Tonto aurpegiarekin hartu zuten etxerako bidea Illunbera joandako zale askok, zazpi mila pasatxok. Lagun Arok partida txukuna jokatu zuelako, beldurrik gabe Europako txapeldunaren aurka, eta galduta zeukan partidari buelta emateko zorian egon zelako azken segundoan. Zorteak ere onenaren epelera egitea erabaki zuen, ordea, eta Baronen hiruko ona saskitik atera zen, barruan zegoenean.
Zortea kontra, eta epaileak ere Lagun Aroren aurka. Gutxitan ikusi da halako haserrerik Illunbera agertzen diren zaleen artean, baina bazuten motibo nahiko, epaileek bere onetik atera zituztelako Lagun Aroko jokalari eta, noski, zaleak. ACB ligan denek ematen dutelako egurra, baina batzuek gehiago emateko baimen ezkutua dutelako. Batzuei erraz adierazten zaizkielako falta teknikoak, eta besteei bi abisu eman, falta teknikoak adierazi baino lehenago. Nori zer asmatu duzue, dagoeneko, ezta?
Bartzelonak bere joko eta baliabideekin partida ezin zuela irabazi jabetu zen, eta neurketa lokaztea erabaki zuen. N'Dongi falta tekniko bat adierazi zioten, baina ez zen minutua pasatu, eta Lagun Arori bi adierazi zizkioten. Alfonso Sanchezi, lehena, itxurak egiteagatik, eta aulkian zegoen Domen Lorbeki, beste bat. Navarrori ere falta polemikoa adierazi zioten hirugarren laurdeneko azken jokaldian, eta puntu bateko beste hiru jaurtiketa oparitu. Zazpi, denera. Aurrea hartu zuen Bartzelonak, eta ez zuen utzi. Lagun Aro partidatik joan zelako.
Epaileen erruz, eta bere erruz. Ez dakielako kontrolatzen ez dituen oztopoei aurre egiten. Bartzelonak, bai, milaka borrokatan baitu eskarmentua. 13 puntuko zuloa ireki zuen, laugarren laurden hasiera bikaina eginda. Lagun Aro jota zegoela jakitun.
Eta, halere, jaiki egin zen Lagun Aro. Baskoniaren aurka astebete atzera egin bezala. Orduan, ordea, ez zuen irabazteko aukerarik eduki. Atzo bai, kemena eta grina jarri zizkiolako luze gogoratzeko azken lau minututan. 13 puntuko kontrako aldeari aleak kendu eta kendu egin zuen bidea, baina azken unean, saskiarekin haserre dabilen Baronek ez zuen penitentziarik lortu, eta bosgarren porrota jarraian utzi zuen Donostian.
Dena ez zen izan galera. Harro egoteko moduko nortasuna erakutsi zuen Lagun Arok, eta minutu askotan Europako txapelduna belaunikarazteko gai dela esan zien partida telebistaz ikusten ari ziren milaka zaleei. Miralles eta Kone erreboteen jabe egin ziren, eta Konek aurre egin zien duintasunez Bartzelonako dorreei. Doblas ere ez zen ondo hasi, baina aginte makila hartu, eta bizkar gainean hartu zuen taldea berriro partidan sartzeko. Panko bezala, Anderson herrikidearekin muturrekoka hasteko gertu. Edo Baron bera, sei hiruko kale egin ostean zazpigarrena asmatu zuelako, eta zortzigarrena asmatzea merezi zuelako. Lagun Arok arazo potolo bakarra du. Partida guztietan jokatu behar dela Bartzelonaren aurka erakutsitako nortasun berberarekin. Bestela jai dagoelako.
Zortea ere kontra
Ondo jokatu du Lagun Arok Bartzelonaren aurka, beldurrik gabe, baina epaileek eta zorte txarrak zigortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu