Realen aurka. Berriki, duela bi aste, Ligan mendean hartu du San Antoniok Ciudad Real, baina Apezetxearen jokalariek badakite hagitz zaila izanen delaaurkaria bigarrenez ezustean harrapatzea. «Ia ezinezkoa», onartu du Santi Urdiales hegalekoak.
San Antoniok, hala ere, galtzeko deus ez du, eta, irabazteko, anitz. Presioa Ciudad Realek izanen du, eta horrek, zalantzarik gabe, Iruñeko taldeari eginen dio mesede. «Ez dugu txapela irabazteko ardurarik, eta hori ona da».
Zoria alde izan du San Antoniok
Nafarrek Tremblay Frantziako taldearen aurka ariko dira Europako Errekopako finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu