Kale egin duten apurrak albo batera utzita, zerrendaburu nagusiak bertan direla jokatuko dira Australiako Irekiko final-laurdenetako norgehiagokak, gaur eta bihar. Roger Federer eta Serena Williams zerrendaburu nagusiek atzo lortu zuten zortzi onenen artea aritzeko eskubidea.
Estutasun handirik gabe egin zuten atzo aurrera zerrendaburuek gizonezkoetan. Roger Federerrek Lleyton Hewitt utzi zuen kanpora (6-2, 6-3 eta 6-4). Etxekoen babesean aritzen da Hewitt Australian, baina atzo amore eman behar izan zuen. Novak Djokovicek ere ez zuen partida zaila izan, amaitzea kosta egin zitzaion arren. Lukasz Kubot poloniarrari irabazi zion (6-1, 6-2 eta 7-5). Nikolai Davidenkok ere eman zuen bere sasoi onaren berri, Fernando Verdasco kaleratuta (6-2, 7-5, 4-6, 6-7 eta 6-3). Partidarik gogorrena Jo-Wilfried Tsongak Nicolas Almagrori irabazi ziona izan zen (6-3, 6-4, 4-6, 6-7 eta 9-7).
Emakumezkoetan Williams ahizpak aritu ziren atzo ongi. Biek egin zuten aurrera. Serenak Samantha Stosur austriarra hartu zuen mendean (6-4 eta 6-2), eta Venusek lan gehixeago izan zuen Francesca Schiavone italiarra kanporatzeko (3-6, 6-2 eta 6-1). Li Na txinatarrak Carole Wozniacki danimarkarrari irabazi zion (6-4 eta 6-3), eta Vera Zvonareva errusiarrak Victoria Azarenka bielorrusiarrari (4-6, 6-4 eta 6-0).
Final-laurdenetan ariko direnen artean nabarmentzekoa da bi tenislari txinatar ariko direla: Na Ni eta Zheng. Onenen artean euren tokia egiten ari dira biak, koska bat egin dute gora.
Zortzi onenetan sartuta
Australiako Irekiko final-laurdenak gaur eta bihar jokatuko dira, zerrendaburu nagusiak bertan direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu