Epai kaskarra egin dio izenak. Lorenzo Fortunatok (Eolo-Kometa) irabazi du Italiako Giroko hamalaugarren etapa, eguneko ihesaldian sartu eta hura amaieraraino eramanda. Fortunatik gutxi izan du garaipenak; kilometro luzeetan ondutako lanak eraman du Zoncolango maldetan lasterketaren buruan egotera, eta azken kilometroetan amorerik eman ez izanak ahalbidetu dio helmugan besoak altxatzea. Zortedun baino, langile aritu da.
Gorriz markatutako eguna zen Giroan, Italiako mendate mitiko eta gogorrenetariko batean amaitzen zelako etapa. Bisitariek jo mugan zuten Zoncolan, eta zer esanik ez italiarrek. Eolo taldeak agerian utzi du hori; gonbidatuta heldu da Girora, lehendabiziko aldiz, eta, galtzekorik gabe, apustu egin du, ihesaldian sartuta. Ondo atera zaio; %27ko maldak heldu aurretik bideratu dute emaitza ona, eta kokapenari zukua atera diote gero. Hamalau etapetatik zazpitan, eguneko ihesaldiko kide bat izan da garaile. Gaur, bere ibilbide profesionaleko estreinakoa lortu du Lorenzo Fortunatok. Haren atzetik sailkatu dira Jan Tratnik, 26 segundura, (Bahrein) eta Alessandro Covi (UAE), minutu batera.
Eguneko ihesaldian 11 lagun pilatu dira, eta zortzi geratu dira Zoncolanen gora hasterako. Tartean ziren Sam Bennet (Deceuninck) eta Bauke Mollema (Trek-Segrafedo). Pixkanaka aletu da multzoa, eta bi lagun geratu dira azkenerako. Fortunato, eta Tratnik. Italiarrak piztu du txinparta, maldan gora, eta esloveniarrak eman dio segida. Haiek biak bakarrik geratu ostean, gorputza behartuta, pixkanaka aldea atera du Fortunatok, garaipena eskuratzeraino.
Ausart jokatzearen saria
Etapako lehen postuetan txirrindulariak helmugara bidean zirela, sailkapen nagusirako lehian makineria martxan jarri du Ineos-Grenadiersek. Gianni Moscon, Jonathan Castroviejo eta Jonathan Narvaez uztarri berean lotu, eta tropelari tiraka jarri da taldea. Helburu argia zuten; Egan Bernalek lidergoa indartzea. Taldeak bidea zabaldu du, eta kolonbiarrak errematatu du. Haien segidan izan dira Simon Yates (Bike Exchange), Hugh Carty (Education First), Alexander Vlasov (Astana) eta enparauak.
Helmugarako kilometro bat falta zela, Yatesek egin du erasora. Britainia Handikoa makal aritu da orain artean, eta behar zuen arriskatu, baldin eta sailkapen nagusian ondo kokatu nahi bazuen. Multzoko denak utzi ditu atzean, liderra izan ezik. Bernalek ondo heldu dio Yatesi, eta ez dio tarterik utzi. Carthy eta Carusok ezin izan diete neurria hartu. Bien bitartean, Remco Evenepoel sufrikario betean zen Zoncolanen. Beste koska bat egin du atzera; jada, flandiarrak ez du zer eginik sailkapen nagusian.
Yatesek, berriz, behetik gora egin du, orain arteko ezkutalditik aterata, eta ausart jokatzeak saria eman dio etapa amaieran. Bigarren dago sailkapen nagusian. Haren aurretik, mailarik onena erakusten ari da Bernal. Kolonbiarrak atzean utzi du Yates, maldan gora, eta elastiko arrosa lotzeko beste erakustaldi bat eskaini du Zoncolanen. Jardunaldiek aurrera, geroz eta bideratuagoa du garaipena. Lehen postuan sendo da Bernal; Yates du orain atzetik (1.33ra), eta Caruso da hirugarren (1.51ra). Vlasov laugarrena 1.57ra dago.
Bihar hamabosgarren etapa jokatuko da, Zoncolango bi bizkorrenen herrialdeetan barrena. Italiako Giroak kiku bat egingo du Eslovenian, eta, hasi bezala, Italian amaitu. Txirrindulariek 147 kilometro osatu beharko dituzte, Grado eta Gorizia artean. Etapa ehiztarientzat aukerakoa da.
Italiako Giroa, 14. etapa
Zortea baino gehiago, lanaren ordaina
Lorenzo Fortunatok irabazi du Zoncolango maldetan, Italiko Giroan; Profesionaletako lehen garaipena du. Egan Bernalek lasterketako lidergoa sendotu du; Simon Yates, bigarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu