Zoritxarrari ihes egin ezinik

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Juan Martinez de Irujok jokatuko du Mikel Idoateren aurka Buruz Buruko finalerdietan. Iberokoa final-laurdenak jokatu gabe sailkatu da. Yves Salaberri Xala-ren aurka zen jokatzekoa atzo Bilbon, baina Lekuinekoak uko egin zion jokatzeari, lunbalgiak jota baitago.

Aspek jakinarazi duenez, Xalak herenegun arratsaldean izan zituen lunbalgiako lehen arazoak. Hori ikusita, Lekuinekoak froga egin zuen atzo goizean Bizkaia pilotalekuan, Irujoren aurka jokatzeko moduan izan zitekeen edo ez jakiteko. Baina froga egiten hasi, eta berehala jabetu zen minak bere horretan jarraitzen zuela eta horrela ezinezkoa zela final-laurdenetako partida jokatzea. Hala, uko egin zion Irujoren aurka jokatzeari. Buruz Buruko txapelketako araudiaren arabera, Xalak bazuen aukera atzerapen bat eskatzeko, baina Lekuinekoak aukera hori baliatu zuen jada joan zen astean. Orduan, gripeak jota zegoen, eta hilaren 20an jokatzekoa zen partida atzeratzeko eskatu zuen. Aukera hori behin baliatuta, Xalak ezin zuen berriro atzerapenik eskatu. Beraz, final-laurdenak jokatzeari uko egitea beste aukerarik ez zuen. Eta hala egin zuen, bere kalterako, eta Irujoren mesederako, Iberokoa jokatu gabe sailkatu baita finalerdietarako.Irujo Idoateren aurka ariko da datorren astean finalerako toki bat lortu nahian. Atseden hartuta ariko da. Atzo, halere, Laskurainekin jokatu zuen, Titin III.a-Zubietaren aurka, final-laurdena bertan behera geratu ondoren Aspek antolatutako binakako partidan. Fresko aritu zen.

Olaizola II.a eta Retegi Bi, gaur

Gaur, berriz, Iruñean da partida. Aimar Olaizola eta Julen Retegi izango dira aurrez aurre. Partida horrek ere izan du jada atzerapenik, joan zen astelehenean baitzen jokatzekoa, Tolosan (Gipuzkoa), baina bertan behera geratu zen, Olaizola II.ak mina baitzuen ezker eskuan eta lehia atzeratzeko eskatu baitzuen. Gaurko irabazleak Oinatz Bengoetxea izango du aurkari finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.