Zoriontsu dago Ekaitz Saralegi (Amezketa, Gipuzkoa, 1979). Astelenako kantxan barrena ibiltzen oraindik ere zoriontzen duenik badago, eta enpresa kideengana gerturatzen denean solasgai bakarra du. «Negar pixka bat egiten dute, kexaka dabiltzanean. Zailena umeak isiltzea lortzea da, eta nik pazientzia askorik ez dudanez, kar, kar...». Auritz eta Itzelez mintzo da, bere bikotekide Ainararekin izandako seme bikiak. Abuztuaren 29an jaio ziren, bina kilo eta erdiko pisuarekin, eta aitaren arreta osoa eureganatu dute azken hilabete eta erdian, eta, bide batez, lau t'erdikorako prestaketa baldintzatu.
Oso pozik dago Saralegi, nabari zaio, baina aita izan berri denaren nekea sumatzen ari da. Ez du ageriko betzulorik, baina gauak luzeak izaten dira, are gehiago haurrak bi direnean. «Umeekin nekea pilatzen da, badakizu, gauza bat ez denean beste bat da, gauak, fardelak...». Aurrelari trebea da, artista, eta fardelgintzan nahiko ondo konpontzen dela dio harro. «Lehen egunetik hasi nintzen, ospitalean bertan, gainera, birekin lehenago ikasten da».
Umezalea da, eta gustura dabil biekin, eta ondo daki bizitza aldatu zaiola. «Ilobekin eta gustura ibiltzen nintzen; gustuko ditut umeak, baina horiek gero etxera joaten ziren. Orain desberdina da, erabat, baina oso pozik nago».Eibarko pilotalekuko harmailetan eserita, Roberto Garcia Ariño Asegarceko teknikaria pasatu da albotik, eta pilotariari esan dio: «Zer ari zaizu galdetzen? Fardelak ea nola aldatzen dituzun? Hori praktikarekin ikasten da». Ez dago beste gairik, etzi Idoateren aurkako lau t'erdiko txapelketako partida ez balu bezala. Irabazten badu aitak badauka nori eskaini garaipena.
Lau t'erdikoa serio prestatu izan du urtero. Askotan abuzturako lan berezitua egiten hasia zen. Entrenamendu asko, fisikoa zaindu... Normala da, bere ezaugarrietara ondo egokitzen den distantzia baita. Aurten, halere, dena da desberdina. «Inoiz baino gutxiago entrenatu naiz. Semeekin ez da erraza buru-belarri aritzea, ia denbora guztia hartzen dute. Pilota garrantzitsua da, baina are gehiago familia».
Egunotan pilaturiko nekeak ere ez dio mesederik egin, eta bi pilotaleku saio motz baino ez ditu egin txapelketa prestatzeko, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olaetxearen aurka. Horrez gain, abuztuan ia hogei egunez geldirik egon zen kailuko minez. Azken asteetan partidak jokatzeko eskatu ditu erritmoa hartzeko, baina horrekin ez da aski. «Ez naiz iritsi nik uste bezain ondo, baina jokatu jokatu egin behar da, eta ilusioz nago, lau t'erdia gustatzen zait».
Pilotari urduria da Amezketakoa. Lau t'erdikoa da Lehen Mailan hasieratik jokatzen duen txapelketa bakarra, eta presioa sumatu izan du. Behin baino gehiagotan pasatu zaio partidak alde handiarekin irabaziz joan eta gero galtzea. Aitatasunak txapelketarekin ez itsutzea eragin dio, eta mesede egin diezaioke. «Egia esan inoiz baino gutxiago pentsatu dut pilotan, eta lasai iritsiko naiz partidara. Beste urte batzuetan, asko prestatu ondoren lehen partida galdu izan dut; nork daki, agian aurten aurrera egingo dut».
Kaiolarako dohainak baditu, baina urtero izen handiek eten dute bere bidea: Irujok, Xalak, Barriolak, Olaizola I.ak... Zer behar du gutxienez final-laurdenetako lehian sartzeko? «Guk urte osoan Bigarren Mailan jokatuta, gero Lehen Mailako aurkaria jarri eta nabaritzen da aldea. Gero, puntakoek, beste motor bat dute, nik ez dudan kolpe bat». Aurten bi zale gehiagoren bultzada izango du alde hori txikitzeko.
Lasa faborito Antzuolan
Lau t'erdiko txapelketa gaur hasiko da, Antzuolan (Gipuzkoa, 22:15, ETB1). Aritz Lasak eta Mikel Urrutikoetxeak lehen faseko kanporaketa jokatuko dute. Zalantza askoko partida da, Lasak pilotakada jaso zuen buruan duela hilabete, eta orduz geroztik partida bakarra jokatu du, eta ezin izan du txapelketa prestatu. Mikel Urrutikoetxea, berriz, justu-justu iritsi da, zuntz haustura egin baitzuen eskuineko izterrean. Lasa da faborito, eta irabazleak Retegi Bi izango du aurkari.
Zorion nekea
Ekaitz Saralegi bikien aita izan zen abuztuaren 29an, eta aitatasun lehen asteek lau t'erdiko txapelketarako prestaketa lana baldintzatu dute. Halere, jaioberriek txapelketako presioa aldentzen lagundu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu