Zoritxarreko marka

Athleticek orain dela 31 urte lortu zuen orain baino puntu marka eskasagoa lehen lau partidetan

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Puntu bakar bat; horixe da Athleticek Espainiako Ligako lehen lau partidak jokatuta bildu duen uzta eskasa. Oso atzera egin behar da talde zuri-gorriak txapelketa okerrago hasi zuen azken aldiaren berri izateko; 31 urte luze, hain zuzen ere. 1979-1980 denboraldian izan zen. Orduan Ligako aurreneko lau partidak galdu zituen Helmut Senekowicth austriarrak zuzentzen zuen Athleticek: Salamanca (2-1), Reala (0-1), Hercules (2-1) eta Sportingen aurka (2-3). Bosgarren jardunaldian lortu zuen lehen puntua, Burgosen zelaian berdinduta. Zorionez, zuri-gorriek gora egin zuten lehiaketak aurrera egin ahala, eta zazpigarren postuan amaitu zuten Liga.

Orain bederatzi urte ere Athleticek aurten bezala hasi zuen Liga, lehen lau partidetan puntu bakarra lortu baitzuen. Estreinako jardunaldian 4-2 galdu zuen, Realaren aurkako derbian, eta astebete geroago 0-2 Bartzelonaren aurka. Hirugarren neurketan lortu zuen lehen puntua, Sevillaren zelaian (1-1). Laugarren jardunaldian, ordea, berriro galdu zuen, etxean, Mallorcaren aurka (0-2). Bosgarren jardunaldira arte ez zuen irabazi taldeak lehen partida: 1-2 Huelvan (Espainia), Recreativoren aurka. Hortik aurrera txukunago aritu zen, eta azkenean zazpigarren postuan amaitu zuen Liga. Jupp Heynckes zen entrenatzailea. Beraz, talde zuri-gorriak izan dituen bi denboraldi hasiera eskasenetan gora egin du gero, eta zazpigarren postuan amaitu du txapelketa. Gaur-gaurkoz, sailkapena nola dagoen ikusita —jaisteko postuetan da Athletic—, jarraitzaile zuri-gorri batek baino gehiagok sinatuko luke sasoia zazpigarren postu horretan amaitzea. Aurreko denboraldian, esaterako, postu horrek Europako Ligarako txartela eman zuen.

Urrutia: «Hobetuko dugu, ziur»

Marcelo Bielsak abian jarritako proiektuaren inguruko zalantzak handituz doaz. Hala ere, Josu Urrutia, entrenatzaile argentinarra Athleticera ekarri zuena, sinetsita dago taldeak gora egingo duela. «Bolada hau eten behar dugu lehenbailehen. Jendeak argi izan dezala taldeak ez duela amore emango. Konfiantza dugu taldearengan, talde ona dugulako eta hobetu egingo dugulako». Hori hala izatea komeni zaio Urrutiari, ate-joka baitu bere lehen bazkide konpromisarioen batzarra klubeko presidentea denetik —urriaren 10ean egingo dute, Euskalduna jauregian—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.