Zorionaren zenbakiak

Bigarren Mailatik igo eta Lehen Mailan sendotasuna erakutsi du Realak 2010ean, batez ere harrobiko jokalariekin lan eginezXXI. mendeko urterik gozoenetakoa izan da Realarentzat gaur bukatuko dena

Realeko jokalariak Bigarren Mailako azken partida jokatu ondoren, igoera ospatzen, Anoetako estadioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Futbol taldeek denboraldi bukaeran atera ohi dituzte ondorioak, eta ez urte bukaeran. Lehiaketa amaitzeaz bat hasten dira azterketak: zenbat helburu bete diren eta zenbat ez, zertan asmatu den eta zertan kale egin. Partida guztiak desberdinak badira, zer esanik ez denboraldiak: bakoitzak ditu bere ezaugarriak, eta batetik bestera gorabehera ugari egon daitezke. Realaren kasuan, ordea, ez da hala. Igoera lortuta egin behar zena egin zuen, eta gehienek espero zutena baino maila hobea ematen ari da orain. Zalantzarik gabe esan daiteke 2010 izan dela aspaldian Realaren urterik gozoena. Hona hemen taldearen loteriaren zenbakiak.

74 Iragan sasoian lortutako puntu kopurua. Hirugarrengoan lortu zuen Lehen Mailara itzultzeko helburua. 68 puntu erdietsi zituen 2007/08an, eta 67 2008/2009an. Ia hasieratik hartzen zitzaion taldeari oso traza ona. Lehen jardunaldietan pattal aritu ondoren, seigarren jardunaldian sartu zen igoera postuetan. Itzuli osoa pasa ondoren, hain justu, Anoetan Numantzia mendean hartu, aurreneko postuan sailkatu, eta bukaera arte eutsi zion. Martin Lasartek argi utzi zuen, azken jardunaldietan txapelketa eskuratzea zela helburua.

13 Ustez balbea dakarren zenbakiak zortea ekarri dio Realari, hori baita taldeak 2010ean Anoetan lortutako garaipen kopurua. Azken denboraldietan asko sufritzen ari zen etxean, eta nagusitasuna berreskuratzea izan zen igoeraren gakoetako bat. 50 puntu pilatu zituen bertan azken denboraldian, aurrekoan baino 17 gehiago. Aurkari zuzen guztiek amore eman zuten Donostian, Elxek izan ezik. Lehen Mailan ere bide beretik doa, puntu gehienak bertan lortu baititu. Bost garaipen daramatza, horietako batzuk talde zailen kontra, hala nola Vila-real eta Athletic.

7 Iragan sasoian gehien jokatu zuten hamar jokalariren artean, harrobikoen kopurua. Zubietan hazitako jokalariek zeresan handia izan zuten igoeran. Ansotegi izan zen talde osoan minutu gehien pilatu zituena, Rivas eta Prietoren aurretik. Azken aurreko jardunaldian ziurtatu zuen igoera Realak, Celta 2-0 menderatuta, eta norgehiagoka horretako deialdian harrobiko hamamalau jokalari zeuden. Denboraldi honetan ere, apustu horri eusteko ausardia izan du zuzendaritzak. Valentziaren aurka, urtea agurtu zuen partidan, esaterako, zortzi izan ziren hasierako hamaikakoan etxeko jokalariak.

4,2 milioi euro: Realak udan fitxaketetan gastatutakoa. Pentsa liteke kopuru handia ez dela, igo berriek derrigorrez inbertitu behar izaten dutelako Lehen Mailan lehiatzeko, edo joera hori dagoelako, behintzat. Hala ere, beste hainbat faktore kontuan hartzen baldin badira, gastu aipagarria dela esan daiteke. Izan ere, kluba desagertzeko zorian egon omen zen ez aspaldi, duela gutxi atera zen konkurtso legetik, eta zorra kitatu beharko du datozen urteetan. Realak baino gutxiago gastatu zuten hamaika talde izan ziren, guztira, Lehen Mailan. Joseba Llorente da (2,5 milioi) kirol zuzendaritzaren apustu nagusia, eta jarraitzaile askoren idolo berria.

1,37 Reala batez beste partida bakoitzeko sartzen ari den gol kopurua. Zenbakia begiratuta ez dirudi apartekorik, baina aurreko denboraldiarekin alderatzen baldin bada, gauzak zeharo aldatzen dira, Bigarren Mailan baino gol gehiago sartzen ari baita taldea Lehen Mailan. 1,21ko batez bestekoa izan zuen iragan denboraldian. Zuzendaritzak erasoa indartzeko egindako ahaleginak emaitza onak eman ditu orain arte, hamasei jardunalditan 22 aldiz zulatu baitu atea Realak. Zortzigarren talderik onena da alor horretan. Jokalari bakar batekiko mendekotasunik ez du erakutsi, gainera. Llorente eta Prieto dira erreferentziak, launa golekin, baina hamar jokalarik sartu dute gola guztira.

7 Griezmannek egun elastikoan daraman zenbakia. Azken denboraldian 27.a zeraman, eta orduan egindako lan zoragarriari esker lortu zuen lehen taldean finkatzea, eta baita erabakigarri bihurtzea ere. Jokalari gazteentzat bigarren urtea zailena dela uste ohi da, baina Lehen Mailari ondo hartu dio neurria, eta lehen bezain lotsagabe jokatzeaz gain, defentsan ere ahalegintzen ari da. Realaren aurtengo arrakasta kolektiboa da, beste edozerren gainetik, baina zaleei galdetuz gero, gehienentzat Griezmann izango litzateke 2010eko jokalaria, ekarri duen alaitasunagatik eta freskotasunagatik. Ezker hegalean taldean zuen arazoari erantzuna eman dio.

25.875 Realak egun daukan bazkide kopurua. Pasa den astelehenean hasi zen abonamenduak berritzeko kanpaina. Bigarren Mailako garairik latzenetan ere, zaleek ez zuten taldea bazterrean utzi. 15.000 ikusle leial izan zituen batez beste, Lehen Mailako zenbait zelaitan baino gehiago. Emaitzekin batera, gainera, bazkide eta ikusle kopurua nabarmen hazi zen, eta festa giroa nagusitu zen Anoetan. Lehen Mailan ere, taldeak ez du babes faltarik sumatu. Real Madril zein Athleticen aurkako norgehiagokak festa hutsa izan ziren, 30.000 ikusle baino gehiagorekin.Berdin jarraitzea litzateke seinalerik onena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.